Ehunka lagun Larrunen aldeko mendi-martxan

mendi_irteera_larrun-Théo_Hetsch_RadioFranceJendetsua izan zen Larruneko tontorrean egindako konzentrazioa. Argazkia: Théo Hetsch (RadioFrance).

Larrun Ez Hunki! plataformaren deiari jarraituz, ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak Larrunen egin asmo duen proiektuaren kontrako mendi-martxan. Sara, Azkaine, Urruña edo Beratik abiatuta, martxistek bat egin zuten Larrungo kaskoan, eta proiektuak inguruan izango lukeen eragina bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten.

Larrun Ez Hunki! plataformak uste du egia dela Larrungo instalazioak neurri batean zahartuta geratu direla, eta berritzearen alde dago, betiere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baina ez bisitari kopuru handitzeko. Izan ere, Larrun dagoeneko ipar Euskal Herriko ez ezik Departamentu osoko lekurik bisitatuena ere bada, urtero 360.000 bisitari izaten baititu. Ekologisten ustez, bisitari gehiago balio handiko naturgune honen kaltetan izango lirateke.