Albistea

  • Hezeguneen munduko eguna eta Aieriren berreskurapena

    2022-02-02
    Partekatu - Compartelo

    OLYMPUS DIGITAL CAMERA

    Otsailaren 2an, Ramsar hirian (Iran) 1971n hezeguneen nazioarteko eguna sinatu zela gogorarazten digula aprobetxatuz, planetarentzat hain garrantzitsuak diren baina hain degradatuta dauden zonaldeez ohartarazi nahi dugu, eta benetan duten garrantzia eman.
    Datu bezala, esan behar da, mende honetan Euskal Herriko duna eta hondartzen % 75 desagertu direla. Gure itsaspadurak politikari desarrollisten, espekulazio basatiaren, kutsadura eta ezjakintasunaren biktima dira.
    Urrats bat gehiago eman nahi dugu ekosistema horien balio izugarriaz eta ekosistema horiek berreskuratzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko lanean. Zehatzago esanda, gure hezegune hurbilenean, hau da, Aieriko paduretan.
    Kostaldeko hezeguneak, ur geza eta gazia nahastean, biodibertsitatearen aberastasunagatik ez ezik, itsas organismo askoren freza, hazkuntza eta elikadurarako lekuak ere badira, eta, aldi berean, elikagaiak eta bestelako materialak ematen dizkiote itsasoari. Hori dela eta, oso garrantzitsua da babesa ematea jasaten dituzten hirigintza-garapenen gehiegikerien aurrean.
    Aieriko mareen txandakatzeak, aldian behin, har, molusku eta krustazeo ugariko lohiak uzten ditu agerian. Hegazti limikolak, hala nola Ostrero Euroasiatikoa, Correlimos Komuna eta Zarapito Real, horietaz elikatzeko erabiltzen dituzte beren mokor espezializatuak.

    Neurri txikikoak diren arren, Aierin euskal paduretako hainbat landare eta animalia bereizgarri kontserbatzen eta babesten dira. Landareei dagokienez, Aster tripolium, Juncus maritimus edo Elymus pycnanthus aurki daitezke; eta bitxiena Salicornia obscura. Planta hori, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak kontuan hartuta, Txingudiko paduretan baino ez dago.
    Hezeguneetako animalia bereizgarri batzuek ere Aieri aukeratu dute bizileku gisa. Aipamen berezia merezi du bisoi europarrak. Mundu mailan desagertu beharreko espeziea izanik, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan katalogatuta dago. Azkonarra, urretxindorra, ubarroi mottoduna, lertxuna eta beste hainbat animalia ere aurki daitezke.
    Aieriko hezegunea ez dago Nazioarteko Intereseko Hezeguneen Zerrenda Orokorrean sartuta, baina garrantzitsua da, eta, beraz, haren kontserbazioa. Ildo horretan, Natura 2000 Sare Ekologiko Europarrean sartuta dago. Horren arabera, Zaintza Bereziko Guneen zerrendan eta Babes Bereziko Guneen zerrendan sartuta dago.
    Oraindik badago zer eginik jendearengana iristeko. Azpimarratzekoa da, gaur egun kontzientziazio handirik ez badago ere, lehen ez zegoela bat bera ere. Horregatik da garrantzitsua instituzioak inplikatzea orokorrean ezagutzen ez diren balio ekologiko horiek dibulgatzen.

    Klima-larrialdiko eta klima-aldaketako egun hauetan, kostaldeko hezeguneek aldaketa horiei aurre egiteko duten balioa nabarmendu nahi dugu.

    Mende honen amaierarako, gure kostaldeko itsas maila 29 eta 49 zentimetro artean igo daiteke, “metro erdi”, kasurik ezkorrenean.

    Euskal kostaldearen zatirik handiena itsaslabarra da eta, beraz, itsas mailaren igoerari aurre egiteko defentsa lerro bihurtzen du. Baina kostaldeko biztanle gehienak estuarioetan daude, Ondarroan bezala, topografikoki baxuenak diren eremuetan, hau da, uholde arrisku handieneko eremuetan. Beste horrenbeste gertatuko litzateke Arrigorriko hondartzarekin, egungo zabaleraren % 40raino gal bailiteke.

    Estuario horietan itsas mailaren igoera hori geldiaraziko lukeen birsorkuntza natural bat aplika liteke, padurak eta dunak aprobetxatuz, eustorma gisa jardutera iritsiz. Era berean, arrisku horren aurrean modu naturalean egokitzeko neurri gisa, eta gainera, erantzun azkar batekin. Hezeguneak ere karbono-biltegi (hustutegi) garrantzitsuak dira. Munduko lurreko karbonoaren % 40 ere izan daiteke.

    Horregatik guztiagatik, Aieriko hezegunea da gure aliaturik onena, eta etorkizunean “hondamendi naturalak” saihesteko aukera ematen du. Izan ere, prezipitazio handiak mantentzen ditu, ibaian behera uholdeak saihesten ditu, ura lurrean biltegiratzen du edo gainazalean atxikitzen du, eta landarediak ur goraldietako uren zirkulazio abiadura murrizteko funtzioa ere bete dezake.                Gainera, marismak basoetako bizitzaren erreserban parte hartzen dute eta hango biodibertsitatearekin lotura zuzena dute. Honek zentzudun aisialdi eta turismo baten aukera eskaintzen digu. Eta, horrela, kultura, ohitura eta paisaia ikuspuntutik ere balio handia duen altxor bat zaintzen dugu.

    Itsaspadura hauek ez ditugu ikusi behar lokatz eta belar zahar multzo baten moduan. Eta etekin hauetaz baliatzeko degradatutako itsaspaduretako ekosistema birsortu eta berrindartzen ahalegindu beharko ginateke.

    Ingurugiroaren babesa ez da planteamentu erromantikoetan eta aditu eta espezialisten galdekizunetan oinarritu behar bakarrik. Ingurugiroa ongi gestionatuz herritarren ongizatea lor genezake eta, sentimentu hau, denok dakigun bezala, ez da eurotan zenbatzen. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren Hezegune Katalogoan sailkatuta dagoen Ondarroako   Aieri padura berreskuratzeko esfortzua egitea oso garrantzitsua da. Hezeguneak kinka larri honetatik ateratzeko, behar-beharrezkoa da babesteko eta berreskurapen lanak martxan jartzea.

    Berreskurapena ekosistema degradatu bat, perturbazio aurreko baldintzetar ahalik   eta hobekien bueltatzea da. Berreskurapenaz batera normalean sorrera eta goreste lanak ere ematen dira. Sorrera, hezegune ez den gune bat hezegune bilakatzea da, eta gorestea berez hezegunearenak diren funtzioak eta murriztu edo  galdu direnak, berriro ere martxan jartzen laguntzea.

    Padura berreskuratuz gero, haur eta gazteen hezkuntzarako ekintzak gara daitezke,   bai zuhaitzen landaketan hasiera bat emanez (adb.: Zuhaitzaren eguna bezalako ekintzak), espezieen identifikazioan oinarri xamur bat emanez edo, eta garrantzitsuena dena, hezegune eta gure kasuan padurek duten garrantzia       ekosistemen zikloan ulertzen laguntzea.

    2012an, borroka luze baten ondoren, zonaldean 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldiaraztea lortu zen, eta bere garaian ospatu genuen. Urte batzuk pasatu ondoren ordua iritsi da berreskuratzeko.

    Egun Aieri padurak duen hedadura hain da txikia, benetan ekosistema osasuntsu bat mantentzeko ez dela nahikoa. Beraz, lehendabiziko lana lur eremu handiago bat lortzea da berreskurapen plana martxan jartzeko.

    Orain munduan garatu diren berreskurapen planen esperientzia ezagutuz, argi eta garbi esan dezakeguna zera da: bi urtetan ez dugula padura berreskuratzea lortuko, bai ordea berreskurapen prozesua martxan jartzea eta gauzak horrela urtez urte padura egonkor eta hobeagoa bat lortzea.

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     

     


    Partekatu - Compartelo