Alde batetik, Oiartzungo Talaia industria gunean dagoen garbigunearen kanpo aldean sortzen den egoeraz idatzi bat aurkeztu du Eguzkik Oiartzungo Udalean eta San Marko Mankomunitatean, egoera tamalgarri hori konpontzeko behar diren bitartekoak ahalik eta azkarren martxan jar dezaten eskatuz.
Argazkietan ikus daitekeen bezala, egoera onartezina da, eta aipatu bi erakunde horiek, bakoitzak bere esparruan eta bere eskumenak erabiliz, egoera horren bukaera gauzatzeko ardura dute. Epe ertain batean egoera konpontzen ez bada, dagokionari erantzukizunak eskatuko dizkio Eguzkik.
Bestetik, Oiartzungo ibaiaren errekuperazio bidean bertan zeuden hainbat oztopo kendu dituzte erakunde publikoek azken bi urteotan. Fanderiako presaren kasuan, presa berreraiki beharrean arrapala egin zen, ibaiaren biodibertsitatearen onerako. Hala ere, oraindik badira oztopo batzuk Oiartzun ibaian, besteak beste Iurritako presa. Eguzki Taldeak Oiartzungo Udalari eta Aldundiari presa hau kentzeko eskatu die idatzi baten bidez. Fanderian gertatu bezala, irtenbide egoki bat bilatu behar da, ibaiaren errekuperazioa eta naturaren defentsa bermatzeko.