Albistea

  • Renfek jarraitzen du tren-zerbitzuak murrizten Irun eta Brinkola bitartean

    2017-10-09
    Partekatu - Compartelo

    Argazkia: Arizmendi / DV

    Argazkia: Arizmendi / DV

    Mugikortasun Iraunkorraren Astea zela eta, Eguzkik joan den hilean salatu zuen Irun eta Brinkola bitarteko tren-zerbitzua gero eta kaxkarragoa dela, eta horren lekuko da Renfek azkenaldion behin eta berriz tren-zerbitzuak murriztu izana, erabiltzaileei aldez aurretik abisatu gabe eta ondoren inolako azalpenik eman gabe (1).

    Joan den larunbatean argitaratu zen informazio batean (2), Renfeko langileek salaketa baieztatu eta enpresa egun berean zazpi tren-zerbitzu murriztera ere iritsi dela nabarmendu zuten, zergatik eta nahiko makinista ez dagoelako. Informazio horretan bertan, Renfeko Euskadiko Aldiriko Gerentziak “desajuste”  batzuk izan direla aitortu zuen, baina zera segurtatzen zuen, Enpresa Komitearekin adostasunera iritsi ondoren, ez zela berriro gertatuko.

    Bada, gaur, adierazpen horiek argitaratu eta lehen lanegunean, Renfek bost tren-zebitzu murriztu ditu. Hona hemen Groseko geltokian topatu dugun oharra:

    Renfe-abisua

    Gauzak horrela, nola sinetsi Gerentziari esaten duenean ez duela aukera aprobetxatuko hainbat zerbitzu behin betiko ezabatzeko?

    Urteak daramatza Renfek, segurtasun eta irisgarritasun alorretan, europar zuzentarauei eta Arartekoaren salaketei muzin egiten. Orain, tren-zerbitzuak murriztea baino ez zuen falta.

    Eguzkik berresten du bere salaketa: hemen etengabe ari dira famatzen AHTk (edo Metroak) egingo omen dituen milagroak, etengabe ari dira aldarrikatzen garraio publiko iraunkorrean mugitu beharra dugula, baina, praktikan, inbertsioak hutsaren hurrengo dira herritar gehienek egunero erabiltzen duten trenean, Kontua ez da zerbitzua hobetzeko nahiko inbertsiorik ez dagoela, baizik eta askotan zerbitzua bere horretan mantentzeko adina ere ez dagoela.

    EGUZKI, 2017ko urria

    (1) http://eguzki.org/es/2017/09/21/mugikortasun-iraunkorraren-astea-eta-renferen-aldiriko-zerbitzuak/

    (2) http://www.diariovasco.com/gipuzkoa/escasez-maquinistas-obliga-20171007001945-ntvo.html


    Partekatu - Compartelo