Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetuta: poza eta arnas berria
2018-10-10
Partekatu - Compartelo
Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta, Erraustegiaren kontrako Mugimenduak beren lana aitortzeko apirilean Azpeitian antolatu zuen ekitaldi batean. Honelako aitortza-ekitaldi ugari egin da azken hilabeteotan Gipuzkoako herrietan.
Gaur arratsaldean bertan jakin dugu Espainiako Kontuen Auzitegiak errugabetu dituela Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin, aurreko legealdian Zubietako erraustegia gelditzeko ardura beren gain hartu zuten pertsonak. Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioko oraingo arduradunek (EAJk eta PSOEk) 46 milioi euroren erantzule egin nahi zituzten, horrek dakartzan ondorio pertsonal guztiekin.
Oraindik ez dira ezagutzen epaiaren xehetasunak eta irakurketa sakonagoak egiteko denbora ere izango da, baina orain, boteprontoan, honako hauek esan daitezke:
Ezer baino lehen, poza adierazi beharra dago bi pertsona hauen gainean denbora honetan guztian dilindan egon den Damoklesen ezpata desagertuko delako. Izan ere, epaituak izan dira (a ze aldrebesa den politikaren mundo hau) erraustegia gelditzeko hitza eman eta… bete zutelako!
Ez da begi-bistatik galdu behar salaketa hau nabigatzaileei abisua ere bazela: “Kontuz ibili, baldin eta ‘estrategikotzat’ jotzen ditugun proiektuak arriskuan jartzera ausartzen bazarete”. Eta, badakizue, batzuek, “proiektu estrategikoak” aipatzen dituzten bakoitzean, kartera laztantzen dute.
Erabaki honek arnas berria dakarkio, ezbairik gabe, erraustegiaren kontrako mugimenduari. Bada, denon artean lortu behar dugu arnas berri hori urriaren 27an Donostian egingo den manifestazioan islatzea. Badaezpada, hona hemen deialdia: