All posts by Donostia

Errenteria Osasuna plataformak elkarretaratzea egin du elkarbizitza duina aldarrikatzeko

Errenteria Osasuna plataformak, Papresa eta inguruko bizilagunen arteko “elkarbizitza duina” lortzea helburu duenak, elkarretaratzea egin zuen joan den larunbatean Papresako zubian.

“Zaratarik, kamioirik, kiratsik EZ” irakur zitekeen elkarretaratzean atera dituzten pankartetan. Hasieran, euren nahia zein den erakusteko, pankartaren atzean egon dira bertaratu diren ia berrehun herritarrak, baina, gero, plataformako kideek zubia zeharkatu, eta Papresa enpresari zein bertako langileen komiteari prestatuta zuten adierazpena helarazi nahi izan diote.

Irakurketaren txanda izan da gero, eta ezer baino lehen, azpimarratu dute Errenteria Osasuna plataforma osatzen duten kolektiboen asmoak zehazteko eta, interpretazio okerrak zein asmo txarrekoak saihesteko sortu dutela adierazpena. Idatzia Etxeberriak-Olibet auzo elkarteak, Erdiguneko Oiarso auzo elkarteak, Gabierrotako Laguntasuna auzo elkarteak eta Eguzki talde ekologistak sinatu dute.

Irakurketan, hortaz, nabarmendu dute plataformaren helburua “ez dela eta ez dela inoiz izan Errenterian dauden Papresako instalazioak ixtea, enpresaren jarduera pairatzen duten herritarrentzat bizikidetza duina” lortzea baizik.

Hortaz, Papresari neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatu diote; hala nola, “zarata etengabeak eta/edo noizbehinkakoak eta arnasten ari garen kiratsa ezabatzeko edo gutxitzeko, herritarren osasuna arriskuan ez jartzea ziurtatzen duten mugetaraino”. Horretaz gain, Nafarroa etorbidetik eta Askatasunaren Martirietatik kamioien zirkulazioa kentzeko eskatu dute.

Azkenik, aurreratu dute udalean mozio bat aurkeztu dutela alderdi eta elkarte guztiei irekitako talde bat osatzeko ideiarekin. Talde horrek problematikaren jarraipena egitea nahi dute. Amaitzeko, osoko bilkura egiten dutenean mozioak esaten duenaren berri emango dutela gaineratu dute.

Estatu osoko talde ekologistek Galizian eta Bizkaian gaur egun indarrean dagoen eukaliptoaren gaineko debekua 2030era arte luzatzeko eta penintsulako iparraldeko lurralde guztietara hedatzeko eskatu dute

Eukaliptoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zabaltzen ari da eta dagoeneko 26.153 hektarea hartzen ditu; horietatik 1.319 hektarea naturgune babestuen barruan daude

Hogei erakunde ekologista baino gehiagok (1) adierazpen bateratua sinatu dute, Galizia eta Bizkaiko eukalipto-sail berrien egungo luzamenduak gutxienez 2030. urtera arte luzatzea eskatzeko. Neurri hori iparralde osora zabaltzea ere eskatzen dute: Asturias, Araba, Kantabria eta Gipuzkoara.

Baso inbentario ezberdinetako datuen arabera, eukalipto landaketak hedatzen jarraitzen dute iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko eta iparraldeko lurralde gehienetan. Baso-plangintza ez betetzeaz gain, azken urteotan landaketa horien azalera handitu egin da, batez ere, koniferoen (Monterreyko pinua eta itsas pinua, batez ere) landaketa produktiboak masiboki ordeztearen ondorioz; izan ere, baso-izurrite batzuen eraginpean daude. Arazo horri erantzuteko, baso-administrazioek aldi baterako debekuak ezarri zituzten koniferoen ordez eukaliptoak landatzeko (Galizian, 2021etik 2025aren amaierara arte, eta Bizkaian, 2022tik 2025aren amaierara arte). Aldi baterako debeku horiek 2017tik Portugalen zegoenari gehitu zitzaizkion, zeina 2030era arte egongo da indarrean; horren ondorioz, papergintzako enpresa portugaldarrak eukalipto landaketak erosten eta alokatzen ari dira Galizian eta Asturiasen, lurraldeetako presioa areagotuz.

Indarrean dauden luzamenduak gorabehera –Galizian eta Bizkaian 2025ean amaituko dira–, luzamendua ez betetzeak eta pinuei eragiten dieten gaixotasunek irauteak goranzko joera izan dute. Horregatik eskatzen dute ekologistek luzamendu horiek zabaltzea eta hedatzea, eukaliptoak Espainiako Estatuan okupatzen duen azaleraren egungo hazkundea geldiarazteko, baso-plangintzaren helburuak betetzea, ekoizpen-masak basogintzaren balio-kate osorako dibertsifikatzea eta ekosistemak eta naturagune babestuak zaintzea ziurtatzen ez den bitartean.

Galizian dagoeneko gauzatu den penintsularen iparraldeko eukaliptizazio prozesu hau, Galiziako Xuntak zelulosa fabrika berri bati argi berdea eman dion une batean gertatzen da, Portugalgo ALTRI paper-fabrikaren GAMA proiektua, etorkizun hurbilean eukalipto egurraren eskaria handituko lukeena”, adierazi dute erakunde sinatzaileetatik.

Eukaliptoa aurrera doa Euskadiko lurralde guztietan. 1986 eta 2019 artean, % 303 hazi zen eukalipto-sailen azalera. Epe horretan 4.866 ha-tik  9.643 ha hartzera pasa zen, azalera horren % 91 Bizkaiko lurralde historikoan. Bost urte geroago, eta 2024ko Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Maparen arabera, eukaliptoak 26.153 hektarea hartzen ditu Euskadin (22.923 Bizkaian, 1707 Gipuzkoan eta 1510 Araban). Horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko baso-azalera zuhaiztuaren % 5,34 dela, eta 2005-2024 aldian azalera % 101 handitu dela. Azken Basoen Inbentario Nazionalaren (IFN4) arabera, 2009ko datu zaharkitutak ematen dtuena, 1.319 hektarea eukalipto daude gutxienez naturgune babestuen sarearen barruan. Eta, egiaztatu ahal izan denez, eukaliptoa landaketetatik kanpo naturalizatzen ari da, eta, beraz, eremu natural babestuen barruan azalera handiagoa hartzen du (3). Bizkaian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan –Natura 2000 Sarean sartuta dauden hainbat leku ditu–, eukaliptoarekin landatutako azalera %60 handitu da azken hamarkadan. (4)

2025a urte giltzarria da beste lurraldeetan dagoeneko Galizian gertatu den eukaliptizazio fenomenoa gerta ez dadin. Ezin da onartu penintsularen iparraldeko basogintza-sektorea zelulosaren ekoizpenaren monolaborantza ekonomikorantz joatea. Ekoizpen-dibertsifikazioa eta balio-kateak mantentzea ez ezik, ekosistemak klima-aldaketara hobeto egokitzea ere jokoan dago, landaketen baso-kudeaketarako eredu berriekin, egungo egoera urte batzuk barru berriro gerta ez dadin”, diote talde ekologistek.

Koniferoen eta eukaliptoen sailetan izurriteen eragina handitzea klima-aldaketarekin lotutako fenomenoa da, baina izurriteen, suteen eta lurzoruaren emankortasun-galeraren aurrean oso kaltebera den landaketen kudeaketa-ereduaren erantzukizuna ere bada. Hori dela eta, basogintza-eredu berriak garatzea eskatzen da adierazpenean, etorkizuneko agertokien aurrean masa produktiboek erresilientzia handiagoa izan dezaten, dibertsifikazio handiagoa bilatuz (espezie barnekoa eta espezie artekoa), landaketa erregularretan, espezie bakarrekoetan eta agrokimikoak eta izatezko mozketak erabiltzen dituztenetan oinarritutako basogintza-eredua errepikatzea saihestuz, egungo klima-aldaketaren ondorioekiko oso kalteberak direla frogatu baita.

Adierazpena sinatu duten eragileen arabera, “klima aldaketak markatutako testuinguru batean bizi gara, tenperaturaren igoera global batekin eta izurrite, lehorte edo baso-sute handien arrisku handiagoarekin. Horregatik onartu behar dugu Euskadiko basogintza-ereduak produkzio-joera handia duela: baso-espezie eta -formazio mota gehiago eta kudeaketa-eredu desberdinak dituen beste eredu baterako trantsizioa hasi behar dugu. Kontua da ez bakarrik baso-masen erresilientzia bilatzea, baizik eta baso-sektorearena berarena”.

Horregatik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan (MITERD) eukaliptoa plantazioetatik kanpo zabaltzeak biodibertsitatean dituen eraginak aztertzeko diziplina anitzeko lantalde bat sortzeko eskatu dute ekologistek, batez ere natura-gune babestuen barruan, bai eta Natura 2000 Sareko eremuetan eukaliptoa desagerrarazteak dakartzan kostu ekonomikoak ebaluatzeko ere. Ministroari eta MITERDeko estatu-idazkariari dagoeneko adierazi zaie eskaera hori Basogintzako Kontseilu Nazionalak maiatzaren 22an egindako bileran, eta Ingurumeneko Aholku Batzordeak (IAB) berretsi egin zuen ekainaren 2an. Erakunde sinatzaileek eskatu dute, halaber, Espainiako Natura Lehengoratzeko Plan Nazionalean (une honetan MITERD egiten ari da) naturalizatutako eukaliptoek kaltetutako eremuak leheneratzeko proiektuak sartzea naturagune babestuen barruan, bai eta Natura 2000 Sarearen barruan eukaliptoaren landaketa komertzialak pixkanaka murriztea ere.

Landaketetatik kanpo aurrera egiten duten eukaliptoen eraginari eta ekosistemekin duten interakzioari buruzko eztabaida berriz irekitzea funtsezkoa da. Duela urte batzuk, Espainiako Estatuko baso-administrazioak eztabaida hau faltsuan itxi zuen osagai politiko gehiegi zituen erabaki baten bidez, hainbat lurraldetan naturalizatutako eukaliptoek biodibertsitatean duten eraginaren ebidentziak alfonbra azpian ezkutatzea erabakiz”, eskatu dute.

Hona hemen sinatzaileak:

Hemen, berriz, adierazpen osoa:
Adierazpena

Oharrak

(!) Hauek dira adierazpena sinatu duten 25 eragileakk: AEMS-Ríos con Vida, Amigas de la Tierra, Asociación Asturiana Amigos de la Naturaleza (ANA), Asociación Custodia Bosque Atlántico (BETULA), Asociación para la Defensa de los Recursos Naturales de Cantabria (ARCA), Asociación para la Recuperación del Bosque Autóctono (ARBA), Baso Biziak Plataforma, Butroi Bizirik en Transición, Coordinadora Ecoloxista d’Asturies, Eguzki, Ecologistas en Acción, Fundación Lurgaia, Fundación Montescola, Greenpeace España, Kukubaso Elkartea, Mariko Baso Espazioa, Mutrikuko Natur Taldea, Sagarrak Ekologista Taldea, SEO/BirdLife, Sociedade Galega de Historia Natural (SGHN), Sociedad de ciencias naturales de Sestao, SOSollube, Txirpial, Verdegaia y WWF España.

(2) EAEko baso mapa 2024

(3) 2021ean eta 2022an, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lezoko Udalarekin batera, Jaizkibel KBEren (Natura 2000 Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremua) eta Jaizkibel 23. Onura Publikoko Mendiaren (Lezoko Udalaren jabetzakoa) barruan dagoen eukalipto-unada baten jarraipena egiten aritu da. Mendi horien organo kudeatzailea Lezoko Udala da. Gipuzkoako Aldundiak bere webgunean dioenez, eukalipto ale gazteen hedapen progresiboa ikusi ahal izan da, bai unada nagusiaren ondoko eremuetan, bai Guadalupeko pistaren iparraldean. Aldundiaren arabera, eukaliptoa izaera inbaditzailea duen zuhaitza da, eta bertako biodibertsitatean eragin handia sortzen du; beraz, hedatzea saihestu behar den espeziea da.

(4) Zain Dezagun Urdaibairen bloga, 2021. La superficie plantada con eucalipto se incrementa un 60% en una década en Busturialdea

Papresak pertsonen osasunean eta ingurumenean duen eragina salatzeko elkarretaratzea deitu du Errenteria Osasuna plataformak

Errenteria Osasuna plataformak (Gabierrotako, Olibet-Etxeberrietako eta Erdialdeko Oiarso auzo elkarteek eta Eguzkik osatuta) larunbatean, 12:00etan, Papresako zubian elkartzera deitu du. Helburua da enpresak zarata (batez ere gauean), kirats eta kamioi astuenen zirkulazioaren bidez pertsonen osasunean eta ingurumenean eragiten duen kaltea salatzea.
Errenteria Osasunak prentsaurreko bat eskaini zuen atzo. Hona hemen bertan esandakoa…
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu prentsaurreko honetara etorri zareten hedabide guztiei.
Prentsaurreko honen helburua da EOk (auzo-elkarteak eta Eguzki) orain arte egindako lanaren balantzearen berri ematea labur-labur, Papresaren eta inguruko bizilagunen arteko elkarbizitza duina lortzeko, haien bizi-kalitatea bermatzeko.

Papresaren jarduerak bizilagunei eragiten dizkien kalteak, alegia, “zarata gogaikarriak”, batez ere gauez, “usain txarrak” eta “trafiko astuna” saihesteko neurriak aspaldi eskatzen aritu garen arren, Papresak beste baimen bat izapidetu zuen 2023an, instalazio berriak barne, eta ondorioz, Administrazioarekin (Eusko Jaurlaritzarekin) lotutako lan serio bati ekin genion.

Baimena “abuztuan” izapidetu zen arren, auzo-elkarteak eta Eguzki, lehenik eta behin, alegazioak aurkezteko gai izan ginen, eta horiek ezetsi ondoren, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu genuen; baina tamalez, hori ere ezetsi zuen Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako alegazioak eta errekurtsoak zorroztasunez izapidetu ez zituelakoan, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzan (Ingurumen Atalean) salaketa bat aurkeztea erabaki genuen (2024-09-05).

Ikerketa-eginbideak amaitu ondoren, fiskalak SALAKETA, DONOSTIAKO 5. ZENBAKIKO INSTRUKZIOKO EPAITEGIRA BIDALTZEA agindu zuen (2025-03-07), GERTAKARIEK BALIABIDE NATURALEN ETA INGURUMENAREN AURKAKO DELITU BATEN EZAUGARRIAK DITUZTELAKO, AURRETIAZKO EGINBIDEAK HAS DITZAN.

Atzo eskainitako prentsaurrekoaren une bat

Gaur egun oraindik ez dakigu epailea egiten ari den eginbideen norainokoa. Baina oraingoz, eta salaketak eta legez ezarritako zarata-mailak gainditu direla egiaztatzen duten txostenak egon arren (azkena, 2024ko martxokoa da), egoera ez da batere aldatu.

Azpimarratu nahi dugu zientifikoki frogatuta dagoela herritarrek zarata eta usainen eraginpean etengabe egoteak hainbat patologia eragin ditzakeela, besteak beste, estresa, insomnioa, nekea, depresioa, antsietatea, hipertentsioa eta abar. Eta hori da pairatzen dugun errealitate gordina.

EOk lanean jarraituko du, eta Eusko Jaurlaritzari isurien eta beste parametro batzuen mugak ezartzeko eskatuko diogu, merezi dugun Papresarekiko bizikidetza duina bermatzeko.

Amaitzeko, eta garatzen ari garen lan-dinamikarekin jarraituz, Papresako zubian ekainaren 14an, larunbata, eguerdiko 12:00etan egingo dugun protesta baketsuko kontzentraziorako deia plazaratu nahi dugu.

Herritarrak parte hartzera animatzen ditugu, herritarrak eta ingurumena errespetatzen dituen herri bat lortzeko.

Angula-arrantza dela-eta, a zer-nolako egurra eman dion Arartekoak Jaurlaritzari!

Arartekoak argitaratu duen ebazpen batean (1) ohartarazi duenez, Jaurlaritzak angularen inguruan onartu zuen dekretuaren “helburu nagusia (hau da, espeziearen arrantza profesionalizatzea) ez dator bat Europar Batasunean alor honetan indarrean dagoen erregulazioaren helburu nagusiarekin (hau da, aingira babestea)”. Arartekoak gehitu du ez dagoela Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen duen txosten zientifiko eta teknikorik. Gauzak horrela, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu dio “angularen arrantzaren erregulazioa berrikustea susta dezala, EBko zuzenbidetik eratorritako aingira europarraren populazioa berreskuratzeko eskatzen diren neurrietara egokitzeko”.

Arartekoak ebazpen hau argitaratu du Mutriku Natur Taldeak aurkeztutako kexa bati erantzunez, eta bat dator ia puntuz puntu talde ekologistok auzi honetan defendatu dugunarekin.

Aingira “galzori larrian” eta “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo” dagoela ikusirik, Europar Batasunak, 2023ko otsailean argitaratutako Erregelamendu baten bidez, angularen arrantza profesionala murriztu zuen, eta aisialdikoa guztiz debekatu. Beraz, Euskadiko Autonomia Erkidegoan debekatuta geratu zen, aisialdikoa baitzen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zen angula-arrantza bakarra. Orduan Jaurlaritzak profesionalizazio-dekretua atera zuen, EBren erabaki berrietara “egokitzeko” tresna zela argudiatuz, baina guk ohartarazi genuen bezala, hura ez zen egokitzea, Erregelamenduari izkin egitea baizik, arrantzatzen jarraitu ahal izateko.

Halaber, ohartarazi genuen ez zegoela txosten zientifiko eta teknikorik profesionalizazioa eta hari lortutako beste erabaki batzuk justifikatzen zituenik, hala nola, 150 lizentzia ematea edo 2024-2025 denboraldirako 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea. Eta baldin bazegoen, guri, behintzat, ez ziguten ematen, behin baino gehiagotan eskatu genuen arren. Hori dela eta, Arartekoak, Jauraritzak aurkeztutako txostenak ikusi ondoren, zera esan du: “Ondorioztatu behar da [txosten] bakar bat ere ez dela ex profeso bildu angularen arrantza profesionala Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea justifikatzen duen erabakia hartzeko prozesurako”; “txosten tekniko batek ere ez ditu justifikatzen, ezta aipatzen ere, aisialdiko arrantza profesionalizatzeko arrazoiak, ezta arrantza profesionalerako 150 lizentzia edo 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea erabaki duen irizpide tekniko edo zientifikoa ere” (2).

Egia esan, dekretuaren gabezia hauek guztiak txosten batean jaso zituen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 2024ko otsailean, baina Jaurlaritzak ezikusiarena egin zuen, txostena ez zela “loteslea” argudiatuz. Honen aurrean, Arartekoak zera dio: “Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena loteslea ez bada ere, lotesleak dira horren txosten zorrotzak jasotzen dituen gogoeta juridikoak”. Gauzak horrela, kontua da ea Jaurlaritzak oraingoan ere ezikusiarena egingo duen Arartekoaren gomedioaren aurrean. Izan ere, Arartekoak gomendatu baino ezin du egin, baina gauzak argi: gomendio hau dekretuaren zuzenketa osoa da.

Profesionalizazio-dekretua Iñigo Urkulluren gobernuak onartu zuen, bere azken bileran. Orduan esan genuen hura kontseilari berriari zabalean egindako dejada zela, eta aukera bikaina zela kontseilari berriak erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen zuen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez zen. Bistan da kontseilariak ez zuela pilota bildu eta aukera alferrik galdu zuela. Oraingoan ere galduko ote du?

Mutriku Natur Taldea eta Eguzki Talde Ekologista

(1) Ebazpen osoa: GetDocumentServlet

(2) Esan dezagun, bide batez, kupoa 550 kilokoa bazen ere, 200 baino ezin izan direla arrantzatu, arrantzaleek berek lonjan deklaratu dutenaren arabera. Eta kontuan hartu behar da arrantzarako egunik aproposenak aukeratu direla. Angularen egoera larriaren beste testigantza bat.

Lau urte eta erdi geroago, Motondoko padura leheneratzeko proiektuari buruzko berririk ez

Motondon 20 hektarea padura leheneratu daitezke, Oriako errioan.

Eguzkikook kezkatuta gaude Motondoko padura leheneratzeko proiektuarekin (1). Izan ere, Oriako itsasadarreko paraje horretako ingurumen-balioak berreskuratzera 3 milioi euro bideratzeko konpromisoa hartu zuen Espainiako Gobernuak, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeko EH Bildurekin egin zuen akordioaren baitan. Geroztik, lau urte eta erdi pasatu dira, ordea, eta, espresuki galdetu dugun arren, ez dakigu proiektu hori zertan den.

2021eko urrian eta 2022ko abenduan, Proyecto para la recuperación de los valores ambientales de la marisma de Motondo idazteko lizitazioa argitaratu zuen BOEn Trantsizio Ekologikoko Ministerioak (Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak). Baina bi kasuetan lizitazioa hutsik geratu zen. Gauzak horrela, 2023ko martxoan, Gobernuak lana zuzenean Tragsatec enpresa publikoari enkargatu omen zion.

Motondoko ikuspegi partzial bat.

Aipatutako lizitazioetan, proiektua idazteko epeak 6 eta 8 hilabetekoak ziren, hurrenez hurren. Beraz, hori baino dezente epe luzeagoa pasatzen utzi genuen galdetzen hasi aurretik, badaezpada, baina 2024ko ekainean Ministerioari egoeraren berri eskatu genion. Urtebete pasatu da, eta erantzunik gabe jarraitzen dugu. Mertxe Aizpurua diputatuak joan den irailean egindako gestio bati esker jakin genuen proiektuak “aurrera jarraitzen duela”. Funtsean, hori da guztia. Esan dezagun, bide batez, ingurumen-informazioa jasotzeko eskubideari dagokionez, Eguzkikook ez garela zorte handirik izaten ari Trantsizio Ekologikoko Ministerioarekin; izan ere, arazo bera dugu Txingudiko San Lorentzo urmaela handitzeko proiektuarekin. Ez dakigu zertan den (2).

Eguzki izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Motondon legez kanpoko betelanak eta landare-erreketak salatu zituzten talde naturzale eta ekologistetako bat, baita parajea mehatxatzen zuten hirigintza-proiektuen aurka agertu zirenetako bat ere. Zorionez, proiektu haiek baztertu egin ziren, eta Motondo leheneratzeko ideia nagusitzen joan zen.

Motondo Oria itsasadarreko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dago, Natura 2000 Sarearen barruan. KBEren helburu eta jarduerak arautzen dituen dokumentuan (2012) Motondoko padura leheneratzea “neurri estrategikotzat” jotzen da. Horren haritik, Aranzadi elkarteak, Orioko Udalaren enkarguz, Motondoko Ingurumen Balioak Berreskuratzeko Exekuzio Proiektua idatzi zuen (2013). Proiektu hark batez beste 20 hektareatan eragitea aurreikusten zuen, 2 milioi euroko aurrekontu baten bidez.

Motondoko leheneratze-prozesua, Aranzadiren proiektuan irudikatuta agertzen den bezala.

Urteak aurrera joan ziren, ordea, harik eta 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorren inguruko negoziazioetan aukera bat etorri zen arte, guk gutxien espero genezakeen bidetik, egia esan. Tamalgarria litzateke aukera hori alferrik pasatzen uztea. Eta denbora badoa. Lau urte eta erdi pasatu dira.

EGUZKI, 2025eko ekainean

(1) Motondo

(2) 2024a ere bukatuko da Txingudiko San Lorentzo urmaela handitzeko lanen arrastorik gabe | Eguzki Talde Ekologista

BizilagunEKIN plataformak Donostiaren turistifikazioaren aurka deitu duen manifestazioarekin bat egin du Eguzkik

BizilagunEKINek, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak, manifestazioa deitu du datorren igandean, hilak 15,, eguerdiko 12etan, Kontxako erlojuetatik irtenda. “Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!” lema izango du martxak, eta hiriaren erdialdeko eta parte Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu.

Ziento erdi bat taldek, tartean Eguzkik, bat egin dugu deialdiarekin. Hona hemen sinatu dugun manifestua:

Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu! – BiziLagunEkin

Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden SET sareak egindako deialdiari erantzuten dio Donostiako manifestazioak. Hainbat hiri eta lurraldetan turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde mobilizazioak eta aldarrikapen ekintzak egingo dira egun berean.

Aralar, larreak eta pistak baino gehiago delako

Ez gara ohituko Aralarren horrelako irudiak ikustera.

Berriki jakin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar mankomunitateak Aralarren kudeaketarako akordioa sinatu dutela. Lehenak Parke Naturalaren eta Babes Bereziko Eremuaren ardura du eta gipuzkoar guztiak ordezkatzen gaitu. Mankomunitateak bere jabetzako eremuan gizakion erabilerak arautzeko erantzukizuna du eta 15 herri ordezkatzen ditu.

EAJk eta EH Bilduk sinatu duten akordioa HAZI Fundazioak 10 urtera begira egindako Plan Orokorrean oinarritzen da. Plan horren arabera, helburua litzateke Aralarko natura eta kultura ondare baliotsua giza jarduerekin, bereziki abeltzaintzarekin, bateragarri egitea. Baina, ez du horretarako bermerik eskaintzen, eta ez larreen kudeaketarako baimendu nahi den abereen bazkatze-presioa oinarri zientifikorik gabe arautzen jarraitu nahi delako bakarrik. Baita, Gipuzkoako gainerako parke naturaletan bezala, ez direlako Babes Bereziko Eremuetarako ezarritako helburuak kontuan hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak entzungor egiten dio legealdi honetan Naturkonek egindako eskaerari, eta hala, Gipuzkoak biodibertsitatearen zaintza eta kontserbaziorako estrategia eta plangintzarik gabe jarraitzen du.

Egoera honetan, bi alderdi politikoak ustiapena areagotzeko neurriak adostu dituzte. Babes Bereziko Eremuaren (BBE) helburuetako bat larreak kontserbatzea izanda, akordio honek abereen kopurua handitzeari, sastrakadiak urritzeko erreketei eta sasi garbiketei edota, fitosanitarioen erabilerari (salbuespeneko egoeretan) bide ematen die, neurri horiek larreen kalitate ekologikoa kaltetzeaz gain, lur eta ur baliabideak kutsa ditzaketela dakigunean. Bereziki, Enirio-Aralarrera igotzen dituzten ardi eta azienden kopuruaren azken 20 urteotako bilakaera ikusita: ardien kopurua % 13 gutxitu da eta behiena zein behor-zaldiena hurrenez hurren % 30 eta % 44 handitu. Ardiek eta aziendek ez dute berdin larratzen, ezta buruko ur kopuru bera edaten ere, eta belardietan eragindako hanka-zulo eta zapaltzeengatik higadura-maila ezberdina sortzen dute. HAZI fundazioaren planak ez du hau guztia kontuan hartzen, larreen kudeaketa abereek eragindako ingurumen-inpaktuaren neurketa eta aurreikuspen zehatzik gabe arautu nahi da, zientziari bizkar emanda.

Basoei dagokienez, beste hainbeste. BBEaren baitan derrigorrezkoa izan arren, ez da plan teknikorik proposatzen berrikuspenetik haratago. Natur kontserbazioaren aldeko neurri positiboak jasotzen dira (abereen mesederako bada ere, babesleku klimatikoak sortzea etabar), baina ez da planifikatzen basoen berreskurapena Aralarko biodibertsitatearen kontserbazioak eskatzen duen neurrian.

Bukatzeko, aldian-aldian inguruko herritarrengan ez ezik, Aralar maite dugun guztiongan haserrea eta tristura sortzen duen gaia aipatu behar da: mendi-pistak. EAJ eta EH Bildu alderdi politikoek pista berriak ireki edota egokitzeko adostasuna erakutsi dute. Baimendutako 4 x 4 ibilgailuentzat eta atoi txiki batean ganadua eta materialak eramateko izango direla aipatuz justifikatu badituzte ere, pistak ingurumen-sentsibilitate handiko eremuan egin edota egokitu nahi dira, malda handiko eremuetan, sekulako higadura eraginez. Kontuan izanda, gainera, txabolak berrantolatuta eta pisten ondoan daudenak lehenetsita, ez legokeela pista gehiagoren beharrik.

Zehaztasunik gabe bada ere, planean aipatzen da pistak behar direla txabolak ez dauden eta ganadu larriak bazkatzen duten inguruetara hurbiltzeko. Abeltzainen tipologia hau da inoiz eta inola ezaugarritu nahi ez dena. Zenbat dira ibilgailuekin gora eta behera ibili nahi duten horien artean profesionalak? Nolako ekarpena egiten diote sektoreari? Artzainen duintasunaren izenean justifikatzen dira azpiegitura hauek, baina benetan zeinen interesak dira lehenetsi nahi direnak? HAZI Fundazioaren planak ez du jasotzen honi buruzko argibiderik. Artzaintza eta abeltzaintza sustatzeko laguntzak ematea egokia ez ezik, beharrezkoa ere bada, baina beti ere, Aralarko ondare naturala kaltetu gabe. Mendi-pistak bateraezinak dira helburu horrekin.

EH Bilduk eta EAJk adostutako akordioarekin Plan Orokorra ontzat eman bada ere, oraindik Mankomunitateko Batzarrak ez dio onespena eman eta ez herrietan eta ezta udal batzetan, ez da eztabaidatu. Plan hau ezin da bere horretan onartu, ez dituelako Aralarko Parke Naturalaren eremu banaketaren arrazoibideak edota Euskadiko Natura-ondarearen Kontserbazio legearen, eta Europak berriki onartutako Natura Leheneratzeko Legearen xedeak betetzen: konplexutasun ekologiko handiko natur eremuak berreskuratzea, ustiapenetik salbu. Helburu hau lehentasunezkoa da gurea bezalako eremu antropizatuan; izan ere, biodibertsitatearen eta ustiapenaren arteko orekatik oso urrun daude Gipuzkoan babestutako eremu guztiak.

Aralar larreak, pistak eta abereak baino gehiago da: sastrakak, harkaiztegiak, errekak, leizeak, basoak eta bertan bizi diren bizidun guztiak dira. HAZIren Planean jasotzen denez, antzinatik gizakiaren ustiapenak eragin du gaur egun ikusgai dugun natura humanizatua. Halaxe, natura izan zelako da, baina natura delako izaten jarraitzea nahi badugu, bada garaia, natura eta biodibertsitatea berreskuratzeko planak gauzatzeko, gizarteak dituen bestelako beharrak balioan jarriz: natur ingurune aberatsak eta osasuntsuak.

Aitziber Sarobe, Edurne Huesa, Hilario Manzanedo eta Karlos Murua, Gipuzkoako parke naturaleko patronatuetako ordezkariak

Landa lurrak babestu/zaindu ditzagun

Azken urtetan landa eremuan, bai lur pribatuan, baita lur publikoan ere, txabolak eta antzeko eraikinak ari dira ugaritzen, mota eta neurri ezberdinetakoak, hauekin batera baratzak. Hau dena, inolako baimenik gabe egiten ari dela uste dugu, landa lurretako erabilerek eta jarduerek indarrean dauden araudiak bete gabe, alegia. Honek biziki kezkatzen gaitu; izan ere, bertan egiten den kontrolik gabeko jardueraren ondorioz lurra kutsatzen da, ura kutsatzen da, era desberdinetako hondakinak pilatzen dira, paisaia desitxuratzen da eta abar.

Udalek egoera hori lehenbailehen zuzendu behar dute indarrean dauden araudiak aplikatuz, bestela, azken urtetan ematen ari den dinamika jarraituz gero, egoeraren irtenbidea zaildu eta handitu egingo baita aipatu ditugun ondorioak (era ezberdinetako kutsadura) gero eta handiago eta kezkagarriagoak izanik.

Udalek badute egoera ilegal honen berri, ez da ezkutuan gertatzen den zerbait eta araudia betearazteko erantzukizuna dute. Udalek, urbanoak edo urbanizagarriak diren eremuetan araudiak errazago betearazten dituzte, landa lurrean, berriz, (salatzen duguna ikusita) beste aldera begiratzen dutela dirudi.

Ez dakigu aipatutako jarrera egoera kontrolatzeko eta zuzentzeko bitarteko eta baliabide gutxi dituztelako ote den, baina hori ez da izan behar gaiari heltzeko aitzakia.

Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko udalei Eguzkik honako eskaera egin die; denbora galdu gabe egoera zuzentzeko urratsak ematen has daitezela. Lan horretan eta landa lurrak diren neurrian, Aldundiaren konplizitatea lortu beharko lukete.

Iñaki Otamendi: “Asko dugu ikasteko Gladysen belaunaldikoen borroka desobedienteez”

Iñaki Otamendi, Bake-Ekintza Antimilitaristako eta Bake Ikerketarako Dèlas Zentroko kidea, atzo, Gladys Enean, Donostian.

Eskerrik asko ekitaldi hunkigarri eta aldarrikatzaile honetan parte hartzera gonbidatzeagatik.

Bake-Ekintza Antimilitarista eta Bake Ikerketarako Centre Delàs-eko euskal ordezkaritzako kideak gara, eta lehenik eta behin aukera hau aprobetxatu nahi genuke aitortzeko Gladysek eta bere belaunaldiko pertsonek militarismoaren aurkako borrokan egindako ekarpena.

70eko eta 80ko hamarkadetan eskuin zein ezkerreko alderdi nagusiek (arrazoi ezberdinengatik)  zalantzan jartzen zituzten ideia antimilitaristak, baina korrontearen kontra militarismoa kritikatzen zuen mugimendu bat sortu zen: ekainaren 3an Gladys hil zuten egunean nuklearren aurkako borroka eta Bardeako Tiro Poligonoen aurkakoa eskutik joan ziren.

80ko hamarkadan NATOren aurkako protesta oso zabala izan zen: urte batzuk geroago Zerbitzu Militarraren aurkako borroka talde minoritarioetatik abiatu zen berriro, objekzioaren eta intsumisioaren inguruan, baina urtez urte gehiengoaren borroka bilakatu zen eta gizartearen, herri-mugimenduaren, sindikatuen eta alderdien babesa lortu zuen: soldaduska desagertzea lortu genuen, garaipena erdietsi genuen, hemen zaudeten askoren partaidetzari esker ere.

Zoritxarrez, Bardeetako Tiro Poligonoak zutik dirau, orain Europan haize militaristak berpiztu dira, eta gizon-emakumeentzako derrigorrezko Soldadutza berriro ezartzeaz hitz egiten ari dira… horregatik , uste dugu asko dagoela ikasteko aipatu berri dutugun garai horietako borroka desobedienteen izaeraz eta uste dugu aniztasunean oinarritutako elkarlan aliantzak berreraiki behar ditugula.

Parke honen bestaldean dagoen Loiolako koartelean Soldaduska sufritu zuten askok: aste honetan asko hitz egin da etxebizitza-eskaintza berriaz, baina inork ez daki Donostian edo Gipuzkoan kuartel berri bat egingo ote den. Gure ustez, adi egon behar dugu eta kuartel berri baten edozein proiekturen aurkako borroka suspertu eta indartu behar da.

Gladysek eta bere kideek, gerra hotzaren gailurra bizi izan zuten, Berlingo Harresia erori ondoren blokeen arteko enfrentamendutik Ameriketako Estatu Batuen nagusitasun bortitzera igaro ginen, non Europako agintariak NATOren bidez Yankien desioen mende jarri ziren (gogoratu Jugoslaviako gerrak, Irak, Afganistan… eta ahaztutako beste haibat gatazka).

Ukrainako gerra NATOren espantsionismoaren eta estatu errusiar erabat militarista baten arteko talkaren ondorioa da. Eta orain, Trumpek “jokoaren arauak” aldatu nahi dituenean, Europako agintariek gogoeta egiteko probestu ordez murgildu dira gastu militarra handitu eta industria belikoa indartzeko militarizazio prozesu basati batean. Gerra Ukrania eta Errusiako herritarrek sufritzen dute, baina zalantzarik ez izan mobilizatzen ez bagara, hemen biziko ditugula murrizketak gastu sozialean, hezkuntzan, zaintza eta osasungintzan.

Gazan genozidio bat bizi duten arren, egoera jasanezin honen aurrean, agintarien ahoetatik dolu hitzak entzuten ditugu soilik…  Europako estatuak Israelek “gatazkan probatutako armen” eta kontrol teknologien menpeko dira, sal-erosketa erlazio baten menpe:  Israel eta europako enpresen arteko elkarlan  proiektu asko daude, eta Euskal Herrian baditugu hainbat adibide: Beasainen CAF-ek lurrralde okupatuetan trenbidea  eraikitzeko asmoa du, edo Aperribayk zuzentzen duen Andoaingo SAPAn Dragoi tankeen blindatze proiektuak daude, edo Getxoko SENER enpresan garatzen dira aereonautika edo misilgintzako ikerketak, denak Isralekeko enpresekin lankidetzan.

Gure esku badago ere honetan eragitea: “Gerra hemen hasten da” esaldiak adierazten du gerra erabiltzen dela gure bizi maila mantentzeko eta gutxi batzuen interes ekonomikoa elikatzeko, baina gerra hemendik geratu dezakegu ere.

Horregatik, ezin ditugu onartu Europako eskalada militarra euskal enpresentzako negozio-aukera gisa saltzen digutenen diskurtsoak: azken hamarkadan hirukoiztu egin da programa militarren bat duten enpresen edo erakundeen kopurua, eta jada 200 baino gehiago dira. Argi dugu batetik borroka egin behar dugula zerrenda horretan enpresa berriak sartzearen aurka, eta bestetik gaur egungo armagintza proiektuak dituzten enpresen moldaketa sustatu behar da, horrela sistema kapitalistatik urruntzeko lagungarri izango den produkzio zibila garatu dezaten.

Egoera latza da, eta bide zaila dela badakigu, baina badakigu herritar, langile eta sindikatuen gehiengoak ez duela babesten gerra logika, eta gure esku dago zein pausu eman ditzakegun erabakitzea desmilitarizazio prozesuan aurrera egiteko. Ez da soilik desio bat, bide horretan gabiltza jada lanean, izango duzue laster honen berri eta zuen partaidetza beharrezkoa izango da, lehen aipatu dugun intsumisioaren kanpainan bezala, bakoitzak bere ekarpena egin dezan.

Mila esker berriz antolatzaileei eta hemen bildutakoei, eta Gladysek erakutrsi zigun bezala ekologismoak, feminismoak eta antimilitarismoak eskutik bidean aurrera egiten jarrai dezatela gizarte hobeago baten eraikuntzan.

Iñaki Otamendi, Bake-Ekintza Antimilitaristako eta Centre Dèlas-eko euskal ordezkaritzako kidea

(*) Eguzkiko eta Gladys Gogoan kolektiboko antolatzaileok eskatuta, Iñaki Otamendik parte hartu zuen atzo Gladys del Estali Donostian eskaini genion omenaldian. Otamendik adierazitakoa testu honetan bilduta dago. Testu hauxe bera atzo ere argitaratu genuen, omenaldiaren kronika eta irudiekin batera, baina, egia esan, nahiko galduta geratu zen. Horregatik erabaki dugu espazio propioa ematea.

Gladysen omenaldiaren kronika eta irudiak

Parkeko atean, Gladys Enea izena aldarrikatuz.

Asteartean, hilak 3, 46 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan. Urtero bezala, Gladys fetxa hauetan gogoratu nahi izan dugu; zehatz-mehatz, gogoratze-ekitaldia gaur eguerdian egin dugu.

Hasteko, hona hemenomenaldiaren hainbat momentutan egindako bideo labur batzuk:

Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube

Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube

Gladys del Estalen omenaldia. – YouTube

Gladys del Estalen omenaldia – YouTube

Hemen ETBren bideo bat:

Gladys del Estal omendu dute Donostian, haren hilketaren 46. urteurrenean

Honako hau, berriz, Sara Ibargurenek Irutxulon argitaratutako kronika da, argazkiz ezin hobeto hornitua:

Gladys del Estal omendu dute, bere hilketaren 46. urteurrenaren harira – Irutxuloko Hitza : Irutxuloko Hitza

Ondorengo argazkiek ere omenaldiaren berri ematen dute:

Parkeko bidean, bizikletaz.

Abiatu da erromeria!

Aurreskua, Gladysen oroitarriaren aurrean.

Jende dezente bildu da, nahiz eta ordu berean Palestinaren aldeko elkarretaratze bat zegoen Alderdi Ederren. Izan ere, Gladysekiko konpromiso saihetsezinarengatik ez balitz, seguru denok Alderdi Ederren egongo ginatekeela.

Omenaldi guztietan bezala, Gladys musika eta lore artean gogoratzeaz gain, aktualitateko gai bati heldu diogu, eta aurten, azalpen handirik behar ez duten arrazoiengatik, GERRARIK EZ! aldarriak protagonismo berezia izan du, eta Gazako genozidioa oso presente egon da. Hemendik aurrera kopiatzen dugu Iñaki Otamendik, Bake-Ekintza Antimilitarista kolektiboko eta Dèlas Bakearen inguruko Ikerketa Zentroko kideak, egin duen hitzaldia, ekitaldian egindako hainbat argazki tartekatuz:

Eskerrik asko ekitaldi hunkigarri eta aldarrikatzaile honetan parte hartzera gonbidatzeagatik.

Bake-Ekintza Antimilitarista eta Centre Delàs-eko euskal ordezkaritzako kideak gara, eta lehenik eta behin aukera hau aprobetxatu nahi genuke aitortzeko Gladysek eta bere belaunaldiko pertsonek militarismoaren aurkako borrokan egindako ekarpena.

Iñaki Otamendi, Bake-Ekintza Antimilitaristako eta Dèlas Zentroko Euskal Ordezkaritzako kidea.

70eko eta 80ko hamarkadetan eskuin zein ezkerreko alderdi nagusiek (arrazoi ezberdinengatik)  zalantzan jartzen zituzten ideia antimilitaristak, baina korrontearen kontra militarismoa kritikatzen zuen mugimendu bat sortu zen: ekainaren 3an Gladys hil zuten egunean nuklearren aurkako borroka eta Bardeako Tiro Poligonoen aurkakoa eskutik joan ziren.

80ko hamarkadan NATOren aurkako protesta oso zabala izan zen: urte batzuk geroago Zerbitzu Militarraren aurkako borroka talde minoritarioetatik abiatu zen berriro, objekzioaren eta intsumisioaren inguruan, baina urtez urte gehiengoaren borroka bilakatu zen eta gizartearen, herri-mugimenduaren, sindikatuen eta alderdien babesa lortu zuen: soldaduska desagertzea lortu genuen, garaipena erdietsi genuen, hemen zaudeten askoren partaidetzari esker ere.

Gaza bertaratutako askoren ahoan eta guztien gogoan egon da.

Zoritxarrez, Bardeetako Tiro Poligonoak zutik dirau, orain Europan haize militaristak berpiztu dira, eta gizon-emakumeentzako derrigorrezko Soldadutza berriro ezartzeaz hitz egiten ari dira… horregatik , uste dugu asko dagoela ikasteko aipatu berri dutugun garai horietako borroka desobedienteen izaeraz eta uste dugu aniztasunean oinarritutako elkarlan aliantzak berreraiki behar ditugula.

Parke honen bestaldean dagoen Loiolako koartelean Soldaduska sufritu zuten askok: aste honetan asko hitz egin da etxebizitza-eskaintza berriaz, baina inork ez daki Donostian edo Gipuzkoan kuartel berri bat egingo ote den. Gure ustez, adi egon behar dugu eta kuartel berri baten edozein proiekturen aurkako borroka suspertu eta indartu behar da.

Gladysek eta bere kideek, gerra hotzaren gailurra bizi izan zuten, Berlingo Harresia erori ondoren blokeen arteko enfrentamendutik Ameriketako Estatu Batuen nagusitasun bortitzera igaro ginen, non Europako agintariak NATOren bidez Yankien desioen mende jarri ziren (gogoratu Jugoslaviako gerrak, Irak, Afganistan… eta ahaztutako beste haibat gatazka).

Ukrainako gerra NATOren espantsionismoaren eta estatu errusiar erabat militarista baten arteko talkaren ondorioa da. Eta orain, Trumpek “jokoaren arauak” aldatu nahi dituenean, Europako agintariek gogoeta egiteko probestu ordez murgildu dira gastu militarra handitu eta industria belikoa indartzeko militarizazio prozesu basati batean. Gerra Ukrania eta Errusiako herritarrek sufritzen dute, baina zalantzarik ez izan mobilizatzen ez bagara, hemen biziko ditugula murrizketak gastu sozialean, hezkuntzan, zaintza eta osasungintzan.

Nokono kantariak pieza pare batekin animatu du omenaldia.

Gazan genozidio bat bizi duten arren, egoera jasanezin honen aurrean, agintarien ahoetatik dolu hitzak entzuten ditugu soilik…  Europako estatuak Israelek “gatazkan probatutako armen” eta kontrol teknologien menpeko dira, sal-erosketa erlazio baten menpe:  Israel eta europako enpresen arteko elkarlan  proiektu asko daude, eta Euskal Herrian baditugu hainbat adibide: Beasainen CAF-ek lurrralde okupatuetan trenbidea  eraikitzeko asmoa du, edo Aperribayk zuzentzen duen Andoaingo SAPAn Dragoi tankeen blindatze proiektuak daude, edo Getxoko SENER enpresan garatzen dira aereonautika edo misilgintzako ikerketak, denak Isralekeko enpresekin lankidetzan.

Gladysek badu jotera ofizial bat: Esther Zabalegi. Aurtengoan ere ez du huts egin, eta ohi bezain kementsu hitz egin eta kantatu du.

Gure esku badago ere honetan eragitea: “Gerra hemen hasten da” esaldiak adierazten du gerra erabiltzen dela gure bizi maila mantentzeko eta gutxi batzuen interes ekonomikoa elikatzeko, baina gerra hemendik geratu dezakegu ere.

Horregatik, ezin ditugu onartu Europako eskalada militarra euskal enpresentzako negozio-aukera gisa saltzen digutenen diskurtsoak: azken hamarkadan hirukoiztu egin da programa militarren bat duten enpresen edo erakundeen kopurua, eta jada 200 baino gehiago dira. Argi dugu batetik borroka egin behar dugula zerrenda horretan enpresa berriak sartzearen aurka, eta bestetik gaur egungo armagintza proiektuak dituzten enpresen moldaketa sustatu behar da, horrela sistema kapitalistatik urruntzeko lagungarri izango den produkzio zibila garatu dezaten.

Egoera latza da, eta bide zaila dela badakigu, baina badakigu herritar, langile eta sindikatuen gehiengoak ez duela babesten gerra logika, eta gure esku dago zein pausu eman ditzakegun erabakitzea desmilitarizazio prozesuan aurrera egiteko. Ez da soilik desio bat, bide horretan gabiltza jada lanean, izango duzue laster honen berri eta zuen partaidetza beharrezkoa izango da, lehen aipatu dugun intsumisioaren kanpainan bezala, bakoitzak bere ekarpena egin dezan.

Mila esker berriz antolatzaileei eta hemen bildutakoei, eta Gladysek erakutrsi zigun bezala ekologismoak, feminismoak eta antimilitarismoak eskutik bidean aurrera egiten jarrai dezatela gizarte hobeago baten eraikuntzan.

Honaino, Iñaki Otamendik esandakoa. Eskerrik asko bihotz-bihotzez omenaldi hau posible egiten duzuen guztiei

Iru Kanale irla leheneratzeko eskatu du Eguzkik

Eusko Jaurlaritzak 1994. urtean Txingudiko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia onartu zuen. Plan horrek Txingudiko biodibertsitatea berreskuratzeko hainbat neurri zehazten zituen, horien artean irletara bideratutakoak. Helburu hori lortzeko, irlak “babesa integrala duten guneak (zorrotzena)” bezala izendatu zituen eta bertan debekatuak dauden erabilerak zehazten zituen (nekazaritza).

Aurrerago eta Txingudiko biodibertsitatea hobetzeko eta babesteko Europa mailan urratsak eman ziren, hasieran Interes Komunitarioko Lekua (IKL) izateko hainbat lan egin ziren eta, horren ondorioz, 1997ko abenduan izendapen hori jaso zuen.

Ondoren, ekainaren 4ko 356/2013 Dekretua argitaratu zen EHAAn, “Txingudi-Bidasoa” Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari buruzkoa, eta eremu horren eta “Txingudi” Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriak onartzeari buruzkoa, biak Natura 2000 Sarearen esparruan.

Beraz, Plan berezia onartu zenetik 31 urte pasa dira, Interes Komunitario lekua (IKL) izendatu zenetik 28 urte igaro dira eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena jaso zuenetik eta eremu horietako onartutako kontserbazio-neurriak ezarri zirenetik laster 12 urte beteko dira.  KBEk jarritako neurriak betetzeko 8 urteko epea zegoen, gaur egun epe hori erabat gainditua dago.

Zoritxarrez, gauzatuak egon beharko liratekeen kontserbazio-neurri asko gaur egun ez daude beteak, hala ere, idazki honetan eta hasieran esaten dugun bezala, arreta jarri nahi dugu Iru Kanale irlako egoeran (baratzak).

Aipatu 3 dokumentuak bat egiten dute Iru Kanale irlan egin behar denarekin, eta dauden baratzak hortik kentzea da lehena, eta ondoren leheneratzeko zehaztuak dauden ekintzekin jarraitu. Gezurra dirudi gaur egun duela 31 urte babes integraleko izendatu zen eremuan leheneratu beharreko nekazaritza-guneak egotea.

Hau guztia esan eta gero, uste osoa dugu gai honetan (eta bestetan ere) administrazioak egin duen kudeaketa txarra baino txarragoa izan dela esatean ez dugula huts egiten. Neurriak gauzatu behar ziren denboran zehar izandako arduradunak betebeharrei uko egin diete. Ez betetze egoera hau ezin da gehiago luzatu, eta ahalik eta azkarren indarrean dagoen legediko/araudiko kontserbazio-neurri guztiak bete behar dira.

Gai honetarako Aldundiko oraingo arduradunak (Arruti jaunak) bere burua non kokatu nahi duen erabaki behar du, orain arte betebeharrei uko egin dioten arduradunekin egon edo legedia eta araudia betez kontserbazio-neurriak betearazi. 2025eko maiatzaren 27an aurkeztu dugun eskaerari emango dion erantzunak bere jarrera argituko du.