Albistea

  • Lasarte-Oriak birziklatze-bidean beste urtebete galdu duela salatzen du Eguzkik

    2015-12-26
    Partekatu - Compartelo

    lasarte parkeko-zaborrontziak 2015 apirilaAgindutakoaren kontra, 5. edukiontzia ere ez da ezarri.

    Lasarte-Oriak birziklatze-bidean pausoak emateko beste urtebete galdu du. 2015. urtea bukatzekotan den honetan, 5. edukiontzia ere ez dute ezarri, ezarriko zutela agindu zuten arren. Seguru asko gaur egun Lasarte-Oria da (Andoainekin batera) herritarrei etxeko zaborretako zati organikoa aparte biltzeko aukera eskaintzen ez dien Gipuzkoako herri bakarra.

    Aurreko legegintzaldian, Udalak 5. Edukiontzia Ezartzeko Batzorde Berezia eratu zuen, PSEren eta EAJren ekimenez, biziklatze-bidean pauso eragingarriagorik trabatzeko helburu. 2014ko apirilean, Batzordeko lehendakari Jesus Zaballosek 5. edukiontzia urte hartan bertan ezarriko zela iragarri zuen, harrabots handiarekin iragarri ere.

    Joan den otsailean, agindutakoa bete ez zela ikusirik, Eguzkik eta Zero Zaborrek ohar bat plazaratu genuen, Lasarte-Oriak birziklatze-bidean pausoak emateko legegintzaldia galtzear zegoela salatuz.

    Zaballosek erantzun zuen 5. edukiontzia ezarri ez izanaren erantzukizuna ez zela harena, Alkatetzarena baizik (orduan Bilduren eskuetan), besteak beste, 2015eko Udal Aurrekontua onartu gabe zegoelako.

    Guk, alderdien arteko ika-miketan sartzeko batere asmorik gabe baina argi eta garbi, hura aitzakia baino ez zela esan genuen. Izan ere, baldin eta 5. edukiontzia ezartzea 2015eko aurrekontuaren edo Alkatetzaren mende bazegoen, zergatik egin zuen berak, Zaballosek, 2014an egin zuen iragarpena eta, gainera, egin zuen moduan?

    Denborak gauzak bere lekuan ipini ditu: 2015eko Udal Aurrekontua maiatzeko hauteskundeak egin aurretik onartu zen; are gehiago, egin ondotik Zaballos bera da alkate. Beraz, zergatik ez du 5. edukiontzia ezarri? Oraindik astirik izan ez duela ere ezin du argudiatu. Izan ere, beste batzuek, adibidez, alderdikide duen Pasaiako alkateak, 5. edukiontzia ezartzeko ez ezik, atez atekoa kentzeko denbora ere izan dute, eta hilabeteak sobratu zaizkio. (Beharbada hori da gai hau ulertzeko giltzarrietako bat, alegia, 5. edukiontzia, birziklatze-tresna gisa erabili ordez, pauso eragindarriagoak ez hartzeko barrikada gisa erabili dela.)

    Kontua da Lasarte-Oriako Udalak ez omen duela 5. edukiontzia ezartzeko astirik izan, baina bai PIGRUGen aldeko mozio bat onartzeko, PSE, EAJ eta PPren botoekin. Mozio horretan, funtsean, erraustegiaren alde egiten dute (nahiz eta, ezaguna denez, PSEk, beste mozio baten bidez, ñabardura garrantzitsua gehitu duen: “Zubietan ez”), baina testua, 5. edukiontziari dagokionez ere, mamitsu bezain paradoxikoa da. Izan ere, lehen puntuan, Udalak herritarrei eskatzen die gogotik egiteko birziklatzearen alde, baina ez du gogo hori bideratzeko bitartekorik jartzen, izan ere, 5. edukiontziak ezarri gabe jarraitzen du. Azken puntuan, berriz, Foru Aldundiari eskatzen dio PIGRUGek ezarritako gutxienezko birziklatze-maila lortzen ez duten herriei zigortzeko; bada, Lasarte-Oria zerrendako lehena izango da. Ez esan paradoxikoa ez denik birziklatzeko bitartekorik jarri ez eta, aldi berean, behar beste ez birziklatzeagatik norberaren buruarentzako zigorra aldarrikatzea.

    Tira, 2016. urtea ere, urte berri gehienak bezala, mirari-urtea izango omen da. Ea 5. edukiontzia ezartzekoa ere baden. Frogatuta dagoenez, 5. edukiontzia panazea izatetik oso-oso urruti dago, baina agindutakoa bete dezaten, behintzat.

    Urte berri on.


    Partekatu - Compartelo