Albistea

  • Eguzkik Aizkorri-Aratz Parke Naturalean lau pista eraikitzeko proiektuen inguruan kezka agertu du

    2018-07-19

    aizkorriAizkorri-Aratz Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE), Zerain eta Oñati udalerrietan, Gipuzkoako Aldundia lau baso pista eraikitzeko proiektua tramitatzen ari da, bertako herri onurako mendi batean eta lursail pribatu batzuetan, hurrenez hurren. Natura 2000 Sarea eta EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen baitan babestutako lurralde batean gertatzen ari da.

    7,5 km baino gehiagoko pista berri hauen proposamena azken hamarkadetan Aldundiak ezarritako baso politikan kokatu behar da, non besteen artean mendi publikoak egurrari lotutako industria pribatu ezberdinentzako lehengaia lortzeko erabili diren.

    Baso politika honen ondorio zuzena izan da Gipuzkoako baso eremu ugari benetazko basamortu biologiko bilakatzea, bertako habitat naturalak eta flora eta basa faunako espezieen populazioak desagertu direlarik.

    Natura 2000 Sarearen barnean eraiki nahi diren 7,5 km-tako baso pisten helburua, konifero masa ezberdinetako egurra mozteko baso kamioi eta traktoreei bidea irekitzea: larizio pinua, Douglas izeia eta alertzea. Izan ere, Aldundian borontatea izanez gero, badago aukera aire bidezko kablea bezalako beste teknika bigunak erabiltzeko, adibidez.

    Gipuzkoak biltzen dituen 200.000 hektareakiko, egur ustiapen intentsiboek okupatutako azalera 75.000 ha-takoa da gaur egun, honek Aldundiaren baso politikak sorturiko erabat artifizializatutako mendiz eta paisaiaz jositako lurraldea bilakatzen gaituelarik. Ondorioz, orain lur hauek espezie exotikoetaz jantzita daude, eta hurrengo osagaiez beteta: baso pistak, erosio prozesuak, paisai natural suntsituak, izurrite eta gaitzak, etabar.

    Eguzkik Gipuzkoako Aldundiari eta Zeraingo Udalari eskatzen die Aizkorri-Aratz Parke Naturalean baso pistak eraikitzeko asmoa bertan behera uzteko, eta Oñatiko Udalari proiektatutako obraren udal baimena eman ez dezan.

    Era berean, Aldundiak bere baso politikaren norabidea aldatu behar du, egurraren lobiarekin dituen loturak hautsiz eta egurraren ekoizpen intentsiboari uko eginez. Azken honek Gipuzkoako mendietan sortzen dituen ingurumen eragin ezkorrak nabariak dira, bertako malda eta erosionabilitate handiak ikusita.

    Eguzki