Eguzkik salatu du tiroz jotako bi belatz handi agertu direla Donostian eta Jaizkibelen
2016-11-14
Partekatu - Compartelo
Hau bezalako bi belatz handi bota dituzte. ARGAZKIA: Ramon Arambarri.
Eguzkik Gipuzkoako Fiskaltzan salatu du tiroz jotako bi belatz handi (Falco peregrinus) agertu direla: bata, zaurituta, Donostiako Antigua auzoan; bestea, berriz, hilda, Jaizkibelen.
Ez dira, ezta hurrik eman ere, joan den irailean ehiza-aldi berria hasi zenetik, legez babestuta egon arren, bota dituzten hegazti bakarrak. Izan ere, Eguzkik dagoeneko zazpi kasu salatu ditu (ikus taula), eta kasu hauek izozmendiaren tontorra baino ez dira, kontuan izan behar baita guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla. Baina botatako lehenengoak eta, zoritxarrez, azkenak izango ez badira ere, bi belatz handi hauek bota izana bereziki larria da. Kontuan izan behar da Gipuzkoan kumatzen duten espezie honetako bikoteak ia esku baten atzamarrekin zenbatu daitezkeela. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan, belatz handia ez dago kasualitatez, ez, “bakan” edo “arraro” gisa sailkatutakoen artean.
Gainera, mailua berriz ere iltze berean jotzera dator. Gogoan izan joan den maiatzean belatz handi eme bat toroz bota zutela Oñatin. Eta 2014an, Donostian bertan, Atotxa Errekan, beste bat. Atotxa Errekako kasu hura oso berezia izan zen, “ehiztaria” identifikatu ahal izan zelako eta epaile batek zigorra ere jarri ziolako: 6 hilabeteko kartzela (isun bat ordainduta saihesgarria), kalte-ordainak eta ehiza egiteko nahiz faunarekin zerikusirik duen edozer lanbiden aritzeko hiru urteko debekua.
Eta kasu hura oso-oso berezia izan zen normalean tiro egin dutenak oso gutxitan identifikatzen dituztelako. Ezta “ehiztari onez” inguratuta daudenean ere. Horra hor zer gertatu zen Zumarragan, 2011n, Alemaniatik eraztun jarri berria zekarren arrano arrantzale hura Pagotxetako ehiza-lerroan bota zutenean.
Mirotz zuria. Espezie honetako ale bat tiroz zauritu dute Villabonan. ARGAZKIA: Ramon Arambarri.
Baina Eguzkik ez du horregatik salatzeari uko egingo. Alde batetik, salaketen bidez nabarmendu nahi dugulako hemen delituak egiten ari direla; gainera, kartzelarekin ere zigortu daitezkeen delituak, ikusi dugun bezala. Bestetik, salaketak ikusita, ea Foru Aldundian baten bat, pixka bat behintzat, lotsatzen den. Izan ere, Foru Aldundiaren ehiza-politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko aukera handiak ematen ditu. Ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola dionez, ez du neurririk hartzen. Oinarrizko neurriez ari gara; esaterako, ez die ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurarik eskatzen, ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere (zenbat eta argi gehiago, gero eta aukera gutxiago legez ehizatu daitekeen espezie bat babestutako beste espezie batekin nahasteko).