Eguzkik Remi Fraisse gaztearen hilketa salatzen du

Remi FraisseJoan den asteburuan, Polizia frantsesa Okzitaniako Sivens-eko urtegi proiektuaren kontra ari zinenei oldartu zitzaien eta Remi Fraisse gaztea hil zuen. Hilketa hau dela eta, Eguzkikook, ezer baino lehen, senide eta lagunei haien saminarekin bat gatozela adierazi nahi diegu.

Halaber, polizi jazarpena oraingoan ere hiltzeko moduko bitartekoekin egin dela salatu nahi dugu. Alferrik dator orain Bernard Cazeneuve Barne ministro frantsesa esaka istiluen kontrako material jakin baten erabilera bertan behera utziko duela. Triste antzean egin baditu ere, adierazpenok, Remiri, behintzat, ez diote jada ezertarako balio. Gainera, beldur gara ez ote dituen egin gaztearen heriotzak herritarren artean sortu duen haserrea baretze aldera. Guk sinetsi nahi genioke, benetan, baina gure herrian ere horrelako egoerak ezagutu ditugu, eskarmentatuta gaude, eta horregatik, horrelako adierazpenon aurrean, sinesgogorrak izan beharrean gara, ezinbestez. Izan ere, ez al da egia orain dela ez gehiegi gurean antzeko adierazpenak entzun ditugula? Eta, hala ere, oraindik ez da gomazko piloten gaineko debekurik ezarri.

Hasi bezala bukatuko dugu: senide eta lagunei gure elkartasuna.  Beti arte, Remi.

Euskal Herria. 2014-10-29

Jendarmeen granada batek hil zuen Okzitaniako ekintzaile ekologista

Portesta de Bizi y CADE ante la subprefectura de Baiona

Portesta de Bizi y CADE ante la subprefectura de Baiona

Iturria: Argia.

Remi Fraisse ekologistaren heriotza nola gertatu zen argitzen ari da. France Inforen webgunean irakur daitekeenez, jendarmeek jaurtitako granada batek hil zuela dioen tesia indartzen ari da.

“TNT arrastoak aurkitu ditugu biktimaren arropen artean”, adierazi du Claude Dérens Okzitaniako Albi hiriko prokuradoreak.

Astelehenetik zen jakina 21 urteko gaztea, Testeteko (Okzitania) paduran urtegi bat eraikitzearen aurka antolatutako protestan parte hartzen ari zela, leherketa baten erruz hil zela.

Baina ikertzaileek nolako lehergailua izan den jakin nahi zuten. TNT arrastoak daudela jakinda, eta jendarmeek lehergailu mota hori erabiltzen dutela, hilketaren arduraduna segurtasun indarretako kidea dela baieztatu liteke.

Heriotza salatzeko elkarretaratzea Baionan

Bizi! mugimenduak Remi Fraisseren heriotza salatzeko elkarretaratzea deitu zuen asteartean Baionako suprefekturaren aitzinean.

Mugimendu altermundialistako kide Mattin Ihidopek Info7 irratian azaldu du “bortizkeriarik gabeko erresistentzia” egiten ari zirela Testeteko protesta. “Indarkeria basati hori nahi dugu salatu, ez da posible hildako bat gehiago ukaitea, proiektu hori gelditu behar da”.