Albistea

  • Lemoiz: historiarekin bat datorren erabilera

    2017-11-30
    Partekatu - Compartelo

    OraingoaEta Eguzkik ez du iritzirik Eusko Jaurlaritzak Lemoizko zentral nuklear zaharra arrain-haztegi bihurtzeko darabilen proiektuari buruz? Bai, badu. Baina inork uste badu esango dugula urte hauetan guztietan esan ez dugunik, jai dauka. Izan ere, orain, lehen bezalaxe, Lemoizentzat eskatzen dugu historiarekin bat datorren erabilera.

    “Historiarekin bat datorren erabilera”, a zer esaldi dotorea, baina horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, taldeak aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

    CalaBasordas1927Kala lehengoratzea eta erabilera publikoa ematea ez dira inola ere helburu arbitrarioak. Alde batetik, zentrala, neurri handi batean, behintzat, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan eraiki zen, egun ere balio natural handia duen paraje batean. Jabariaren lagapena proiektu jakin bat eraikitzeko egin zen. Proiektu hark ez zuen aurrera egin, beraz, lagapena bertan behera geratu zen, eta, ondorioz, kala lehengoratu egin behar da, ahal den neurrian, behintzat. Legeak ere hori babesten du. Esan gabe doa, gure ustez, lehengoratze horrren fiantziazioan Iberduerok, gaur egun Iberdrolak, parte hartu beharko lukeela. Azken batean, berak egin zuen triskantza. Beste aldetik, erabilera publikoa bidezkoena da, ez baita begi-bistatik galdu behar herritarrek berek beren poltsikotik ordaindu dituztela zentralaren instalazioak, urre-prezioan ordaindu ere. Gogora dezagun…

    Lemoizko zentrala bertan behera geratu zen 1984ko moratoria edo luzamendu nuklerraren ondorioz, Valdecaballeros eta Trillo II zentralekin batera. Orduan, Estatuak hiru konpainia elektrikori, tartean Iberduerori, zentral horietan 2.300 milioi euroko inbertsioa egin izana aitortu zien, eta, inbertsio horren kalte-ordain gisa, argindarraren ordain-agirietan hainbesteko bat gehiago kobratzeko baimena eman zien. Horrela, 2.300 milioi haien truke, herritarrok, 1996. eta 2015. urte bitartean, 5.717 milioi ordaindu ditugu, betiere iturri ofizialen arabera. Beraz, herritarrok Lemoizko instalazioak urre-prezioan ordaindu ditugula esatea gehiegi ote? Gauzak horrela, gure ustez, Jaurlaritzak gaizki egingo luke baldin eta aurrekariak zein diren kontuan izan gabe jokatuko balu, eta Lemoizko lursailei erabilera emango balie bide arruntago baten bidez eskuratutako beste edozein ondasun balira bezala.

    lemoiz_7576_11Orduan, Eguzki arrain-haztegiaren alde edo kontra dago? Eguzki etxea zimentarrietatik erakitzen hastearen alde dago. Beraz, gure ustez, orain “tokatzen” dena da kalaren etorkizuna planifikatzea. Kontuan izan urte hauetan guztietan Basorda ia-ia zulo beltz bat izan dela planifikazioan. Bada, (guk historiarekin bat nahiko genukeen) planifikazio marko horretan aztertu beharko litzateke Eusko Jaurlaritzaren proiektua kabitzen den ala ez. Baldin eta planifikazioa proiektu jakin batzuen arabera de facto egiten jarraitu behar badute, zertararako hainbeste istorio Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen inguruan?

    Eta etxea zimentarrietatik eraikitzen hastearen aldekoak garenez, etxea teilatutik eraikitzen hastearen kontrakoak gara, eta, hain justu, horixe da Tapia kontseilariak egin duena, arrain-haztegiak hainbeste milioiko inbertsioa eta, batez ere, hainbeste lanpostu sortuko dituela iragarri duenean. Nahita egin du, dudarik gabe. Seguruena, horrela, lehen momentutik neutralizatu nahi izan ditu proiektuak sor zitzakeen kritikak. Aurrenekoak, portzierto, dagoeneko iritsi dira, alderdi baten eta sindikatu baten aldetik. Espero zitezkeen. Izan ere, arrain-haztegiak, are gutxiago Lemoizen iragarri duten arrain-makrohaztegia, inoiz ez dira industria garbiak izan.

    Herri honetan behin eta berriro aldarrikatzen da memoria historikoaren garrantzia. Aldarrikapenak nahi bezain sutsuak izan daitezke, baina alferrikakoak, baldin eta memoria horren irakaspenak egunerokoan aplikatzeko borondaterik ez badago, ezta Lemoiz bezalako kasu ezin adierazgarriago batean ere.

    BIZKAIKO EGUZKI


    Partekatu - Compartelo