Albistea

  • Badian Bizik Fiskaltzan salatuko du Pasaiako Portuko sutea

    2018-08-09
    Partekatu - Compartelo

    badianbiziPasaiako, Lezoko eta Oreretako hainbat herritarrek Badian Bizi izeneko plataforma eratu dute, Portuak sortzen duen kutsadurari aurre egiteko asmotan. Plataforma eratu izanaren pizgarria izan da ostegunean Lezoko moilan gertatu zen sute handia. Badian Bizik gaur eskaini duen prentsaurrekoan iragarri du sute hori Fiskaltzan salatuko duela. Hona hemen prentsaurrekoan esandakoa…

    Abuztuaren 2ko eguerdian Antigua eta Barbudako bandera daraman Christine itsasontzitik deskargatzen ari ziren txatar pilak su hartu zuen Lezoko moilan. Auto prentsatuak deskargatzen ari ziren eta suteak izugarrizko sugarrak eta ke beltz ikaragarria eragin zituen berehala. Keaz gain, usaina eta lanbro antzeko bat zabaldu zen Lezon eta badiaren inguruko herrietan.

    Sutea itzaltzeko zortzi bat ordu behar izan zituzten atoiontzietatik ura jaurtitzen aritu ziren suhiltzaileek, eta deskargarako garabia ere erabili zuten badiatik ura atera eta sua itzaltzeko. Gerora jakin izan dugunez, 2.000 tona txatar erre ziren gertakarian eta 21.000 litro ur behar izan ziren sua amatatzeko. Bide batez, esan behar dugu, 21.000 litro kutsatu eta zikin horiek inolako tratamendurik gabe zuzenean itsasora isuri zirela berriz badaezpadako inolako neurririk hartu gabe, ez bainurako, ez arrantzarako debekurik ezarri gabe.

    Hori guztia gertatzen zen bitartean, herritarroi ez zitzaigun leihoak ongi ixteko gomendioa baizik eman, agintarien aldetik kea toxikoa izan zitekeela esaten besterik ez genuen entzun. Bertatik bertara bizi garen herritarrok berehala sumatu genituen gure begietan erredura eta eztarrietan ere zapore eta sentsazio ezatsegina.

    Joan zen ostegunekoa marmitari gainezka eginarazi dion tanta baino ez da, zoritxarrez, badiaren inguruko herrietan bizi garen herritarrontzat. Izan ere, egunero edo kasik egunero jasan behar izaten baitugu portuak eragiten duen kutsadura, bai airearena, bai zaratarena. Ia egunero ikusten ditugu txatar pilak kea dariela, inolako kontrolik eta filtrorik gabe, produktu kimiko arriskutsuen eta kutsakorren deskarga “axolagabeak” ere eguneroko ogi ditugu; ongarri kimikoak, kaolina, taladrina eta are, beti ukatzen den arren, gai erradiaktiboak. Ez da beraz kasualitatea herrialdeko bizi itxaropen apalena eta gaitz indizerik handiena badiaren inguruko herrietan izatea. Hori guztia gutxi ez balitz, silorik erabili gabe eta gaiak bereizi gabe eginiko deskargek eragiten duten zarata ere kontuan izan behar dugu. Askotan deskargak gaueko desordutan egiten dira itsasontziak kaia lehenbailehen utz dezan. Hori guztia egunero urteko 364 egunetan.

    Herritarron kexei muzin egiten diete agintariek, ixkin eginez edota, besterik gabe, erantzun gabe. Kexatu izan diren herritar batzuei garapen ekonomikoaren kontra eta portuaren kontra egotea leporatu izan diete, portuak herritarroi ekarri digun aberastasuna eta ongizatea aipatuz. Gainera datuek ere tranpa dute, izan ere, beti batez bestekoa ageri da eta ez dira kutsadura eta zarata pikoak inoiz bistaratzen.

    Nahikoa da! Honaino iritsi gara!

    Pasaiako badiaren inguruko herrietako bizilagunak elkartu eta egoera jasanezin, lotsagarri eta anakroniko hau gogor salatu nahi dugu! Ez dugu onartzen beste inon nahi ez dituzten txatar eta gai kutsakor arriskutsuak gure etxe ondoko moiletan deskargatzerik! Hori ez baita ongizatearekin, ez eta bizitzarekin berarekin ere bateragarri.

    Egoera iraunkor honen aurrean BADIAN BIZI koordinadora sortzea erabaki dugu Lezoko, Errenteriako eta Pasaiako herritar talde batek.

    Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

    Dudak omen zeuden, kea toxikoa izango ote zen. Zer uste duzu zuk?

    Zera adierazi nahi dugu irmoki:

    1- Abuztuaren 2an gertatutako sutea eta haren ondorioak gogor salatzen ditugu, onartezina baita hainbeste biztanle inguru hurbilean dituen badia batean horrelakorik gertatzea. Osasun publikoaren kontrako eraso axolagabe eta larria iruditzen zaigu gertatutakoa. Ondorio larriagoak izan zitzakeen gertaerak aireak kea Lezo aldera zuzenean eraman izan balu (herria hustu behar izatea, adinekoak, haurrak eta arnasketa aparatuko arazoak dituztenak erietxeratu behar izatea eta abar). Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta Lezoko, Pasaiako, Errenteriako eta Donostiako Udalei gertaera horiek ikertu, errudunak zigortu eta, batez ere, orain arteko egoera jasan ezin hau konpon dezaten eskatzen diegu gure babesgabetasun egoera honetatik. Oraindik ez dakigu zein gai isuri eta aireratu ziren abuztuaren 2an, eta ez dugu agintarien aldetik inolako informazio ofizialik izan horren inguruan. Zer duzue esateko ALGEPOSAren nagusi Maria Luisa Ucinek, Portuko Agintaritzako zuzendari Cesar Salvadorrek eta Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio jaun-andereok?

    2- Ez gaude inola ere, ez portuaren aurka, ez bere jarduera ekonomikoaren aurka, gauzak behar bezala egitearen alde gaude. Karga deskarga lanak egin daitezela inguruko herritarren osasunarentzako berme guztiekin. Ez daitezela negozioa eta diru erraza herritarren osasunaren gainetik jarri. Herritarren bizitza, aisia eta portuaren jarduera bateragarri izateko modua bilatzearen alde gaude. Beste edozein ingurunetako herritarrek bezala, aire garbia arnasteko eskubidea dugu badia ingurukook ere.

    3- Azkenik, jakinarazi nahi dugu Donostiako Ingurumeneko Fiskaltzan BADIAN BIZIren izenean, osasun publikoaren kontrako delituagatik, salaketa jarriko dugula datozen egunetan. Izan ere, gure iritziz, gisa honetako gertaerek ezin dute zigorgabetasun egoeran geratu.

    BADIAN BIZI


    Partekatu - Compartelo