Albistea

  • Olaberriako industrialdean izandako ebasketa eta Legazpiko Urola kaleko industrialdeko sareten aurkako bandalismo ekintzak salatzen ditu Eguzkik

    2024-02-22
    Partekatu - Compartelo

    Olaberria industrialdeko baranda-zati honetan lapurtu dituzte saretak.

    Haizeak hondakinak ibaira eraman ez ditzan, 2021ean hasi zen Legazpiko Udala prebentzio-neurriak (saretak) ezartzen Urola eta haren ibaiadarren aldameneko baranden behealdean.

    Eguzkik egiaztatu ahal izan duenez, 170 zcm-ko luzera eta 50 cm-ko altuera duten sareta horietako 15 zati ebatsi dituzte Olaberriako industrialdean. Ez zen lan zaila izango, bihurkin soil bat edukitzea nahikoa izan baita desmuntatu eta eramateko.

    Era berean, Urola kaleko industrialdean, 200 cm-ko luzera eta 40 cm-ko altuera duten 7 zati falta direla egiaztatu dugu. Bi zatik beren lekuan jarraitzen dute, mutur batean soldadura-puntuei lotuta, eta beste muturra ibaira begira dago zintzilik. Zalantzarik gabe, kasu honetan kolpeka eusteko puntuetatik kendu dituzte. Horregatik, bandalismo-ekintza baten aurrean gaudela uste dugu. Litekeena da gainerako saretak Urola ibaira bota izana.

    Urola kaleko bandalismoaren lekuko.

    Tamalgarria da horrelako ekintzak egiteko gai diren pertsona arduragabe eta heldugabeak egotea, guztion ongia kaltetzea beste helbururik ez dutenak eta kasu honetan erakusten dutenez, gizarteari modu positiboan laguntzeko zailtasun handiak dituztenak.

    Gertakari horiek ingurumenaren aurkako erasoa izateaz gain, Udal Gobernuak eta oposizioko taldeek ibaiaren kalitate ekologikoa hobetzeko egindako lana mespretxatzen dute.

    Eguzkik gertaera horiek salatzen ditu, eta Legazpiko Udalari eskatu dio Urola kaleko industrialdean ken ditzala prebentzio-neurririk eduki ezagatik ibaian metatu duten zaborrak eta jar ditzala berriro saretak. Olaberriako industrialdean saretak jartzea ere, eta proposatzen du, torlojuetako zuloak silikona-puntu batzuekin zigilatzea, bihurkin soil batekin berriro desmuntatzea eragozteko.

    EGUZKI, 2024ko otsaila


    Partekatu - Compartelo