Albistea

  • Bi isurketa aste beteko tartean Oria arroan

    2018-09-23
    Partekatu - Compartelo

    Leitzarango isurketa

    Leitzarango isurketa

    Bi isurketa gertatu dira astebeteko epean Oria arroan. Lehena Leitzaran ibaian (Andoain) gertatu zen eta Orian bertan bestea, Olaberrian.

    Bi kasuetan, isurketaren berri izan orduko 112arekin harremanetan jartzearen ondorioz, isurketen jatorria eta arduraduna topatzea posible izan da. Arrakasta txiki honek (beti ez baita jakitea lortzen isurketaren jatorria eta arduraduna) agerian uzten du zein garrantzitsua den isurketen berri ahalik eta azkarren ematea.

    Lehena Andoainen.

    Irailaren 15ean isurketa gertatu zen Leitzaranen, Andoainen, Leitzaran ibaia Oriaratzen den puntutik oso gertu, Renfeko zubiaren inguruan zuen jatorri eta denbora tarte batean ibaiko ura, batez ere ezkerreko aldeko ibai bazter alde zuri-zuria ikusten zen. Guk ez genuen hildako arrainik edo antzekorik topatu baina kontuan hartzekoa da antzeko isurketa bat gertatu zela uztailaren bukaeran isurketaren jatorriaren zantzurik topatu ez bazen ere.

    Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen

    Leitzarango isurketa Orian ere sumatu zen, isurketaren jatorria bertatik gertu zegoen eta.

    Kasu honetan kostata bada ere, URAko ikuskaria eta Udaltzainen arteko lanak emaitza onak eman zituen: isurketak, konponketa lanak egiten ari zen etxe batean izan zuen jatorria eta pintura txuria bota zuten arraskatik behera. Kontuan izan behar da margoak, ura koloreztatzeaz gain, oso kutsakorrak izatera irits daitezke nagusiki metal pisutsuak (beruna, kadmioa, merkurioa) eta konposatu organiko hegazkorrak dituztelako. URAk Udalaren esku utzi du lege-haustearen kudeaketa.

    Beste arazo bat agerian.

    Isurketa honek ur-beltzekin edo hondakin-urekin zerikusia duen beste arazo bat utzi du agerian: Leitzaranen ezkerraldeko etxeko ur-beltzak ibaira isurtzen dira zuzenean.  Gai hau ezaguna da Eguzkikoontzat, izan ere, askotan salatu dugun gaia da eta. Uste dugu  badela garaia arazo honi irtenbidea emateko, tristea baita XXI. mendean, Biotopo izendatuta dagoen ibaia ur-beltzen isurketekin zikintzea (naiz et herrigunea babestutako gunetik kanpo dagoen), Adunako araztegira bidali beharrean. Horregatik, Andoaingo Udalari Leitzarango hondakin-urak araztegira orain bideratzeko eskatzen diogu.

    Olaberrian bigarrena.

    Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoa ngoaren itxura bera zuen.

    Olaberriako isurketa, edukiz ezberdina bada ere Andoaingoaren itxura bera zuen.

    Bestea ostegunean, irailaren 20 gertatu zen Olaberrian. Kasu honetan ere, kolore zuria hartu zuen Oria ibaiko urak, Estanda Oriaratzen den inguruan. Mantxa ibaian gora jarraitu eta Arcelor-Mittal-etik irteten zela ikusi genuen. Dirudienez depositu batean izan zuten matxuraren ondorio izan zen isurketa.

    Kasu honetan ere ez genuen hildako arrainik topatu baina enpresaren jarduera mota kontuan izanik, Ura Agentziaren emaitzen zain geratzen gara, isurketak eragin duen kaltea zehaztu ahal izateko.

    Garbi geratzeen dena, isurketak, lantegi batek edo gure etxetatik eginak izan, denak ibaiak kutsatzen dituztela, ingurumena kaltetzen dutela.

    Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra, 2018ko irailean.


    Partekatu - Compartelo