Osinbeltzeko proiektuaren inguruko solasaldiak Zestoan
2015-04-18
Partekatu - Compartelo
Iturria: Urola kostako hitza.
Peter Fink paisaiaren arkitektoa Zestoan izan da, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gonbidatua. Osinbeltzeko proiektuaren inguruko solasaldiak eskaini ditu herrian adituak, eta “erabakiak hartzeko une zirraragarria” bizi dute zestoarrek, haren arabera.
Metafora argiak erabiltzen ditu Peter Fink paisaiaren arkitekto eta ingurumen diseinatzaile eskarmentudunak Osinbeltzeko auziaz hitz egiteko. “Hau futbola bezala da, bakoitza bere taldearen alde dago, eta ahal duena emango du irabazteko. Horregatik da beharrezkoa epaile ona egotea. Asko dago jokoan, eta azaroa bitartean arau guztiak ezagutzeko aukera izango dute zestoarrek. Orduan erabakiko dute beraien partidua den ala ez”, iritzi dio artistak.
Fink-ek zinez sinesten du prozesu parte-hartzaileetan, eta horregatik iruditzen zaio “zirraragarria” momentu honetan Zestoan egotea. Astebete igaro zuen herrian adituak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak gonbidatuta, eta herritar ugarik izan dute harekin hitz egiteko parada. “Eroso” sentitzen da bera Zestoan, eta uste du “kultura indartsua” duen lekua dela Euskal Herria.
Londresen (Erresuma Batua) buru-belarri egin zuen lana arkitektoak Osinbeltzeko parte hartzeko proiektuaren gisako egitasmo batean, eta behin eta berriz aipatzen du hura Zestoako kasuaz hitz egitean. Northala Fields Urban Park da Erresuma Batuko proiektua. Wembley estadioaren hondakinetatik parke publiko bat sortu zuten, herritarren iritzia kontuan hartuta.
Zestoarrei begira, adituak dio “bizitzan behin” gertatuko zaien esperientzia dela Osinbeltzeko harrobiari buruz iritzia emateko aukera izatea: “Beraien bizitza hobetu dezakete, eta beraien esku dago; izan ere, ardura herritarren eskuetan uzten du proiektuak”. Finkek, ordea, argi du prozesua ezin dela “zerbait politikoa” bezala ikusi, “esperientzia pertsonal” gisa baizik.
Zestoako Guggenheim
Guggenheim museoarekin alderatu du Osinbeltz pasaiaren arkitektoak. Izan ere, “Zestoaren historia kontatzen duen tokia izan daiteke”. Haren arabera, Guggenheim-ek izena eman zion Euskal Herriari, baina museoak berak ez du bertako “esentzia”. Osinbeltz “eredu berria” izan daitekeela ere uste du hark: “Ekonomiari eta turismoari dagokionez ere berritzailea izan daiteke, Zestoak kobazuloak eskaintzen ditu; orain, harrobiarekin, aukerak sor ditzakegu turistak inguruotan gelditzeko”.
Herriaren hautuak
Osinbeltzeko proiektua garrantzitsua izan daiteke Europa osoarentzat paisaiaren arkitektoaren aburuz. Berak “oso posizio argia” duela esan du; izan ere, “lan asko” egin du horrelako proiektuetan, eta uste du Zestoako egitasmoak natura errespeta dezakeela, modu gardenean.
Hala ere, “herritarren hautua, hausnarketa eta informazioa” lehenesten ditu Finkek. “Zestoarrei esan behar zaie ez direla subjektu pasiboak, beraiek esku-hartze handia dutela etorkizunean: inplikatu egin behar dute”.
Adituaren helburua “herritarrei lapurtu dieten burua bueltatzea” da: “Beraien ahotsa aurkitu behar dute, besteei entzunez. Galdetu egin behar dute, eta elkarrekin hitz egin”. Osinbeltzeko proiektuak aurrera eginez gero, bertan heziketa ere landu daitekeela pentsatzen du Erresuma Batuko gonbidatuak.
Aurkako ahotsak
Zestoan igaro dituen egunetan, Finkek ikusi du Osinbeltzeko proiektuaren aurka dauden herritarrak ere badirela. Horren aurrean esan du “ezezagunaren” aurrean duten ikuspuntua ulertzekoa dela, eta gisa horretako prozesuetan normala dela zalantzak sortzea.
Hala ere, nabarmendu du birziklatzea “beharrezkoa” denez, aukera bat bezala ikusi behar dutela zestoarrek harrobia. “Herritar guztiek dute ardura hondakinak banatzeko; eta, horrela, paisaia bat berreskuratuko dute herrian”. Gainera, esan du materia horretan lan egiten duten ingeniari onenak daudela prozesuan, Alemaniako enpresa batekoak.
Fink herritarrekin egoteagatik etorri da Euskal Herrira. Bere hitzekin azaldu nahi zien Zestoakoei “motorra martxan” dela. Hark ez du zalantzarik proiektuaren bideragarritasunean, “oso argi” ez balu, ez litzatekeelako inplikatuko. Ilusioz bueltatu da sorterrira Fink: “Partida abian da, eta zestoarren esku dago joko ona egitea”.