Eguzkik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio luzamenduak alde batera uzteko eta ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana behingoz egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legeak aurreikusten duen bezalaxe (1).
Plan hori hainbat elkarte naturzaleren aspaldiko eskaera da, baina Life Intermares proiektuak, Natura 2000 Sarea itsasoan garatzeaz arduratzen denak (2), ubarroi mottoduna bereziki aztertu eta zaindu behar diren espezieen artean zerrendatu berri du. Gauzak horrela, Foru Aldundiak ez luke luzamendu gehiagotan ibili behar. Kontuan izan Bizkaiko Aldundiak 2006an onartu zuela ubarroi mottodunaren kudeaketa-plana.
Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) itsas hegazti bat da. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “kaltebera” moduan sailkatuta dago (3). “Kaltebera” moduan sailkatuta daude “berei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, ‘galzorian’ egoteko arriskua duten espezieak”. Alde horretatik, adierazgarria da ubarroi mottoduna arrano beltzaren, arrano arrantzalearen, sai zuriaren edota mokozabalaren kategoria berean sailkatuta egotea.
Gipuzkoan, ubarroi mottoduna, kumatzaile gisa, galdutzat jo zen 60. eta 70. hamarkadetan. Egun, bataz beste bi dozena bikotek kumatzen dute Getaria eta Hendaia bitarteko kostan, besteak beste, Ulian eta Jaizkibelen, Natura 2000 Sareko parte diren guneetan.
Ubarroi mottoduna Estatu espainolean ere guztiz babestuta dago, jakina. Are gehiago Atlantiko eta Kantauri itsasoan bizi den subespeziea (Phalacrocorax aristotelis aristotelis), hori baita mehatxatuena. Izan ere, Hegaztien Liburu Gorrian “Arriskuan” kategorian sailkatuta dago (4).
Ubarroi mottodunak gaur egun dituen mehatxurik handienak honako hauek dira:
1. Gizakiok sortutako trabak.
2. Arrantza-sareetan nahi gabeko harrapaketak
3. Espezie inbasoreen erasoak
4. Itsas kutsadura
Gipuzkoan, giza jarduerak izan dira espezie honen gainbeheraren erantzule, dudarik gabe. Arestian esan bezala, galdutzat ere eman zen. Talde naturzaleek behin baino gehiagotan salatu dute parapente eta antzekoen hegaldiak, kainaberako arrantzaleak, ontziak edota txangozaleak ubarroi mottodunaren kolonietara gehiegi gerturatzeak espezie hau habiak bandonatzera eraman dezakeela. Halaber, beste espezie murgilariek bezala, ubarroi mottodunak amu- zein sare-arrantzaren zeharkako biktima izan daitezke.
Gauzak horrela, Eguzkik kudeaketa-plana lehenbailehen egitea eta onartzea eskatzen du, Legeak aurreikusi bezala, kudeaketa prokatiboaren bidez espeziearen egoerak hobera egin dezan. Kudeaketa-planak honako helburu hauek izan beharko lituzke:
a) Kolonien biziraupena arriskuan jartzen duten faktoreak ezabatzea.
a) Kolonien garrantziaren eta kalteberatasunaren arabera, erabilera mugatuko babesguneak ezartzea, kolonia horiek dagoeneko eremu babestu baten barruan badaude ere.
b) Ubarroi mottodunaren habitatean giza jarduerak kontrolatzea.
c) Espeziearen habitaten baldintzak alda daitezen eragoztea
Eguzki, 2017ko urrian
(1) Ikus bereziki 50.3 Artikulua Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legean: https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2014/05/1402158e.shtml
(2) Life IP Iintermares Europako itsasoa babesteko proiekturik handiena da: http://fundacion-biodiversidad.es/es/biodiversidad-marina-y-litoral/proyectos-propios/life-ip-paf-intemares
(3) https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2013/07/1303061a.shtml