Albistea

  • Aierin daukagun altxorra berreskuratu egin behar dugu

    2024-02-02
    Partekatu - Compartelo

    Hezeguneen Munduko Eguna da gaur [otsailak 2], eta EGUZKIk Ondarroako Aieriko padurara bideratu dugu begirada, ekosistema horrek duen balio potentziala mahai gaineratu eta berreskuratzearen garrantzia azpimarratzen. Allerin daukagun altxorra berreskuratu egin behar dugu, naturak irabazten badu gizakiak irabazten duelako.

    Klima aldaketari aurre egiteako uholdeak saihesteko baliabide eta karbono depositu garrantzitsua izateaz gain, landare, anfibio eta hegaztien biodibertsitateren kabia da Aieri. Europa mailan Babes Bereziko Eremu izendatuta dagoen eremuak hamaika egiteko ditu. Ez gara ohartzen Aieriko padurak duen egiteko garrantzitsuaz.

    Itsas paduren garrantziaz jabetuta, Europa mailan azterketak eta aurreikuspenak egiten ari dira, batez ere aldaketa klimatikoaren ondorioen aurreko defentsa direlako. Aieriko hezegunea gure aliaturik onena da, uholdeak saihesteko aukera ematen duelako. Prezipitazio handiak mantentzen ditu, ibaian behera uholdeak saihesten ditu, ura lurrean biltegiratzen du eta uraren abiadura murrizten du.

    Euskal Herrian dauden hamabi itsas paduren artean dago Aieri, baina bere birsortze ahalmena gutxituz doa azalera txikitzen doan heinean. EGUZKIk urteak daramatza buru-belarri berreskurapen plana aurrera eramateko urratsak ematen, eta egiteko dagoen guztia egiten bada ere, argi daukagu berandu izango dela: Ez da orain premiazko gai bat dela,  jada berandu gabiltza. Egin, egingo da, egin beharko baita, baina lehenbailehen heldu behar zaio etekin handiagoa ateratzeko. Esan bezala, berandu goazelako. Eta padura horiek oso degradatuta dauden arren, oso potentzial handia dute.

    Erakundeen laguntza behar dugu, premiazko zeregina da eta laguntza hori jaso behar dugu. Baina ikusita Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dutela inolako erreparorik Urdaibai Koronaren harribitxian Guggenheim bat eraikitzeko, eta gertu dugula, normala da defendatzen dituzten balioekiko mesfidantza handia izatea.

    2012an 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua gelditzea lortu gendun, eta orain, berreskurapen plana da babesa ematen hasteko ardatza. Berreskurapen plana eginda dago, baina eguneratu beharra dauka, hau ez baita gaur hasi dugun proiektu bat. Hortaz, planari heldu behar zaio. Hasteko, erreskurapen planak hedadura handitzea eta ehundaka zuhaitzak landatzea ditu ardatz. Baita beste hainbat jarduera ere.


    Partekatu - Compartelo