Albistea

  • Goi tentsioko linea salatzeko, protestara deitu du Autopista Elektrikorik Ez taldeak larunbata 7an

    2015-02-05
    Partekatu - Compartelo

    goi tentsioa itsaso 2014Iturria: Autopista elektrikorik ez !

    Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko proiektua Espainiako 2015-2020 Energia Plangintzan ez sartzeko eskatu nahi dio plataformak Nafarroari, eta agerraldia eskatu dio parlamentuko industria batzordeari.

    Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko lineak helburu garbia du, Autopista Elektrikorik Ez taldearen ustez. “Energia enpresa multinazional handien interesak lagundu nahi ditu”, azaldu du Enrique Miranda Zizur zendeako hautetsiak. Haren ustez, plangintzak goi tentsioko linea defenditzeko argudiorik gabe utzi du Nafarroako Gobernua.

    Nafarroako eta Gipuzkoako beharrak asetzeko, Ezkio-Itsaso eta Orkoien (Nafarroa) arteko egungo lineak indartu nahi dituztela azaldu du Mirandak, eta, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linearen bidez, berriz, esportazioak bultzatu nahi dituztela. Gobernuaren asmoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute larunbatean, Goi tentsioko lineari ez lelopean. 12:00etan egingo dute, Nafarroako Gobernuaren aurrean.

    Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzaren barne dago REE Red Electrica de EspaƱak egin asmo duen 400 kilowatteko linea, eta plangintzari ekarpenak egiteko epea dute orain Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Autopista Elektrikorik Ez taldeak agerraldia eskatu dio Nafarroako Parlamentuko industria batzordeari: “Tokiko administrazioek ezin dugu ekarpenik egin; horregatik, gure argudioak Industria Ministeriora eramateko eskatu nahi diogu Nafarroako Gobernuari”. Pedro Azparren Oltzako alkateak azaldu duenez, nahitaezko txosten teknikoa egingo dute. Martxoaren 3an amaitzen da ekarpenak egiteko epea.

    Hiru urte dira goi tentsioko linea aurkeztu zutela, eta, Azparrenek azaldu duenez, plataformak 14.000 helegite jarri zituen 2013ko uztailean; eta herrien borondatea galdetzeko berrogei herri batzarrek herri galdeketak egin zituzten. Urriaren 25ean aurkeztu zuten Herrien borondate errespetatzen duen irtenbide baten aldeko adierazpena, Donostian, eta, oraingoz, 247 hautetsik eta 247 elkartek sinatu dute. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu lotuko lituzkeen egitasmoa geldiarazteko eskumen zuzenik ez duten arren, plan elektrikoan ez sartzea galdegin die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Nafar gobernuaren erantzuna udalei bizkarra ematea izan da, Azparrenen esanetan: “Argudioz zurtz”.


    Partekatu - Compartelo