Albistea

  • Oñatin belatz handi bat tiroz bota dutelako Eguzkik jarritako salaketa onartu du Fiskaltzak

    2016-06-10
    Partekatu - Compartelo

    Belatza_contentOñatin tiroz belatz handi bat bota dutelako Eguzkik jarritako salaketa onartu du Gipuzkoako Fiskaltzak, eta ikertzeari ekin dio, talde ekologistak proposatu dituen txostenak eskatuz.

    Oñatiko Naturzaliak taldeko kideek informatu dutenez, orain dela hilabete bat larri zauritutako belatz handi bat aurkitu zuten San Martin harizti inguruan. Horrelakoetan egin ohi denez, Igeldoko Arrano Etxera eraman zuten, baina berehala hil zen.

    Belatz handia (Falco peregrinus) legez babestutako espeziea da. Gipuzkoan bikote bakan batzuek baino ez dute kumatzen. Belatz handi bat botatzea ingurumenaren kontrako delitua da. Izan ere, orain dela gutxi pertsona bat zigortu dute espezie honetako eme bat Atotxa Errekan (Donostian) tiroz bota zuelako.

    Oñatiko belatza ehiza-alditik kanpo bota dute. Hau da, nahita bota dute, duda handirik gabe. Oraingoan ez dago esaterik beste espezieren batekin nahastu dutenik. Izan ere, sinesgarritasun gutxiko aitzakia hori askotan entzun behar izan dugu. Gainera, Oñatiko belatza espezie honetako aleak kumaldian bete-betean daudenean bota dute; beraz, txitak galdu izana oso litekeena da.

    Eguzkikook, Oñatiko Naturzaliek bezala, badakigu belatza bota duena aurkitzea zaila izango dela, baina hemen baten batek delitu bat egin du (nahiz eta ingurumenaren kontrako delitua “baino” ez den) eta ikertu, behintzat, egin behar da.


    Partekatu - Compartelo