Eguzkik helegitea jarri du ehizeko Foru Aginduaren kontra
2016-01-07
Partekatu - Compartelo
Eguzkik helegitea jarri du basurdeak eta orkatzak ostegunetan ere ehizatzea baimentzen duen Foru Aginduaren kontra.
Joan den abuztuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015-2016ko ehiza-kanpainarako baldintzak finkatzeko Foru Agindua argitaratu zuen. Horren arabera, ehiza aldiak iraun bitartean, basurde eta orkatzak larunbat, igande eta festa-egunetan bota zitezkeen. Orain dela gutxi, baina, Agindu berri bat argitaratu du, eta, horren arabera, berriz, larunbat, igande eta festa-egunetan ez ezik, ostegunetan ere bota ahal izango dira. Agindu berriaren kontrako helegitea jarri du Eguzkik.
Eguzkiren iritziz, harrigarria ere bada Agindu berriak erabakia justifikatzeko inolako ikerketa zientifiko edo txosten tekniko zehatzik ez aipatzea, eta uste du aldaketa ehizatariei eginiko opari berri bat dela. Izan ere, herri erakundeek beti izan dute ehiztarien kolektiboarekin politika klientelista egiteko joera.
Agindu berrian, Foru Aldundiak aldaketa justifikatzeko honako hau baino ez dio: “Azken hilabeteotan basurdearen kalteak areagotu egin dira Gipuzkoan, eta baserritarren eta nekazarien sindikatuen kexak ugaritu egin dira. Halaber, basurdearen populazioa, orkatzarenarekin batera, gora doa nabarmenki, urteroko jarraipenek garbi azaltzen dutenez”. Aipatutako bi espezieen populazioak azken urteotan gora doazela ezaguna zen abuztuan ere. Halaber, basurdeek eginiko kalteengatik jasotako aktak aurten iaz baino gehiago izango zirela ere ezaguna zen abuztuan. Hain justu, horixe aditzera ematen zuen aurtengo lehen hiruhilabetekoan jasotako akta kopuruak, Aldundiko iturriek egunkari bati adierazi ziotenez. (Esan dezagun, bide batez, akta hauek ehiztariek berek jasotzen dituztela). Beraz, abuztutik ez da gertatu aldaketa justifikatzen duen ezer, eta, batez ere, ez dago aldaketa justifikatzen duen azterketa zientifiko edo txosten teknikorik. Agindu berriak ez du horrelakorik aipatzen, behintzat.
Herri erakundeek fauna basatiaren biziraupena bermatu behar du. Orkatzen, basurdeen eta ehizatzekoak kontsiderantzen diren beste espezieen kasuetan ere, populazioen kudeaketa orekatu eta eraginkorra egiteko, ezinbestekoa da erabakiak azterketa zientifiko eta txosten teknikoetan oinarritzea. Adibidez, populazioen adin-piramidea, sexu bakoitzeko ale kopuru edo ehunekoa, gazteak taldeetan nola integratzen diren eta antzekoak argitzen dituzen azterketa zientifikoak; adibidez, zenbat areagotu diren basurdeek eginiko kalteak, nolakoak diren kalte horiek edo nolako kudeaketa-arazoak sortzen dituzten zehazten dituzten txosten teknikoak.
Herri erakundeek, halaber, jarduera ekonomikoak ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko aukera bermatu behar dute, baita lehen sektorean ere. Izan ere, gaur egun ahulduta dagoen arren, oinarri-oinarrizkoa izaten jarraitzen du. (Nahiz eta, egia esan, baserritarren kexak, kasu honetan, aitzakia baino ez diren susmoa dugun).
Eta herri erakundeek mendira eskopetarik gabe doazenen eskubideak ere bermatu behar dituzte, jakina.