Albistea

  • Uda honetan, bainuko uraren kalitateari buruz argi eta garbi informatzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

    2017-06-08
    Partekatu - Compartelo

    IMG_20170608_170516753Hondartza-denboraldia hasi berri den honetan, Eguzkik bainuko uren kalitateari buruzko analisien berri argi eta garbi emateko eskatu dio Ingurumen zinegotzi Alfonso Gurpeguiri.

                    Eskaera iaz gertatutakoarekin dago lotuta. Izan ere, iaz hainbat aldiz kutsadura fekal atzeman zen Ondarretan, eta, horren ondorioz, kutsadura-kasu horietan, bainua “libre” izatetik “kontuz” egin beharrekoa izatera pasatu zen (1), baina Udalak ez zien horretaz behar bezala informatu erabiltzaileei.

    Iaz, denboraldia bukatzear zela, Eguzkik kasu horietako bat dokumentatu ahal izan zuen. Bioaniztasuna eta Ingurumena Kudeatzeko Udal Atalak irailaren 23an boletin bat emititu zuen, esanez 19an jasotako ur-laginen analisien arabera Tenis aldeko uren kalitatea “nahikoa” baino ez zela, eta, horren ondorioz, bainua “kontuz” egin beharrekoa zela. Udalaren webgnunean boletin horren berri 27an eman zuten. Bi egun geroago, berriz, boletin hura kendu eta 26an egindako analisien gaineko boletin berri bat argitaratu zuten. Boletin berriaren arabera, bainua berriro ere “libre” zen. Baina denbora-tarte horretan Udalak ez zuen inoiz hondartzan seinalatu “kontuz” bainatu beharra zegoenik. Beraz, erabiltzaile gehien-gehienak ez ziren aholkua ezagutzera ere iritsi.

    Denboraldia bukatuta, berriz, Osasun Ministerioak udan egindako analisi guzti-guztien berri eman zuen, eta horri esker jakin ahal izan genuen Eguzkik salatutakoa ez ezik bete lau kutsadura-kasu ere gertatu zirela Ondarretan, eta kasu horietan gomendioa “ez bainatzekoa” zela (2). Udalak, ordea, ez zuen horretaz txintik ere esan.

    Gauzak horrela, hondartza-denboraldia hasi berri den honetan, zera gogorazi nahi dugu: garrantzitsuena ez dira parasolak eta panel berriak, ezta ditxosozko harriak ere; garrantzitsuena ur osasungarria da (eta hondar osasungarria, jakina). Eta halako batean, edozein dela kausa, urak osasungarria izateari uzten badio, Udalak horren berri lehenbailehen eman behar du, eta ahal den modurik eraginkorrenean. Eta erabiltzaileei horren berri emateko modurik eraginkorrena, normalean, hondartzan bertan ematea da.

                    Ez da zertan alferrikako alarmak pizten ibili, ados, baina, oroz gain, Udalak arduraz jokatu eta behar bezala informatu egin behar du. Informatu egin behar du herritarrok informazio hori jasotzeko eskubide osoa dugulako. Eta eskubide osoa dugu Legeak hala aitortzen digulako (2), baina batez ere, eta oroz gain, informazio hori ez izatea geure osasunaren kaltean izan daitekeelako.

                    Ea aurten ez dugun denboraldia amaitu arte itxoin behar enteratzeko, berriz ere Ministerioaren datuen bidez edo, udan plisti-plasta ibili garenik guztiz osasungarriak ez ziren uretan.

    Eguzki, 2017ko ekaina

    (1) “Kontuz” bainatu beharrak zera esan nahi du, gehienez ere 10 minutuko bainua eta ondoren ur gezako dutxa bat hartzea aholkatzen dela. Bestela, bainuzaleen larru-azalean eta mukosetan arazoak sor daitezke; bainua haien osasunaren kaltean izan daiteke, alegia.

    (2) Esteka honetan, Eguzkik iaz gertatutakoaz egindako errelatoaz gain, Osasun Ministerioak Ondarretako kutsadura-kasuei buruz argitaratutako fitxak ikus daitezke, baita uraren kalitatearen alorrean herritarrok dugun informazio-eskubideari buruzko hainbat aipu ere:

    http://eguzki.org/es/2016/11/07/bost-izan-dira-aurten-ondarretan-erregistratutako-kutsadura-kasuak/


    Partekatu - Compartelo