Albistea

  • Pelletak, atzamarra eta Ilargia

    2024-01-11
    Partekatu - Compartelo

    AZTIk ohartarazi duenez, Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela. Argazkia Deba eta Zumaia bitarteko marearteko gunean egindakoa da, Eguzkik 2019an antolatutako hondakin-bilketa batean.

    AZTIk ohartarazi duenez, Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela. Argazkia Deba eta Zumaia bitarteko marearteko gunean egindakoa da, Eguzkik 2019an antolatutako hondakin-bilketa batean.

    Galiziako lagunekin batera NUNCA MÁIS esatetik OUTRA MÁIS esatera pasatu gara. Prestige berri baten aurrean gaude? Ez. Horrek ez du esan nahi, jakina, arazoari garrantzia kendu behar zaionik –horretarako Xunta bera dago eta–, baina Toconaotik eroritako 26 tona pellet eta Prestige-ren 63.000 tona petrolio ezin dira inolaz ere alderatu. Kontuz, ordea. Batetik, pellet horiek ere ingurumenean bere eragina izango dutelako, eta bestetik, eta batez ere, agintariek hondamendi hartatik ezer ere ikasi ez zutela agerian utzi dutelako.

    Pelletak dira Ilargia seinalatzen duen atzamarra. Eta zein da Ilargi hori? Bada, Prestige bezalako kasu bat berriz ere gerta daitekeela, inolako zalantzarik gabe, gainera. Izan ere, estatistiken arabera, Galizian dagoen ontzi-nabigazioa kontuan izanda, denbora-kontua baino ez da, baina, horri gehitu behar zaio administrazioak jokatuko duela orduan jokatu zuen bezalaxe, alegia, orain jokatzen ari den bezalaxe: lehenik eta behin, arazoa existitzen dela ukatuko du, eta, ukazioan tematzea ezinezko bihurtzen denean, arazoa minimizatzen saiatuko da eta erantzukina beste etxeko amonari leporatuko dio. Gure iritziz, hori, neurri handi batean, behintzat, zigorgabetasunaren ondorio da, hau da, Prestige-ren hondamendiaren benetako erantzuleak akusatuen aulkian eseri ez izanaren ondorio.

    thumbnail_IMG-20240110-WA0009Eta Euskal Herrian, zer? Bada, hemen adi egotea tokatzen da, eta pelletak orban edo lerro adierazgarrietan iristen badira, aukeran itsasoan garbitu edo, beste erremediorik ez badago, lehorrean, betiere talde profesionalekin. Kasu honetan, boluntariotzara jotzeko arrazorik ez dugu ikusten. Komenigarria denik ere ez dugu uste. Dena dela, deialdia egingo balitz, jendeak behar bezala erantzungo luke; horretaz ez dugu duda izpirik. Gainerakoan, EAEko herri-erakundeei koordinatuta joka dezatela eta herritarroi informazio gardena eman diezagutela eskatu behar zaie.

    Nolanahi ere, Toconaoko pellet gehienak gurera iritsiko dira seguru asko Bizkaiko golkoan dagoen plastiko-zoparen parte gisa. Eta hemen berriz ere atzamarraren eta Ilargiaren metafora erabiliko dugu. Izan ere, gure kasuan, pelleten atzamarrak seinalatzen duen Ilargia plastikoen arazoa da, eta gaizki egingo genuke Ilargiari begiratu ordez, atzamarrari begira geratuko bagina.

    Iturria: @erregetxo

    Iturria: @erregetxo

    Zenbatekoa da plastikoen arazoen tamaina Bizkaiko golkoan? Ba, begira, 2016an 50 milioi tona hondakin zeudela esaten zen. Urte batzuk pasatu dira, beraz, gaur egun gahiago izango dira. Nolanahi ere, datu berriagoak eta xeheagoak ditugu. AZTIk 2022an gai honi buruz egin zuen ikerketaren ondorio batzuk hitzez hitz eta zenbakiz zenbaki kopiatzen ditugu haren webgunetik: “Aurkitutako plastikoaren batez besteko ugaritasuna km2-ko 739.395 eta 2.625.271 plastikozko pieza (km2-ko 998 eta 4.338 gramoren baliokidea); batez beste, km2-ko 232.227 elementu izan dira”. “Mikroplastikoak aztertutako laginetan dagoen plastiko kopuruaren %93 dira (%28 pisuan), mesoplastikoak %7 (%26) eta makroplastikoak %1 (%46)”; “Bizkaiko golkoko gune ozeanografiko hau mikroplastikoentzako irteerarik gabeko ‘kale itsua’ da”; “ikerketa honek erakusten du Bizkaiko golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa dela, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela”.

    Nondik dator plastiko hori guztia? Batez ere lehorretik. Itsasora botatako hondakinetako %80 plastikoak izan ohi dira.

    Ados, lehorretik, baina lehorretik nondik? Izan ere, plastikoena “arazo globala da eta…”. Bai, arazo globala da, baina “globaltasuna” aitzakia gisa erabilzeko tentazioa saihesteko, hona hemen AZTIren webgunetik kopiatutako beste esaldi bat: “Bizkaiko golkoan aurkitzen dugun zaborra, funtsean, Bizkaiko golkoan bertan bizi diren herritarrek sortua da, ez dator Txinatik”.

    Nola iristen da plastiko hori guztia itsasora? Normalean estoldetatik eta ibaietatik. Ibaiak, errekak, errioak dira plastikoak itsasora iristeko bene-benetako autopistak. Horregatik, askotan esan dugun bezala, itsasoa, plastikoari dagokionez, gure etxeetan bertan hasten da, hondartza gain-gainean bizi ez bagara ere.

    Eguzkik Azkoitian, 3 kilometroko tarte batean, ateratako hondakinak.

    Eguzkik Azkoitian, 3 kilometroko tarte batean, ateratako hondakinak.

    Nola heldu arazoari? Bada, oroz gain, mugak jarri behar zaizkiko plastikoen ekoizpen neurrigabeari, batez ere erabili eta botatzekoei. EBk pausu batzuk eman ditu bide horretan, baina oso gutxi eta oso laburrak, bistan da. Herritarrok, berriz, plastikoen erabilera arduratsuagoa egin behar dugu, eta, jakina, dagokien edukiontzian utzi, birziklatzeko. Baina EBk har ditzakeen makro mailako erabakien eta norbanakook egin dezakegunaren artean, badira  eskumenak dituzten erakunde asko. Horra hor Ura, baita aldundiak eta udalak ere.

    Prebentzio-neurriak har daitezke, adibidez, ibai-ertzeetako barandetako beheko partean saretak jar daitezke. Hori da Eguzkik azken urteotan sustatu dituen neurrietako bat. Saretek ez dute miraririk egiten, noski, baina funtzionatu funtzionatzen dute. Gainera, udalek bitartekoak jar ditzakete aldian behin ibaiak eta errekak garbitzeko, herriko plaza edo kaleak garbitzeko jartzen dituzten bezala. Eta talde profesional batek garbitzeko. Urtean behin, “kontzientziazioaren” aitzakian, herriko ikas-zentroetako neska-mutilekin garbiketa-egun bat antolatzea ez zaigu onargarria iruditzen, baldin eta ibaia defendatzeko plangintza zabalago baten logikan txertatuta ez badago, behintzat.

    Urolako 6 kilometroko tarte batean 6 tona hondakin atera zituen Azpeitiko Udalak.

    Urolako 6 kilometroko tarte batean 6 tona hondakin atera zituen Azpeitiko Udalak.

    Eta, jakina, ibaia zaintzeko araudiak eta ordenantzak bete egin behar dira, zigorrak barne. Autoak gaizki aparkatuta daudela eta, zigorrak ezartzea oso arrunta da, eta zeresanik ez Mozal Legearekin edo Ogasunarekin zerikusia duten kontuetan. Ingurumen-kontuetan, berriz, zigorrak ezartzeko erreparoak omen daude, dena “kontzientziazio” eta “sentsibilizazioaren” mantrarekin konponduko balitz bezala. Alabaina, gauza bat argi dago: ibaietan hondakin asko eta asko daude, eta ez dira hor deskuiduan erori direlako, edo istripuz, edo haizeak bultzatuta. Hor daude batzuek espresuki bota dituztelako baizik; batzuek ibaiak zabortegi pribatu gisa erabiltzen dituztelako. Urtetan horrela egin dute, ondoriorik gabe edo apenas ondoriorik gabe. Bada, hori horrela den bitartean, ibaiek zabortegi izaten jarraituko dute. 2024an, zabor-poltsak balkoitik botatzen dituena edo hondakinak ibai ertzean uzten dituena, ur handiak datozenean aurretik eraman ditzan, zigortu egin behar da.

    Alegia, arazoari alde askotatik heldu dakioke eta ekin behar zaio. Ea Galiziatik pellet-itxuran datorren atzamarrak balio duen erreparatzeko plastikozko itsasoko hemengo Ilargiari.

    EGUZKI, 2024ko urtarrila


    Partekatu - Compartelo