Albistea

  • Krudelkeriarik gabeko tradizioak

    2017-08-17
    Partekatu - Compartelo

    -1

    Abuztuaren 26an, Bilboko Aste Nagusian, arratsaldeko 17:00etan manifestazio antitaurinoa berriro, aurretik urteetan bezala,  egongo da. Vista Alegre zezen plazaren aurretik Moyua Plazara arte joango da. Deialdia egiten duten kolektiboek, Eguzki sartuta, mobilizazio hau aurkezteko aurreko prentsa  gaur eman dugu.

    OHARRA

    Gizakiak, milioika urtetan zehar, gaur egun zigor gisa daukagun krudelkeria garatu du. Animaliekin bihozgabe jokatu du, gaiztakeria-maila sinesgaitzera ailegatuz. Orain dela mende batzuk, Frantzian, Italian edo Alemanian zezenak, astoak, hartzak eta txakurrak bizirik erretzen eta zatikatzen ziren, ondo pasatzeko besterik ez. Ingalaterran maiz entzierroak antolatzen ziren, non jendeak txahalak labanaz hiltzen zituen, 1835ean lege batek debekatu arte. Hala ere, protesta handiak izan ziren, batzuen ustez animalien tortura deuseztatzea Britainia Handiko ohituren aurka jokatzea baitzen. Animaliak gogaitzea, bada, garai hartako Europan onartuta zegoen, poliki-poliki basakeria hori desagertu arte, herrialdeak sentiberagoak eta jakintsuagoak bihurtzen ziren heinean.

    Soilik Iberiar penintsula geratu zen modernizazio horretatik isolatuta, eta animalien tratu txarra Espainian errotuta geratu zen, tumore mingarri baten gisa. Tradizioaren izenean, oraindik milaka animalia torturatzen eta hiltzen dira urtero, jendeak ondo pasatzeko. Ikuskizun basati horiek oso eragin txarra daukate parte-hartzaileen izaeran. Ohitura krudel horiek tradizio handikoak izan arren, ez dago argudiorik justifikatzeko. Modu berean, gaur egun ez dugu esklabutza edo gladiadoreen borroka bezalako antzinako ekintza erroturik onartzen.

    2017Bilbokomani-antitaurinoa 2Benetako aurrerapen moralak guk bezalaxe mina sentitzen dutenenganako errukia eskatzen du; bada, animaliek, min fisikoa eta psikikoa sufritzeko gai izanik, tortura ez jasateko eskubide besterenezina daukate. Zentzu politiko horretan, ezin dugu gizakion eskubideak defendatu eta animalienak alde batera utzi. Gizarte aurreratu gisa, Afrikako nesken mutilazioa bezalako ekintza zentzugabeak gaitzesten baditugu, gure inguruan daukagun animalien sufrimendu izugarria ere gaitzetsi beharko genuke. Pasa den mendean, dagoeneko, Henry Salt-ek, giza-eskubideen aldeko ekintzaile nekaezinak, bi frontetan lan egiten zuen: “Ez gaitzan engainatu gezur hauxe: lehenik giza-eskubideak aztertu behar ditugula, eta animalien auzia ondoren konponduko dela besterik gabe. Izan ere, bi gaien azterketa sakon eta eskuzabalak soilik konponduko du bata eta bestea”.

    Humanitarismoa eta izaki sentikorrenganako errespetua uztartzen dituen premisa horretatik, bizia apaltzen duten ohitura krudel guztiak baztertu behar ditugu. Animaliak ez dira ez barazkiak ez mineralak, eta haietako askok, ugaztunek eta hegaztiek bereziki, guk bezala sentitzen, gozatzen eta sufritzen dute. Ebidentzia horren aurrean, legeak animalien eskubideak defendatu behar ditu, gizakion eskubideak bezala, eboluzioak moralki igo gaituelako. Maila altuago horrek gupidara hurbiltzen gaitu, sufritzeko gai dena babestera bultzatzen gaituen gupida, gizateriaren aurrerapenerako urrats garrantzitsua den gupida.

    2017Bilbokomani-antitaurinoa 1Etikoki zuzena den gizarteak ezin du onartu ohitura txoriburu eta zitalik, non tradizioaren mesedetan izaki sentikorren tortura gauzatzen den. Gure jai herrikoietan animaliarik ez izatea nahi dugu, haienganako gehiegikeriarik gabe; hots, animalien larritasun, beldur eta hilzoririk gabeko jai eta tradizioak. Entzierro gehiagorik ez, abere-arraste gehiagorik ez, zezen-tortura gehiagorik ez. Jaietan, inguratzen gaituenarekin harmonia landu nahi dugu, txalapartaren kolpetxo erritmikoak entzutea; musika horrek gozamen freskagarri eta duintasun berritua ekarriko digu hauxe lortzen dugunean: herri ulerkorra eta eskuzabala izatea, non gupida giza-eboluzioaren lorpen handien gisara loratzen den.


    Partekatu - Compartelo