Bost eguneko epean, Mijoara eginiko BIGARREN isurketa
2016-07-26
Partekatu - Compartelo
Mijoa erreka zuri-zuri industri poligonoan erabilitako garbikari edo detergente baten ondorioz
Atzo igandean, uztailak 24, Mutrikuko Mijoa errekako urak esne-kolorez tindatuta agertu ziren, isurketa kutsakor baten ondorioz. Saturrarango hondartzan ere orban zuria nabarmena izan zen. Atzokoa bost eguneko apean erreka honetara eginiko bigarren isurketa larria da. Izan ere, joan den asteazkenean, hilak 20, dozenaka arrain hilik agertu ziren bertan.
Horrelako isurketak sarri gertatzen dira Mijoan, batez ere urte-sasoi honetan. Oihartzun handia izan zuten 2013koek (bi segidan, orain bezala). Saturraranen ere eragin handia izan zuten. Orduko hartan, Foru Aldundiak Mijoa industriaguneko hainbat kontserba-fabrikek kudeatzen duten araztegia eta behitegi bat espedientatu zituen.
Isurketa saturrarango hondartzara iritsi da eta Artibaira, hau itsasoratzen den inguruan barneratzen da.
Baina isurketak sarri gertatzeak ez gaitu etsipenera eraman behar; aldiz, pizgarri bat izan behar du GUZTIZ EGOERA ANORMAL HAU behingoz konpon dezaten eskatzeko. Alde horretatik, Eguzkik salatu nahi du MIJOAKO SANEAMENDU-PROIEKTUA GERO ETA ATZERAPEN HANDIAGOA PILATZEN ARI DELA. Atera kontuak: 2007an, erakundeek 2011 bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zuten, eta Mijoako saneamendua lan horietatik bat zen. Orduan 3 milioi euroko aurrekontua zuen. 2016an gaude, ordea, eta proiektua ez da gauzatu. Plan Hidrologiko berriak, joan den urtarrilean onartutakoak, berriro aurreikusten du proiektua gauzatzea, oraingoan 2016 eta 2021 urte bitarteko apean, eta 3,6 milioi euroko aurrekontuarekin. Baina OBRAK HASTEKO DATARIK EZ DAGO, noski, funtsean zati handiena EUSKO JAURLARITZAK ordaindu behar duelako, eta orain arte EZ DUELAKO Mijoako ARAZOA KONPONTZEKO DIRURIK IPINI.
Oraingoan ez dago hildako arrainik, bost egun lehenagoko isurlketak erreka erabat erre zuen. Argazkia 2016-07-20koa da.
Horrelako kasuetan beti krisia edo diru-falta aipatu ohi dira aitzakia moduan. Baina garbi dago lehentasun-kontua dela. Izan ere, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak dirua eduki dauka. Bestelako kontua da daukan dirua Abiadura Handiko Trenera bideratzea, aurten egin duen bezala. Izan ere, aurten bere inbertsioen % 72 AHTra joan da (berez Madrilgo gobernuak ordaindu beharko lukeen obra batera, gainera). Gero, noski, ezinezko egiten zaio beste % 28arekin gainerako beharrei heltzea. Eta ez da ahaztu behar sail horrek Ingurumenaren ardura ez ezik Garrio eta Lurralde Antolaketarena ere baduela.
BADA, MIJOAKO SANEAMENDUAK EZIN DU GEHIAGO ITXARON!
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2016ko uztailaren 26an.