Legez kanpo botatako hainbat hondakin garbitu dituzte Lezon
2024-04-10
Partekatu - Compartelo
Lezoko 107 poligonoan legez kanpo botatako hainbat hondakin garbitu dituzte. Honako argazki hauetan garbi ikusten da nolakoa zen lehengo egoera eta nolakoa den oraingoa:
Egia esan, azkar asko mugitu da Lezoko Udala. Martxoaren 13an eman zuen Eguzkik egoerararen berri. Udalak berehala erantzun zuen jakinaren gainean zegoela eta soluzio bila ari zela. Geroztik, hondakinak erretiratzeaz gain, neurriak hartu ditu legez kanpoko deposito berriak eragozteko edo, behintzat, zailtzeko.
Ematen du gero eta gehiago direla legez kanpo edonon botata uzten diren hondakin-depositoak. Horiek kontrolatzeko, garrantzitsua da udalen jarrera proaktiboa. Izan ere, udalek neurririk hartzen ez badute, egoera kronifikatzen da, eta hasieran deposito solteak direnak denboraren poderioz bene-benetako zabortegi bihurtzen dira, Donostiako Okendotegi Bideko kasuan bezala (*).
Hondakinak legez kanpo uzten dituztenak, berriz, gutxitan identifikatu eta zigortzen dituzte. Alabaina, edozein motatako hondakin behar ez den lekuan abandonatuta uztea espresuki debekatuta dago, eta segun zer hondakin eta zer baldintzatan uzten den, arau-haustea ez ezik delitua ere izan daiteke.