Albistea

  • AHTa eraikitzen jarraitu eta energia aurrezte plana: helburu kontraesankorrak

    2022-10-30
    Partekatu - Compartelo

    images

    Azken asteotan, Estatu Espainiarraren gobernuak etorkizunaren bilakaerarendako bi plan garrantzitsu aurkeztu ditu. Hasteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektu tipikoen bertsio berri bat, alferrikako azpiegitura erraldoietan xahutze-energetikoz eta ingurugiroaren suntsiketaz josia. Handik egun batzuetara, berriz, energia aurrezteko Kontingentzia Energetikoaren Plana aurkeztu ziguten.

    Aurrez aurre ditugu, beraz, erabat kontraesankorrak diren bi plan. Lehendabizikoak energia gastuaren betiereko hazkundearekin jarraitzen du, honakoan, azpiegitura berrien eraiketarekin, eta bigarrenak aurrezte plan berritzailea dakarkigu, behin-behineko izaerarekin, ustez ez-ohiko egoera bat konpontze aldera.

    Aurrekontu Orokorren kasuak azpiegitura handien eraikuntzan fokuraturik darrai, bereziki Abiadura Handiko Trenaren (AHT) hedaketarekin, ohiko trenaren hobekuntzaren kalterako, mota honetako azpiegituretan egingo den inbertsioa %7a igoko delarik aurreko urtearekin konparatuta. Eta Nafarroa ez da salbuespena. Aurrekontuetan aurreikusten diren inbertsioetatik %69a AHTaren lanetara bideratuko da, egun Nafarroako Erdialdeko eremua deuseztatzen ari direnak. Bestetik, ezin dugu alde batera utzi Estatuko Aurrekontuetako sail militaristendako %25eko igoera, gudak elikatzea eta suntsipen energetikoa suposatuko duena.

    Bitartean, Energia Aurrezteko Planak “gudutik eratorritako” krisi energetiko bati aurre egitea du helburu, testuak dioenez. Honek kontsumo energetikoa gutxitzea planteatzen du, batez ere gas naturala, heldu den martxora arte. Ikus daitekeen moduan, plana behin-behineko kontzepzioetan oinarrituta dago eta iraupen motza du. Ematen du esan nahi duela arazoa “laster amaituko dela”.

    Hala ere, egungo krisi ekonomikoa eta baliabideen krisia ez da koiunturala. Energiaren Nazioarteko Erakundeak; ELGAren organismo bat, jada jakinarazi zuen ohiko petrolioaren erauzketaren gaina 2006an gauzatu zela. Bitartean, lur-azpitik erauzitako eta petrolio moduan ezagutzen ditugun likido guztien gaina 2018an gauzatu zen, nahiz eta azken datu hau denborak bakarrik berretsi ahalko duen. Halaber, mundu osotik erauzitako gas naturalaren maximoa heldu den urteetan iritsiko da. Datu hauek txosten andana batek berresten ditu, baliabideen mugara iristen ari garela diotenak, gure mundu finituaren beste mugetako bat, zientzialariek bizi dugun ingurugiro krisiaren kausatzat hartu izan dituztenak.

    Zientziak gaur egun bizi dugun krisi energetikoaz ohartarazi izan digula dakusagu orain, egungo guda koiunturala baino askoz lehenago. Eta panorama honen aurrean, gobernuek plan absurdoak diseinatzen dituzte, hauen artean:

    Gasa eta Energia nuklearra ustez energia berde izendatzen dituzte, trantsizioan lagun diezaguten. Ez dute kontutan hartzen, lehenengoaren kasuan erauzte-gainaren gertutasuna edota negutegi efektuko isuriak, ez eta, bigarrenaren kasuan, hondakin nuklearra eta uranio erreserben agortzea ere. Horrenbestez, “festak jarrai dezan” saiatzen dira, plan honek ingurugiroari ekarriko dizkion arazoak kontutan hartu gabe.

    Gainera, trantsizio energetikoa energia berriztagarri modernoen hedaduraren bitartez proposatzen dute. Funtsean, eguzki-panel eta haize errota proiektu erraldoien instalazioan dautza, batez ere elektrizitatea sortzen dutenak. Hala ere, egun Nafarroan kontsumitzen dugun energiaren %21a besterik ez da energia elektrikoa, gainerakoa erregai fosilak diren bitartean. Kasu gehienetan, ez da erregai fosilak elektrizitatez ordezkatzeko aukera bideragarririk. Horrez gain, egun ematen den elektrizitate kontsumoaren joera beheranzkoa da bai NafarroanEstatu Espainiarrean eta Europan. Arazo honen adibide bat dugu Nafarroa, proiektu berriztagarriz erabat beteta dagoen lurraldea eta apenas trantsizio energetikoari hasiera eman diona, kontsumoaren %78a erregai fosilena izanik.

    Baina absurduaren gaindia, beste garai batzuetan, baliabideen krisiaren hedapenaren baino lehen alegia, diseinatutako azpiegituren zabalkuntzarekin jarraitzeko gogo bizia da. Honen guztiaren adibiderik argiena AHTaren eraikuntzarena da, “errailen gainean doan hegazkina”, ohiko trenarena baino energia kontsumo askoz handiagoa duena eta baliabide material eta energetiko andana bat behar dituena errail konplexuak eraikitze aldera.

    Egoera honetan, normala da hiritargoak arazo handiak edukitzea errealitatea ulertzeko. Izan ere, gobernuetatik defendatzen diren diskurtsoak eta planak erabat kontraesankorrak dira eta baliabideen eta ingurugiroaren mugekin talka egiten dute. Agerikoa baita energia berriztagarrietarako trantsizioa, saltzen ari zaizkigun moduan berean, nekez eraman daitekeela aurrera. Eta boteretik gertaera eta datu hauek guztiak ezkutatzen dizkigutelako, zeinak egoeraren analisia zailtzen baitu, benetako egoera nahikoa den transparentziarekin planteatzen ez dutelarik.

    Munduko ekonomiaren hazkundea mantentzea jadanik ez da posible baliabide naturalak agortzen ari diren mundu batean. Beharrezkoa da, beraz, gizateriak mundu honetan bizitzen jarraitu ahal izateko neurri egokiak ezartzea. Honetarako, nahitaezkoa da sistema ekonomikoa, politikoa eta kulturala errotik aldatzea. Beharrezkoa da kontsumoa murriztea, energiarena zein produktu edo zerbitzuena. Era nahitaezkoa da habitat natural eta bioaniztasunaren galera geldiarazteko neurri egokiak ezartzea.

    Bistako gertakari hauek, datu zientifikoek babesten dituztelarik, kapitalismo berdearen planekin nabarmen egiten dute talka. Eta alderdi politikoek zein administrazioek hau guztia kontutan hartzen ez duten bitartean, gizarteak errealitatea ulertzeko arazoak izango ditu.

    Krisia estrukturala da eta edozein irtenbide saiakerak egungo eredu ekonomikoaren aldaketan izan behar du oinarri, honen pilaketa logikan zein mozkinak ateratzean, helburu produktibo bezala. Hau guztia ez onartzea eta gauzak dauden moduan mantentzeak erabateko krisi eta giza-irrazionaltasun egoera batera eramango gaitu. Etsipen kolektibo honek gehiengo soziala arazo konplikatuendako irtenbide errazak planteatzen dituzten horien besoetara eraman dezake arrastaka. Kapitalismoa mantentzeko intentzioarekin, desberdintasuna, arrazakeria, autoritarismo, gizarte kontrol eta militarismo gehiago ekarriko diguten irtenbideak planteatzen dituzten horien besoetara.

    Bada garaia, beraz, argi hitz egiteko eta gauzak haien izenez izendatzeko.

    Martin Zelaia, Sustrai Erakuntza fundazioko kidea.

     


    Partekatu - Compartelo