Albistea

  • Eguzkik: “Foru Aldundiaren Hondakin Plan berriak erraustegia legitimatzea beste helbururik ez du”

    2016-06-28
    Partekatu - Compartelo

    Zubietako errauskailuaren infografia

    Zubietako erraustegiaren infografia (beti tximia marraztea “ahazten” zaie)

    Foru Aldundiak 2017. eta 2030. urte bitartean Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor berria egin nahi du, eta Plan horren Hasierako Dokumentu Estrategikoa erakusketa publikoan egon da joan den ostiralera arte. Eguzkik aukera aprobetxatu du hainbat alegazio edo ohar idatziz aurkezteko. Alegazio hauetan guztiz zalantzan ipintzen du Plan berria oinarri dituen datuen fidagarritasuna. Izan ere, talde ekologistaren ustez, prozesu logikoa inbertitu da: erraustegia eraikitzeko erabakia datu errealetan oinarritu ordez, erraustegia eraikitzeko erabakia hartu dute eta orain erabaki hori justifikatzeko datuak nola edo hala aurkeztu behar dituzte.

    Eguzkiren ustez, oso adierazgarria da 2002-2016ko Plana eta Plan berria talde berak idaztea. Talde hori Xabier Garmendia sailburuorde ohiak zuzentzen du. Garmendiak hondakinei buruz duen ikuspuntua norabide bakarrekoa da eta, kasualitatez, beti bukatzen da errauste-planta batean. Bada, talde horrek, aurreko Planari begira egin zituen aurreikuspenetan, porrot egin zuen, oso porrot nabarmena, gainera, bai sortutako hondakin kopuruari dagokionez, bai gaikako bilketa-tasari dagokionez. Porrota hain izan zen nabarmena ezen errauste-plantaren ahalmena %30 murriztu behar izan den. Hala ere, Plan berriaren kalkuluak egitea talde berari enkargatu diote. Harrigarria.

    errauskailua 2015 azaroa

    Errauskailua eraiki nahi duten orubea

    Gauzak horrela, Hasierako Dokumentu Estrategikoak aurkezten dituen datuak oraingoan ere errealitatetik urruti egongo diren susmoa dugu. Eta susmo hori elikatzen duten hainbat zantzu ere badira. Esaterako, Dokumentu Estrategikoak iragartzen duenaren kontra, hondakin kopurua jaisten ari da. Hori adierazten du, adibidez, Donostiako Iraunkortasunaren Behatokiaren iazko txostenak. Aldiz, gaikako bilketak aurrera jarraitzen du, arazoak arazo, eta, nolanahi ere, garbi dago askoz aurrerago joatea borondate politiko kontua baino ez dela. Bestela, nola da posible Debagoienako Mankomunitatean gaikako bilketa %80 ingurukoa izatea eta Txingudikoan, berriz, %40ren bueltan baino ez egotea? Gainera, Hasierako Dokumentu Estrategikoak aurreikusten du Gipuzkoako biztanleriak hurrengo urteetan gora egingo duela. Hau oso-oso arraroa da Eustat-ek zein INEk behera egingo duela iragartzen dutelako.

    Gauzak horrela, Diputazioaren Hondakin Plan berriaren oinarrian diren datuak fidagarriak al dira?

    Konpostatzeari dagokionez, norabide-aldaketa

    Erraustegia eraikitzeko erabakiak, datuak modu “jakin” batean aurkeztera behartzeaz gain, erraustegirako “erregaia” bermatzeko estrategiak diseinatzera ere behartzen du, estrategia horiek birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren kaltetan badira ere. Alde horretatik, oso adierazgarria da Dokumentu Estrategikoak konpostatzeari dagokionez iragartzen duen norabide-aldaketa. Izan ere, dokumentuak dio konpost kopurua produktu hau merkaturatzeko aukerak BALDINTZATUTA egongo dela. Garbi dago zein den helburua: gaika bildutako organiko kopuru handi bat biometanizaziora eta, azken batean, erraustegira bideratzea. Guk ez dugu onartzen konpostatzeari galga jartzea merkatuan eskaera gutxi dagoen aitzakian. Izan ere, merkatuan zepa edo errauts toxikoen batere eskaerarik ez dago eta hori ez da oztopo erraustegiaren alde egin dezaten.

    Lapatxeko konpostatzen planta

    Lapatxeko konpostatzeko gunea

    Pizgarri ekonomikoak: literatura ederra

    Hasierako Dokumentu Estrategikoak 7. orrialdean aipatzen du gaikako bilketa bultzatzeko pizgarri ekonomikoak beharrezkoak direla. Oso ondo, baina honek ez du zerikusirik aurten bertan Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak hartu dituen erabakiekin. Izan ere, GHK-k errefusaren kudetzeko tasa %20 garestitu du. Oso ondo. Baina biohondakinak kudeatzekoa %92 garestitu du. Oso-oso gaizki! Erabaki honek helburu bakarra du: asko birziklatzen duten herriak zigortzea eta gutxi birziklatzen dutenak, berriz, saritzea. Zinez ederra da Hasierako Dokumentu Estrategikoak esaten duenaren eta Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak egiten duenaren arteko aldea.

    Parte-hartzea eta gardentasuna

    Atal honetan, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketarako Behatokiak aipamen berezia merezi du. Bertan, talde ekologistek edo herritar elkarteek ez dute inolako ordezkaririk izango. Harrigarria. Foru Aldundiak garrantzi handia ematen omen dio Behatoki honi hondakinak murrizteko, baina murrizte-bidean hartutako neurriak sozializatzen berebiziko lana egin zezaketen talde eta elkarteei atea ixten die.

    Hauek dira Eguzkik Gipuzkoako Hondakin Plan berriari momentuz egin dizkion oharretatik batzuk. Testu osoa hemen irakur daiteke.


    Partekatu - Compartelo