Albistea

  • “Lemoiz gaur”, Roge Blascoren eskutik, Koldo Mitxelenan

    2023-05-31
    Partekatu - Compartelo

    roge1Larunbatean Gladysi eskainiko diogun omenaldiaren osagarri, LEMOIZ GAUR izeneko jardunaldia antolatu dugu bihar ostegunean, ekainak 1, Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Bertan, Roge Blasco kazetariak bi film dokumental labur (bakoitza 15 minutu ingurukoa) eskainiko ditu.

    Roge ezaguna da batez ere Radio Euskadin ia berrogei urtez LEVANDO ANCLAS saioa zuzendu duelako. Orain, berriz, erretiroa hartuta, gustuko duena egiten jarraitzen du bere Youtube kanalean. Hain justu, kanal horri dagozkio KMn proiektatuko dituen dokumentalak. Xumeak badira ere, bertute handi bat dute, plazaratzen baitute aspalditik erantzunaren zain dagoen galdera: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin?

    Eguzkiren iritziz, galdera horren inguruan ardaztutako eztabaida soziala ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzak, 2019tik zentralaren jabe denak, eztabaida saihestu duen arren. Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak.

    Lemoizen zor historiko handia dago, baita aukera bikaina ere, bereziki ingurumenaren alorrean.

    Arestian esan bezala, LEMOIZ GAUR jardunaldia larunbatean Gladysi Donostian eskainiko diogun omenaldiaren osagarria da. Baina Tuteran ere ez dute Gladys ahanzten. Hona hemen deialdiak:

    Gladys_kartelak2023


    Partekatu - Compartelo