Jaurlaritzak 2018an ere ez du ibaiak saneatzeko dituen konpromisoak betetzeko asmorik
2017-12-14
Partekatu - Compartelo
Eusko Jaurlaritzak 2018an ere ez ditu beteko ur-saneamendu alorrean dituen konpromisoak. Izan ere, aurkeztu duen aurrekontu-proiektua ikusita, atzerapenak pilatzen jarraituko dira, ezinbestez pilatzen jarraituko, gainera.
Gipuzkoako kasua
Hona hemen 2018ko aurrekontu-proiektua:
Guztira, 12.941.224 euro. Iaz, berriz, 12.566.576. Beraz, aurtengo aurrekontua zertxobait handixeagoa da. Gipuzkoako kasuan (Mallabia eta Ermua barne, udalerri horietako ur zikinak Debara isurtzen direlako), aurtengo aurrekontua 1,7 milioi eurokoa da, iazkoa baino dezente handiagoa. Alabaina, kontuan izan iazko aurrekontua, 612.000 eurokoa baino ez zela izan, hau da, hutsaren hurrengo.
Gipuzkoako aurrekontua aurten pixka bat gizendu izanak aspalditik zain dagoen zenbait proiekturi behingoz heltzeko aukera emango omen du, Pasai Donibanekoa kasu (ea oraingoan egia den), baina, egia esan, diru kopuru hori huskeria da kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzak herrialde honetako saneamenduarekin pilatu duen zorra 50 milioi euro ingurukoa dela.
Zor hori Jaurlaritzak berak Foru Aldundiarekin eta mankomunitateekin izenpetu zuen Hitzarmen Markoaren ondorio da. Hitzarmen horren bidez, instituzioek adostu zuten 2007. eta 2011. bitartean zer lan hidrauliko egin behar ziren Gipuzkoan, eta finantziazioaren ardura elkarren artean nola banatu. Jaurlaritzak, baina, ez du bere partea egundaino bete.
2016ko urtarrilean, berriz, BOEk Plan Hidrologiko berria argitaratu zuen. Plan horren Neurri Programan, egiteke dauden saneamendu-lanak aurrera eramateko epeak modu nabarmenean laxatu ziren. Dena dela, epe berriak kontuan hartuta ere, Jaurlaritzak huts egiten jarraitzen du. Begiratu honako taula hau:
Hau da, Plan Hidrologikoaren epe berriak kunplitzeko , Eusko Jaurlaritzak 2019an, 2020an eta 2021ean, guztira, 16,89 milioi euro inbertitu beharko lituzke. Diru kopuru estratosferikoa da 2017ko eta 2018ko aurrekontuetan, batuta, alor horretara 2,01 milioi euro baino ez dituela bideratu.
Eta ez da begi-bistatik galdu behar, batetik, Jaurlaritzak 2007. eta 2011. urte bitarterako hartu zituen konpromisoez ari garela, eta, bestetik, 2021. urtetik aurrera beste 31 milioiko inbertsioei heldu beharko diela.
Martxa honetan, 2050ean ere osatu gabe jarraituko du oinarrizko saneamendu-sareak.
EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraulikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Bada, inbertsio-maila honekin ibaien kutsadurari aurre egiteko konpromiso hori dagoeneko orbel-haizea dela esan dezakegu.
Eguzki, 2017ko abenduan
(*) Lan hauek une honetan egiten ari dira, Foru Aldundiaren eta Añarbeko Uren kontura. Bestalde, taulan ez da aipatzen Villabonako saneamendu-proiektua, Jaurlaritzak iaz 300.000 eurorekin finantzatu zuena.