Eguberritako klasiko bat: 2023a ere Mijoa errekan saneamendu-lanak egin gabe bukatuko dela salatu du Eguzkik
2023-12-12
Partekatu - Compartelo
La regata Mijoa vierte junto a la playa de Saturraran.
2023a bukatzear da eta Mutrikuko Saturrarango hondartzara isurtzen duen Mijoa errekan aurten ere saneamendu-zantzurik ez dagoela salatu behar du Eguzkik. Salaketa hau dagoeneko Eguberritako klasiko bat da. Izan ere, herri-erakundeek elkarren artean hainbat lan hidrauliko egiteko hitzarmen bat izenpetu zuten 2007an. Horren arabera, Mijoako sanemandua 2011rako martxan egon behar zen, baina urteak pasatzen joan dira eta promesa guztiak alferrikakoak izan dira.
Joan den maiatzean, berriz, udal-hauteskundeak zirela eta, Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Antonio Aiz Ura agentziako zuzendaria Mutrikura etorri ziren, Ion Gambra EAJko alkategaia babestera. Orduan zera entzun ahal izan genuen, Mijoako saneamendu-proiektua eta horrekin lotuta dagoen bidegorria “lehenbailehen” gauzatu egin behar zirela eta legeladi berrian Mutrikuko alderdi jeltzalearen “lehentasuna” izango zirela. Geroztik ez dugu horren inguruko albisterik izan, baina, lasai, laster hauteskunde-kanpaina berri bat izango dugu eta; oraingoan, autonomikoena.