Pasaiako badiako saneamenduaren (eta birgaitzearen) etengabeko atzerapena salatu du Eguzkik

Argazkia ibaia 3Pasaiako badiako saneamendua gero eta gehiago atzeratzen ari dela salatu nahi du Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak, Pasaialdeko birgaitzearen osagai garrantzitsu bat oztopatuz.
Plan Hidrologiko berriak Pasai Donibaneko saneamenduan lau milioi euro inbertitzea aurreikusten du 2016. eta 2021. urte bitartean. Baina oraindik ez dago lanak hasteko datarik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak ez duelako mahai gainean jartzen jarri behar duen inbertsioaren %75a.
Kontuan izan, 2007an, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zutela, eta Donibaneko saneamendua lan horietako bat zela. Orduan erabaki zuten %75 Eusko Jaurlaritzak ordainduko zuela URA Agentziaren bidez, eta gainerako %25a Añarbeko Mankomunitateak. Orduan ere esan zuten lanak 2008an egingo zirela, gero 2009an… eta gaur arte. Eta gaur, Plan Hidrologiko berriaren bidez, erakundeek beraien buruari 2021era arteko luzapena eman diote. Bitartean, Pasai Donibaneko ur zikinek zuzen-zuzenean badiara isurtzen jarraituko dute XXI. mendean.
Iztietan kolektorerik ez… 2027ra arte!
Donibanekoa, Pasaiako barruti oso bati dagokion neurrian, badian egin gabe dauden saneamendu-proiektuetatik adierazgarriena eta beharrezkoena izan daiteke, baina ez da bakarra, ezta hurrik eman ere. Horra beste adibide bat: Iztietakoa, Oreretan. Iztietako ur zikinak biltzeko kolektore berria ere aurreikusita zegoen 2007. eta 2011. urte bitarteko epean erakundeek egitea aurreikusi zituzten proiektuen artean. Ez da egin, ordea, eta, horren ondorioz, Plan Hidrologiko berriak horren beharra dagoela aitortu du. Bi milioi euroko inbertsioa aurreikusten du… 2022-2027 epean!
Glamour gutxiko proiektuak, baina ezinbestekoak
Pasaiako badian ez ezik Euskal Herri osoan ere saneamendu-proiektu asko egiteko dago. Plan Hidrologiko berrian errepikatzen den ideia bat hauxe da: egiteko dauden proiektuak egiten joango dira aurrekontu publikoek ahalbidetzen duten neurrian. Baina erakundeek, bereziki Eusko Jaurlaritzak, saneamendu-proiektuetara behar beste diru bideratzen ez badute, beste lehentasun batzuk dituztelako izango da, beharbada proiektu “estrategikoagoak”, AHT barne. Saneamendu-proiektuak oinarri-oinarrizkoak bai, baina ez omen dira “estrategikoak”, eta ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.
2016.04.15
Oarsoaldeko EGUZKI talde ekologista eta antinuklearra

Tolosa erdiko geralekuan (apeaderoan) 8 platano bota dituztela salatu nahi du Eguzkik

P1020439

Tolosa Erdiko geralekuan zortzi platano bota dituztela salatzen du Eguzkik.

Gure desadostasuna azaldu nahi dugu, gure ustez, zuhaitz hauek botatzea ez zelako beharrezkoa.

Halaber, RENFEri azalpenak emateko eskatzen diogu. Izan ere, orain dela hilabete batzuk beste hogei bat zuhaitz bota zituen geraleku ondoko ezpondan.

RENFEk geralekua “duindu” nahi badu, zuhaitzak bota gabe ere, badu zereginik. Horra hor itoginez jositako estalpea, ezeztatze-makinen aurrean sortu ohi den putzu handia, sabaitik zintzilik dauden kableak edota duela 15 bat urte erre zen eta oraindik ordezkatu ez duten eserlekua.

Baina horiek konpondu ordez, udan erabiltzaieei gerizpea eskaintzen zieten zuhaitzak bota dituzte. Horregatik uste dugu RENFEk azalpen bat, behintzat, eman behar duela.

Tolosa Erdiko geralekua, irisgarritasun zein arrisku aldetik, seguru asko RENFEk Gipuzkoan duen txarrena da. Horretaz hitz egiteko momentua ere iritsiko da.

EGUZKI
2016ko apirilean

Usain txarren itzulera Donostian

Zikuñaga Sta.Barbara

Donostiako hainbat auzotan aspaldi aditzen dira usain txarrak, auzokoen kexak eragin dituztenak.

Usain txar hauen iturriari buruzko hainbat hipotesi barajatu ondoren, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, usain-kutsadura hau zehatz-mehatz nondik datorren jakiteko azterketa enkargatu zion enpresa bati.

Azterketa 2013an egin zen eta, emaitzen arabera, usain txar horien iturria Hernaniko Zikuñagako paperola da (Papelera Guipuzkoana S.A.).

Azterketak zehazten zuen usain txarrak dimetil-sulfuro eta dimetil-disulfuroaren ondorio direla. Biak ala biak dira paper-ekoizpenarekin zerikusia duten produktuak.

Usain txarrak gehienbat gauez iristen dira, terral edo lehor-haizeek bultzatuta.

Auzorik afektatuenak Urumea bailarakoak dira, batez ere Martutene, Loiola, Ospitaleak, Amara… Egian, Intxaurrondon eta Grosen ere aditzen dira.

Azkenaldion, usain txarrak berriro aditzen ari dira.

2013ko azterketak zera zioen: “Enpresak usainak arintzeko neurri batzuk hartu ditu, baina ez dago garbi arintze hori iraunkorra izango den”.

Zoritxarrez, Estatu espainolean ez dago usain-kutsadura arautzen duen legerik. Baina horrek ez du esan nahi enpresa bati hutsune horretaz baliatzen utzi behar zaionik milaka herritarren kaltetan.

Uste dugu badela arazo hau behin betiko konpontzeko garaia. Horregatik Donostiako Udalari (eta Atigarragakoari eta Hernanikoari ere bai, jakina) eta Eusko Jaurlaritzari zera eskatzen diegu: enpresarekin behar diren hobekuntza tekniko eta produktiboak adostu ditzaten usain-kutsadura hori behin betiko desager dadin.

EGUZKI
2016ko apirilean