Ekitaldia Eitzagan, Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenean
2023-01-30
Partekatu - Compartelo
Datorren astelehenean, otsailak 6, Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko hirugarren urteurrena izango da. Hori dela eta, igandean, otsailak 5, Zaldibar Argitu plataformak ekitaldi bat antolatu du Eitzaga auazoan, 12:30ean. Helburua da gertatu zen hura salatzea eta, halaber, hildako bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, gogoratzea.
Hildakoengatiko auzia 2021eko irailean itxi zen, Fiskaltzaren eta inputatuen arteko tratu bat egin ondoren. Inputatuek –Jose Ignacio Barinaga, Arrate Bilbao eta Juan Elosegui, Verter Recycling enpresaren jabea, gerentea eta ingeniari nagusia, hurrenez hurren– seina hilabeteko kartzela-zigorra eta hildakoen senideei kalte-ordaindak ematea onartu zituzten. Horrela, kartzelan sartzea saihestu zuten. Nahiz eta oraindik beste auzi bat irekita duten, ingurumenaren eta osasun publikoaren kontrako ustezko delituak egin izanagatik
Bestalde, ez dirudi dagoeneko likidazioan dagoen enpresak ordainduko dituenik hondamendia gertatu ondoren Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egin behar izan zituzten lanak. Lan horien truke, Jaurlaritzak 28,7 mimlioi euro eskatzen ditu eta Aldundiak, berriz, 3,3.
Bukatzeko, inork ez du bere gain erantzukizun politikorik hartu.
Gauzak horrela, Euskal Herrian ezagutu dugun gisa honetako hondamendirik handienaren memoria bera zaborpean ez geratzea nahi badugu, ozen hitz egin beharko dugu.