Donibane osoak jarraitzen du ur zikinak zuzen-zuzenean eta batere tratamendurik gabe badiara isurtzen.
Pasai Donibaneko eragile sozial gehienok, Eguzki talde ekologistarekin batera, mozio bat aurkeztu dugu Pasaiako Udalean aurtengo urriaren 20an. Mozioan eskatzen dugu Udalak esplizituki eska diezaiela saneamenduko lanen finantzazioaren arduradunak diren erakundeei, luzamendutan ibil gabe lanak 2018an has ditzatela, eta konpromisoa har dezatela, 2018. eta 2019. ekitaldietan, aipatutako saneamendua egiteko beharrezkoa den zenbatekoa bideratzeko.
Erakundeek, lan hauen premia larria aitortu arren, 6 urte baino gehiago daramatzate lan horiek atzeratzen, jakinda hiri-hondakin uren tratamenduari buruzko Europako Zuzentaraua (91/271/CEE Zuzentaraua) betetzen ez dutela.
Asko hitz egiten dute badia bere onera ekartzeari buruz, baina badia benetan biziberritzeko, itsasora zuzenean isurtzen diren ur zikinak bideratu behar dira lehenik eta behin. Hasieratik, Pasai Donibaneko saneamenduak adostasun instituzionala, politikoa eta soziala lortu du, baina, hala ere, egin gabe jarraitzen du.
Jada EZIN dugu gehiago itxaron, ingurumen-arazo bat da, eta ez da nahikoa bainua debekatzea (debeku hau ez baita betetzen). Pozoitzen ari gara kutsatutako arrantzarekin eta infekzio-iturri diren ur zikinek botatzen duten usainarekin.
Lanak berehala hasi behar dira, eta mozio hau azken aukera da egiaztatzeko finantzazioaren arduradunak diren erakundeek lan horiek egiteko konpromiso irmoa duten, edo Donibaneko bizilagunen bidezko aldarrikapenak isilarazten saiatzeko estrategia bat baino ez den.