Nuclenorrek ez ditu epean amaitu Garoña irekitzeko agindutako lanak

GAroña manifa BerriaBERRIA. Espainiako Kongresuan eman ditu azalpenok CSN Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidente Fernando Martik. 2031. urtera arteko baimenaren inguruan azaroan ebatziko du CSNk

 

Nuclenorrek ez ditu epeak bete. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak zenbait hobekuntza eskatu zizkion Garoñako (Burgos, Espainia) ustiapen baimena 2031. urtera arte luzatu ahal izateko. Zentral nuklearraren jabeak, ordea, ez ditu lan horiek egin zegokion epearen barruan. Are gehiago, egun ere zenbait obra egiteke dituela iradoki du Fernando Marti Scharfhausen CSNko presidenteak.

Espainiako Kongresuko Industria Batzordean izan zen Marti atzo, ia bi urteren ostean. 2014ko azaroan izan zen han azken aldiz, araudiaren arabera urtean behin diputatuen aurrean azalpenak eman behar dituen arren. Garoñaren egoerari buruz, argitu zuen Nuclenorrek hainbat eskaera bete dituela: agirien aurkezpena, segurtasunarekin lotutako zenbait agindu… Ordea, hobekuntza lan batzuk amaitu gabe daudela iragarri zuen, zeintzuk diren zehaztu gabe. «Nuclenorri zenbait obra egiteko eskatu genion, baina lan horiek ez zeuden eginda guk galdegin genion egunerako».

Nuclenorrek Garoñan egin beharreko hobekuntza lanak hainbat bidetatik heldu dira: Fukushimako istripuaren osteko probetatik eratorritako obrak, 2031. urtera arteko ustiapen baimena ematearekin lotutakoak… Horietako batzuk 2015eko irailean amaitu beharrekoak ziren, baina Nuclenorrek ez zuen epea bete.

Baieztapen horren aurrean, zenbait diputatuk ezbaian jarri zuten atzo Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren jokabidea. «Nuclenorrek eskatu zitzaiona bete ez duela ikusita, zeren zain dago CSN zentrala berriz irekitzeko baimena ukatzeko?», galdetu zion Pedro Azpiazu EAJko diputatuak, gaineratuta «nekatuta» dagoela Burgosko zentral nuklearraz hitz egiteaz. Martik erantzun zion tramiteak ezin direla geratu. «Ezin dugu Garoña gelditu, ezta Nuclenorrek abiarazitako tramitazioa ere; prebarikazioa egingo genuke halako zerbait erabakiz gero».

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak ere gogor kritikatu zuen CSNren jokabidea. Edonola ere, Azpiazuk ez bezala, etorkizunean Burgosko zentral nuklearrari buruz hitz egiteko prest dagoela iragarri zuen: «Berdin dit Garoñari buruz hitz egitea, baldin eta Lemoizko zentralaren moduan gertatzen bada; iraganeko proiektu bat bezala».

Gogoratu behar da CSN Garoñari buruzko erabaki bat hartzekotan dagoela. Azaroan ebatzi beharko du Nuclenorri 2031. urtera arteko ustiapen baimena ematen dion, hots, zentral nuklearrak 60 urte bete arte zabalik mantentzeari oniritzia ematen dion. Alde horretatik, zentralaren iraupenari buruzko eztabaida Espainiako Gobernuari dagokiola hausnartu zuen Martik. «Gai horren inguruan ez dakit ezer, eta ez dut zertan ezer jakin».

«Opakutasun» salaketak

Garoñaren egoera ez ezik, Fernando Martiren jarduera bera ere kritika iturri izan zen. Batetik, «opakutasunez» lan egitea leporatu zioten. Hainbat diputatuk gogora ekarri zuten aurreko legegintzaldian gertatutako iskanbila. Kongresuak agerraldi baterako deia egin zion, baina hark uko egin zion, bidaia batean egongo zela argudiatuta; irtenbide gisa, beste egun bat proposatu zuen CSNko presidenteak: maiatzaren 5a, Espainiako Kongresua desegin eta bi egun geroago.

Horrez gain, batzordetik bidalitako galderei erantzun ez izana leporatu zioten PP eta Foro Asturiaseko ordezkariak ez beste diputatu guztiek. Hala, Marti datuz jositako txostenak irakurtzera mugatu zen lehen hizketaldian; bigarrenarenaren denbora gehiena eman zuen beste agiri bat irakurtzen, eta diputatuen galderei minutu gutxi batzuk eskaini zien azkenean.

Garoñaren jarraipenaren inguruan, alderdi guztiek beren jarrerak berretsi zituzten. PSOEk, Podemosek, EAJk eta EH Bilduk berriz irekitzearen aurka egin zuten. PP ez zen alde agertu, baina energia nuklearraren defentsa egin zuen. Ciudadanoseko Melisa Rodriguez, aldiz, ez zen gaian sartu, eta CSNren sinesgarritasuna berreskuratzearen alde agertu zen. «Mesfidantza dago, eta guk kontseiluaren lanean sinetsi nahi dugu, baina ez edozein modutan».

Martiren dimisioa

Juan Lopez de Uralde Podemoseko diputatuak muturrera eraman zituen kritikak, eta Martiren dimisioa eskatu zuen. Ildo beretik egin zuen Greenpeacek, agerraldiaren ostean. Elkarte ekologistak gogor kritikatu zuen CSNko presidentearen jokabidea, eta kargutik ken dezatela eskatu zuen, segurtasun kontseiluak sinesgarritasuna berreskura dezan.

Jon Rejado BERRIA

 

 

 

Larunbatean, Hernanin, erraustegiaren kontrako mobilizazio-egun berria


Climate EnergyErraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik-ek agerraldi bat egin dute Hernaniko Ezkiaga Plazan, larunbatean Hernanin bertan erraustegiaren kontra egingo dituzten ekintzetan parte hartzera elkarrekin deitzeko.

Zehatz-mehatz, honako ekintzak izango dira: 

  1. FCC eta GHKra MARTXA

Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioak Zubietako erraustegiaren eraikuntza laster esleitzeko asmoa duela eta, haren egoitzaraino protesta-martxa egingo da, Plaza Berritik 12etan abiatuta. Martxa zaratatsua izango da; beraz, parte-hartzaileei zarata ateratzeko era guztietako tresnak eramatea eskatzen zaie. Erraustegiaren gaia oso serioa den arren (azken batean gipuzkoarron osasuna dago jokoan), larunbatean ez da umorea falta izango. Izan ere, martxa GHKren aurrean parodia batekin bukatuko da. Martxan zehar, FCCko egoitzetako bat bisitatuko da. FCC erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko eskaintza egin duten enpresetako bat da. FCC bisitatuz, diru trukean gipuzkoarron osasuna (eta poltsikoa ere) arriskuan jartzeko prest dauden enpresak salatu nahi dituzte Erraustegiaren kontrako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutik ekimenak.

  1. ERRAUSTEGIAREN ZORRAREN FESTA

Martxatik bueltan, Erraustegiaren Zorraren Festa egingo da Hernanin. Ordubietan hasiko da, herri-bazkariaekin. Bazkalondoan, berriz, bertsolariak, poesia haur-jolasak, margoketa-lantegia eta beste animazio batzuk egongo dira. Musika ere ez da falta izango, DJ Miau, Morau eta Duo do Porturen eskutik.

Larunbateko ekintzetan parte hartzera deitzeko agerraldia.

Larunbateko ekintzetan parte hartzera deitzeko agerraldia.