Albistea

  • Gascok kutsadura-kasuen aurrean ezikusiarena egin eta hondartza-denboraldiaren balantze ezin hobea izan dela esan du

    2018-09-30
    Partekatu - Compartelo

    loretopea[1]Ernesto Gasco zinegotziak hondartza-denboraldiaren balantze ezin hobea egin du. “Hamarkadako onena” izan dela esatera ere iritsi da. Eta zergatik izan da onena? Eguraldia lagun hondartzara jende asko joan delako, marmoka gutxi egon denez sorosleek bainuzale gutxiago artatu behar izan dutelako, Ondarretan harri piloa kendu dutelako eta horrelako beste faktore batzuk “ondo” joan direlako. Baina, harrigarriro, Gascok ez du hitz erdirik ere esan Donostiako hondartzek aurten ere pairatu dituzten kutsadura fekalaren kasuei buruz. Ezta uztailean Loretopean gertatutakoaz ere. Gogoratu uztailean, kutsadura zela eta, Kontxako zati horretan bainua debekatu behar izan zutela. Eta hori, Kontxan bainua debekatzea, inoiz ez edo aspaldi-aspaldiko partez, behintzat, gertatzen ez zen gauza da.

    Zentzugabea da horrelako balantze triunfalista bat egitea kutsadura-kasuak aipatu gabe, kutsadura oso kontuan hartzeko arazoa delako. Oroz gain, bainuzaleen osasunean eragina izan dezakeelako, baina baita Udalak, kutsadura-iturriaren bila urtebete daraman arren, oraindik aurkitu ez duelako ere.

    Ernesto Gascok fribolitatea bihurtu du bere eginkizun politikoaren ezaugarrietako bat. Egia esan, guri bost axola zaigu Albako dukesari koipea eman nahi diotenen artean ukalondoka agertzen bada, Eurovision festibalean egundoko argazkiaren protagonista bihurtzen bada edo zakur turista bati harrera egiten bideoa banatzen badu. Baina kutsadura-kasuak aipatu ere egin gabe hondartza-denboraldiaren balantze triunfala egitea da pasatzen uzteko asmoa ez dugun fribolitate mota. Izan ere, inoiz esan dugun bezala, guri ez digu axola Gascok edo beste batzuek munduko tiporik listoenak direla sinestea, betiere, jakina, besteok tonto konpletotzat jotzen ez gaituzten bitartean. Gogoan izan zer zioen Forrest Gumpek (eta Forrestek asko zekien gaiaz): tontoa da tontakeriak egiten dituena. Eta tontakeria galanta izango litzateke guk Gascori sinetsiko bagenio  kutsadura kontuan izan gabe aurtengoa azken hamarkadako hondartza-denboraldirik onena izan dela esaten duenean.

    Eguzki, 2018ko urrian


    Partekatu - Compartelo