Albistea

  • Zain ditzagun gure buruak, zain dezagun Busturialdea

    2024-01-24
    Partekatu - Compartelo

    Burubiko Urdaibaiko Guggenheim horren lanak “bai ala bai” aurton hasiko zirela sinestarazi nahi izan digu Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak, hain zuzen ere haren kideak diren hedabideetan behin eta berriro argitaratu dituzten diru publikoekin finantzatutako publi-erreportajeen bidez. Eta hara non, orain, hedabide horiexek dira berria dakartenak. “Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak, non amerikar Fundazioak eta bertoko erakundeek parte hartzen duten, bi urteko hausnarketa egingo du, aurten eta 2025ean, Urdaibaiko handitze proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan aurreratu duenez”.

    Aztertu beharko da, aztertu beharko denez, su eten edo menia taktiko hau beronen testuinguruan. Itsaso-lehorreko Domeinu Publikoaren pribatizazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Biosferaren Erreserba bakarraren sakrifizio programatuak merezi dute, bai, gure hausnarketa. Gure hausnarketa ostera ez da etorriko EAJren eta beronen alaituek defenditzen duten IBEX35k gura duen neoliberalismoaren ildotik, zeinak arriskuan jartzen dituen Urdaibai, Bizkaia eta EAE, hirurak. Guk argi daukagu ildo horretan aurrera egiteak ekarriko omen dizkien boto galeraren beldurrak eraginda datorrela erabakia. Kontuz baina! Hau herri mugimenduaren garaipena da, bai, eta halaxe diogu Zain Dezagun Urdaibai legez. Horiek hausnarketarako gogoa ostera ez da egiazkoa, ez da zintzoa eta, beraz, ez da sinesgarria izango.

    Beren burua ardi larruz janztea erabaki dute. Inposaketaren ordez ustezko adostasun demokratikoa, horra! Proiektuaren bideragarritasunaz hausnartzeko, diote. Izan ere jokoan dena beraien herrialde eredua denean. Ez da makala. Erabakiak eta arkitekturaren gorabehera guztiak Abandoko Batzokia baino harago, New York bertaraino, Solomon G. Fundazioaren umontziraino eta inguruetako aholkularitza kutunen ugatzetara eraman duten berberak dira orain hausnartzaileak. Badituzte pulpituak, eta badituzte horietatik predikatzeko milioiak balio dituzten txostenak, diru publikoekin nahierara eginak. “Urdaibai Guggenheim, munduan non zu bezalakorik?”, esan izan digute behin eta berriro, erantzuteko aukerarik inori eman gabe. Otsoak, museoz jantzia, masa-turismoaren arloko sarraskiak jaten, horixe zen plana.

    Ekologismotik eta, oro har, auzotarren mugimendutik lehengoan segitzen dugu. Guggenheim frankizia Busturialdea zabaltzeko asmoak ez du hausnarketarik behar. Ekonomiaren aldetik balio gabekoa da, argi baitago masa-turismoaren masa kontrolaezinetara bideratua dela, eta horrekin batera, ingurugiro babestuari eragingo lizkiokeen kalteak onartezinak direla garbi dagoen legez. Adreiluaren Burbuilatik hona, Bizkaitar Burukide Gazteen mende, bai Urdaibaik eta euskal kostaldeak bere zabalean azken urteotan pariatzen ari diren suntsiketaz, zer esan? Zer esan inoiz aipatzen ez den bertoko ondareaz eta kulturaz?

    Administrazio publikoen sotoetan, hautsen azpian, pilaturik dagoz eskualdeari buruzko egitasmo sozio-ekonomikoak (aipa dezagun, adibidez, 1998ko JSEGE delakoa edo 2010ko Urdaibairen Garapen Jasangarriari buruzko Egitamu Estrategikoa). Inoiz betegabeak, boikotatuak. Zapata italiarrak, gominak eta Armani trajeak janzten dituzten horiek ez dira soto horietara jaitsiko, ez. Hor nonbait gorderik dituzten 137 milioiekin bete liteke ba egitamu horietako bat edo beste.

    Alferrik da baina. UNESCOk 1984an Urdaibai Biosfera Erreserba aldarrikatu zenetik hona gobernatzen ari den alderdi horrek onartu beharko luke, onartu beharko lukeenez, bere erabakiak edo erabaki-ezak izan direla honaino ekarri gaituztenak. Zer panorama daukagun laburtzearren, Kantauriko itsasadar kutsatuena, espezie exotikoen landaketa masiboenak, ur-baliabideak lehorturik edo bestela satsiturik, tokiko merkataritza galdurik eta industria ZBGan.

    Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteak beti prest segituko dugu. Ibilbideak eta herritarren euspenak ematen digun zilegitasun guztiarekin Audientzia Nazionalera jo dugu, Muruetako itsasertzean babes eremua 100 metrotik 20 murrizteko EAJ-MITECO Aliantza Deunaren erabakiari aurre egiteko hain zuzen. Eta europar erakundeetara joko dugu, eta gorago ere beharbada. Urdaibai Biosferaren Erreserba eta Busturialdea bera ditugu jokoan.

    Oraingo garaipena ez da erabatekoa. Hala bada, dei egiten dugu mobilizazioei eustera, eratzera, erakundeetan dugun borrokari diruz laguntzera eta, azkenik, gure buruak hainbeste gezurrekin fumigatu gura dituzten auzi honetan, informazio-truke zintzoetara. Zain ditzagun gure buruak, zain dezagun Busturialdea.

    Erroxeli Ojinaga Filibi eta Edorta Jimenez Ormaetxea, ZAIN DEZAGUN URDAIBAI

    BUSTURIALDEAN, 2024KO URTARRILAREN 23AN


    Partekatu - Compartelo