Albistea

  • Foruzaingoak bere egin du, Eguzkik abisatuta, partikular batek internet bidez saldu nahi zuen arrano beltz disekatu bat

    2018-01-10
    Partekatu - Compartelo

    Arranoa saltzeko iragarkian ikus zitekeen argazkietako bat.

    Arranoa saltzeko iragarkian ikus zitekeen argazkietako bat.

    Nafarroako Foruzaingoaren Ingurumen Brigadak, Eguzkik abisatuta, Tutera aldean bahitu egin du partikular batek Internet bidez saldu nahi zuen arrano beltz disekatu bat (1).

    Bizirik nahiz hilik direla ere, espezie babestuen eta beraien atalen salerosketa debekatuta dago. Internet bihurtu da legez kanpoko salerosketa-bide eta aldi berean erakusleiho.

    Eguzkikook ez gara txaloa merke jotzen duten horietakoak, eta, hala ere, espantu handirik gabe aitortuko dugu Foruzaingoak, horrelako salaketak helarazten dizkiogunean, fin jokatzen duela (2).

    Zoritxarrez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan ez da gauza bera gertatzen. EAEn, Ertzaintzaren Ingurumen Brigadak oso agente gutxi eta are bitarteko gutxiago ditu, orain dela bi hilabete Eusko Legebiltzarrean egin genuen agerraldian salatu genuen bezala (3). Alor honetan, behintzat, ezin esan Ertzaintza polizia integrala dela. Azaroan, adibidez, bolizko 26 pieza bahitu zituzten Donostian, Internet bidez iragarritako enkante batean. Baina bahiketa ez zuen Ertzaintzak egin, Guardia Zibilaren SEPRONAk baizik.

    Foruzaingoak berak bahitutako arrano beltz disekatuaren honako argazki hau argitaratu du.

    Foruzaingoak berak bahitutako arrano beltz disekatuaren honako argazki hau argitaratu du.

    Diputazioek ere badute eskumenik basafaunaren legez kanpoko salerosketan. Beste aldera begiratzen dute, ordea. Ehiza-aldi honetan bertan, Eguzkik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei oilagor, usapal eta birigarroak legez kanpo saltzen ari diren hamaika jatetxeri buruzko informazioa helarazi die, informazioa iker dezaten eta, hala badagokio, zigorrak ezar ditzaten. Kontuan izan oilagorrak, usapalak eta birigarroak ez direla espezie babestuak, bota baitaitezke betiere baldintza jakin batzuetan, baina beren salerosketa debekatuta dago. Bada, guk dakigula, orain arte behintzat, diputazioek ez dute zigor bat bera ezarri. Esan dezagun, bide batez, jatetxe gehienak oso-oso ezagunak direla.

    Internet bidez legez kanpo egiten den salerosketa mota honen zigorgabetasunari aurre egingo bazaio, EAEko agintariek ere alor honetan dituzten ardurak noizbait beren gain hartu beharko dituzte.

    EGUZKI, 2018ko urtarrilean

    (1) Hona hemen Foruzaingoaren oharra, bi bideo barnebiltzen dituena:

    http://www.navarra.es/home_es/Actualidad/Sala+de+prensa/Noticias+de+seguridad+publica/2018/01/09/incautada+aguila+real+disecada+vendida+por+internet.htm

    (2) Joan den urtean ere, Eguzkik abisatuta, Foruzaingoak salatu zituen oilagorrak saltzen zituzten bi jatetxe eta harategi bat. Oilagorra ez da espezie babestua, bota baitaiteke baldintza jakin batzuetan. Baina salmenta guztiz debekatuta dago.

    http://eguzki.org/2017/02/02/foruzaingoak-harategi-bat-eta-bi-jatetxe-salatu-ditu-oilagorrak-saltzeagatik/

    (3) http://eguzki.org/2017/11/15/eguzkik-baliabide-gehiago-eskatu-ditu-legebiltzarrean-ingurumen-delituen-zigorgabetasunari-aurre-egiteko/


    Partekatu - Compartelo