Albistea

  • Jaizkibel-Ulia itsas babesgunearen alde Ozeanoen Mundu Egunean

    2017-06-09

    Captura de pantalla 2017-06-09 a las 15.45.53Ozeanoek Lur-azaleraren bi herenak gutxi gorabehera estaltzen dituzte, eta bizitzaren benetako oinarria dira. Arnasten dugun oxigeno gehiena sortzen dute, karbono emisio asko xurgatzen dituzte, elikagaia eta mantenugaiak eskaintzen dituzte, klima erregulatzen dute, eta ekonomikoki garrantzitsuak dira turismoan, arrantzan eta beste itsas-baliabide batzuetan konfiantza duten herrialdeentzat.

    Ozeanoen Nazioarteko Egunaren aurtengo leloa “Gure ozeanoak, gure etorkizuna” da, eta lotuta dago Ozeanoei buruzko Konferentziarekin, zeina Nazio Batuek New Yorken duten egoitzan egingo baita ekainaren 5etik 9ra.

    Pasaian, Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Jaizkibel-Uliako itsas ingurunearen balio naturalekiko sentiberak diren erakunde zientifiko, talde kontserbazionista eta euskal itsasoaren munduko pertsona ospetsu desberdinek ahaleginak batu dituzte leku honek dituen batasunaren intereseko habitatak eta espezieak ezagutarazteko, itsaso eta lehorraren arteko jarraitutasuna eta itsasgunea babesteko beharra justifikatzeko nahikoa froga baitira.

    Ekimena Pasaiako MATER itsasontzi-museoan garatu da eta bertan Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala eta SEO/Birdlife, Jaizkibel Amaharri, Eguzki eta Itsas Gela erakundeek parte hartu dute. Bisitan zehar erakundeen ordezkariek ingurune honen balore naturalak azaldu dituzte, hala nola itsas eta lurtar habitatak, bertako hegaztiak eta geodibertsitatea.

    Jaizkibeleko eta Uliako itsaslabarrak Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) dira, Europar Batasunaren 92/43/EEE Zuzentarauaren irizpideen arabera. Proposamenak kontuan hartzen du 2.434 hektareako lehorreko eremu bat Jaizkibelen eta 43 hektareako eremu bat Ulian, baina ez du ondoko itsas eremua aurreikusten. Itsasertzeko zerrenda honek continuum ekologiko, paisajistiko eta geologiko bat osatzen du, Uliako badiaren ekialdetik –Monpas puntatik– Hondarribiako Praileen itsasadarreraino –Asturiagaraino–.

    Egun gabeziak daude Natura 2000 Sarean, batez ere kantaurialdeko itsas-eremuetan, eta zehazki, euskal uretan. Nazioarteko konpromisoek itsas-kontserbazioa handitzera behartzen dituzte gobernu guztiak. Hala, adibidez, Nazio Batuen Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenak, munduko itsas-eremuaren gutxienez %10 babestu dadila exijitzen du; Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak ehuneko hori %20ra-%30era igo dadila eskatzen du; Ipar-ekialdeko Itsas Ingurumena babesteko Konbentzioak ere itsas-eremu babestuen sare bat sor dadila eskatzen du bere aplikazio-esparruan zehar, kantauri itsasoko urak barne.

    Horregatik guztiagatik, 2010ean, OCEANA nazioarteko elkarteak eta Euskadiko Biologoen Elkargoak, EIBE Euskal Izurde eta Balezaleen Elkartearekin batera, proposamen bat aurkeztu zuten ofizialki, non eskatzen baitzen Jaizkibel eta Ulia aurreko itsas-eremua Natura 2000 Sarean sar zedila gunearen balio ekologikoa eta geologikoa handitzeko, eta ondorioz, itsas-eremu babestuen korridore bat sortzeko Txingudiko badiarekin eta gobernu frantsesak euskal kostalderako zituen proposamen desberdinekin.

    Jaizkibeleko eta Uliako itsaslabarretan dauden habitatak

    Jaizkibeleko eta Uliako itsaslabarretan 11 habitat natural daude Habitaten Zuzentarauaren eranskinetan jasota; horrez gain, 37 hegazti espezie daude Hegaztien Zuzentarauan eta hamar espezie,–ornodun, ornogabe eta landare artean– Zuzentarau berean. Horietako espezie askorentzat, lehorrekoak zein itsasokoak izan, itsaslabar hauek oso garrantzitsuak dira ugalketa eta/edo migrazio gune gisa. Besteak beste, aipatzekoak dira belatz handia (Falco peregrinus), ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) edo ekaitz-txoria (Hydrobates pelagicus).

    Nabarmentzekoa da Armeria euscadiensis euskal landare endemikoa, Villano eta Higer lurmuturren arteko itsaslabarretako berezko espeziea, zeina Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan eta Katalogo Nazionalean baitago.

    Era berean, nabarmentzekoa da Erica vagans txilardien lehentasunezko habitataren kontserbazio-egoera ona. Ulian, LIC30 Garrantzi Komunitarioko Lekuaren eremu handi bat estaltzen du txilardi honek.

    Captura de pantalla 2017-06-09 a las 15.52.17

    Europar Batasunaren zuzentarauetan babestuta dauden itsas habitatak eta espezieak

    Habitaten Zuzentarauen esparruan, Zuzentarauaren I. eranskinean dauden garrantzi komunitarioko itsas-habitat natural batzuk, Jaizkibel-Ulia itsasgunea daude. Itsas-habitat hauek kontserbatzeko, Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatu behar dira.

    Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Golkoko bioaniztasunaren egoerari buruz egin dituen txostenek diote bai Azabaratzako hareatzek bai Jaizkibeleko eta Uliako uharriek, eta Bidasoako estuarioak oso garrantzitsuak direla, eta Higer eta Pasaiako hareatzak, eta Oiartzungo estuarioa garantzitsuak direla.

    Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean dauden itsas-espezieei dagokienez, horietako batzuk Jaizkibel-Uliako itsaslabarren aurreko itsas-eremuan erregistratu ez diren arren, ondoko gune babestuetan atzeman dira. Itsas-espezie hauek kontserbatzeko, Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatu behar dira. Txingudi-Bidasoa KBEn, esaterako, itsas lanproia (Petromyzon marinus) eta kolaka (Alosa alosa) daude. Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean dauden itsas-mamiferoei dagokienez, izurde handia (Tursiops truncatus) topatu da Jaizkibel-Uliako uretan, eta mazopa, berriz, (Phocoena phocoena) aldameneko KBEetan ikusi da; beraz, zabaltzea proposatzen den itsas-guneak, jada babestuta dauden guneekin batera, espezie hauek kontserbatzeko korridore ekologiko oso garrantzitsua osatuko luke.

    Hauek dira Jaizkibel-Ulia aurreko itsas zabalean ikusi diren beste zetazeo-espezie batzuk: izurde arrunta (Delphinus delphis) eta zere txikia (Balaenoptera acutorostrata). Izurde marraduna (Stenella coeruleoalba), pilotu-izurdea (Globicephala melas), Cuvier balea (Ziphius cavirostris), kaxalotea (Physeter macrocephalus) eta xibarta (Megaptera novaeangliae), berriz, kostatik urrutiago begiztatu dira. Jakin badakigu, gainera, eremu hau ugaltze-tokia zela aspaldi euskal balearentzat (Eubalaena glacialis) eta ehiza-tokia Kantauri itsasoko kostaldeko herrientzat.

    Esteka honetan klikatuta, ETBk Jaizkibelgo ikitaldiari buruz eman zuen informazioa ikus daiteke:

    http://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/bideoak/osoa/4891033/bideoa-uliajaizkibel-eremuak-duen-balio-ekologikoa/