Aurreko legealdian Errauste plantaren proiektua egin nahi izan zuten, nahiz eta bazekiten Gipuzkoarrek ez zutela zentzugabekeri hori babesten. Proiektua aurrera ateratzeko, Carlos Ormazabalek eta Denis Itsasok ez zuten inolako zalantzarik izan banketxe eta sektoreko enpresen menpe jartzeko. Dena lotuta utzi nahi izan zuten, nahiz eta jakin proiektua gaindimentsionatua zegoela eta horrek kataklismo ekonomikoa ekarriko zuela Gipuzkoarrontzat. Banketxeek bi aukera eman baitzieten: zaborra kanpotik ekartzea ala herritar guztiok ordaintzen dugun tarifa behar adina igotzea hurrengo 20 urtetan.
Orain Denis Itsasok onartzen du errauste plantaren proiektua gaindimentsionatua zegoela eta orduan, zer egin? Aurrera jarraitu ekonomi eta ingurumen kataklismoa azken muturreraino eramanez? ala proiektua egungo beharretara egokitu?
Baina proiektua %10 baino gehiago ez zegoen aldatzerik legea urratu gabe. Hori guztia jakin arren, Denis Itsasok San Marko mankomunitateko zuzendaritzaren kargua erabili zuen GHK auzibidean jartzeko, hain zuzen ere, gaizki diseinatutako azpiegitura hori gelditzeagatik.
Orain bere erantzukizuna beste batzuen gain utzi nahi du, baina bera lehendakariordea zen zentzugabekeri ekonomiko hori sinatu zutenean. Bankuek, betiko moduan, euren baldintzak jarri zituzten etekinak areagotzeko, nahiz eta horrek kaltea besterik ez ekarri gipuzkoarroi. Azpiegitura egin ala ez egin, haiek berdin kobratuko zutela ziurtatu nahi izan zuten SWAP produktuen bidez.
Denis Itsasok erantzukizun zuzena dauka SWAPen auzian, bera baitzen Carlos Ormazabalekin batera GHKn erabakiak hartzeko arduraduna. Errauste plantak 500 milioi euroko aurrekontua zeukan eta dirutza horri aurre egitea izango zen benetako kataklismo finantzarioa. Errauste plantak aurrera jarraitu izan balu, udalerriek gaur gaurkoz tarifa bikoitza ordaindu beharko lukete.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak diseinatutako azpiegitura berriek, aldiz, erantzun integrala emango diote hondakinen tratamenduari eta zikloa modu iraunkor batean ixteko baliagarriak izango dira. SWAPen auzia banketxeen alde aterata ere, oraindik 250 milioi euro aurreztuko genituzke, plangintza berriak, SWAPen balizko galerak barne, aurrekoaren koste erdia baitauka, 250 milioi euroko kostea, hain zuzen ere.