Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Lasarte-Oriako Udalak Aste Berdea antolatu ohi du urtero fetxa hauetan. Aurtengo leloa “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabeko planeta baten alde” izan da. A zer guaya den gure Udala!
Baina… Lasarte-Oria, Donostiarekin batera, San Markoko azkena da birziklatzen, Udalak ez duelako etxeko zaborrak (plastikoak barne) gaika biltzeko fundamentuzko sistemarik ezarri nahi. Hori bai, gero Udaletxeko fatxadan dotore asko jarriko du pankarta: “Lasarte-Oria birziklapenaren alde!”.
Bide batez, alkateak herria erraustegiaren aurka dagoela badakiela esaten duen arren, erraustegiko goi-tentsioko lineak Lasarte-Oria aldez alde zeharkatzeko baimena eman berri du, lan hori ez errazteko eskatuz aurkezturiko herritarren sinadurei jaramonik egin gabe.
Egun, Lasarte-Orian indarrean dagoen zaborra biltzeko sistema txarra da birziklatzearen ikuspegitik, baina baita beste ikuspegitatik ere. Isla asko, eta zer esanik ez lurpeko zaborrontzi asko, egoera penagarrian daude. Sistema zaharberritze baten behar gorrian dago. Honen aurrean Udalak zerbait egin behar, eta zer egin duen? Bada, auzokonpostagailuak kendu! Egia esan, aspaldi iragarri zuen kenduko zituela eta are aspaldiago zuen kentzeko gogoa, baina noiz kenduko, eta Aste Berdean bertan kendu ditu. A zer punteria! Keinu hori hamaika hitz baino adierazgarriagoa da.
Beraz, Aste Berdean ere, Udalari propaganda gutxiago eta koherentzia, fundamentu eta konpromiso gehiago eskatu behar zaizkio.
EGUZKI