Ez da beharrezkoa sentsibilitate berezi bat edukitzea ondorioztatzeko anakronikoa dela XXI. mendean jarduera gogaikarria eta kutsatzailea duen enpresa bat oraindik ere herrigunean egotea.
Gehiegi huts egiteko arriskurik gabe, kokapen “desegoki” hori duten enpresa gutxienetako bat izango da PAPRESA. Herriguneetan zeuden enpresak industrialdeetara leku aldatzetik kanpo geratu zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta kokapen hori mantentzea lortu du, dirudienez, inolako momentutan aukera-behar hori planteatu ez delarik.
Ingurumenean duen eragin zuzenaz gain, atmosferara isuritako kutsatzaile desberdinenek (karbono monoxidoa CO, nitrogeno oxidoak NOx/NO2, sufre oxidoak SOx/SO2, PM10 eta PM2,5 partikulak), ingurune hidrikora isuritako 15 kutsatzaileek (artsenikoa, merkurioa, beruna eta zianuroa, besteak beste), lohiek eta usain txarrek Papresaren jarduerak bizilagunen bizi-kalitatea urritzen dute, garraio astunak eragindako zarata… eta zer esanik ez paisaian duen eraginaz, horrelako eraikin-puska bat alde zaharretik 50 metrora dago. Alabaina, espero dugu arrazoiren batengatik (segur aski ez da izango gure bizi-baldintzak hobetzeko) lekuz aldatzea erabakitzea; izan ere, gauza zailagoak ikusi ditugu.
Badirudi, ordea, momentua ez denik; aitzitik, Papresari Ingurumen Baimen Integratua eman diote egunkari-papera fabrikatzeko jarduerarako eta kogenerazio-instalaziorako. Eta hori aprobetxatuz, eskatutako jardueraren zabalkuntza eman diote hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko.
Bai, ondo ulertu duzu, indarreko araudiak betetzeaz harago joan beharrean, eta kokatzen den leku “sentibera” dela-eta bizilagunen ongizatea hobetzen ahalegindu ordez, bere jarduera zabaltzea eskatu du.
Eta zer egin dute gure ordezkariek gure eskubideak eta gure bizi-kalitatea bermatzeko? Informatu al digute baimen horren tramitazioari buruz gure premiak adierazi ahal izateko? Ez legoke soberan azalpen egokiak ematea, baina horretaz gain, jakin badakigu apirilaren 26an txosten bat egiteko jakinarazpena jaso zutela, eta, “kasualitatea”, ez dago txostenik.
Azaroaren 28an gai hau Ingurumeneko Aholkularitza Kontseiluan planteatu zenean, erabateko ezjakintasun-sentsazioa hauteman genuen. Eta geure buruari galdetzen diogu, nora begiratzen dute geure ordezkariek gure herriko enpresarik potentzialki kutsatzaileenaren eta herrigunean jarraitzen duen tamaina horretako bakarraren baimenaren tramitazioaren inguruan ez ikusiarena egiteko?