Albistea

  • NATURKONEK FUMIGAZIOAREN AURKAKO MOZIOAK AURKEZTU DITU ZENBAIT UDALETAN

    2019-01-09

    Banda-marroia-irudia

    UDAL MOZIOA

     

    UDALERRIKO PINU-SAILAK ETA
    INGURUMENAREN ETA OSASUN PUBLIKOAREN BABESA

    AURREKARIAK:

     

    EAEko azken Baso Inbentarioko datuen arabera (2016), intsinis pinuaren monolaborantzaz osatutako eta ia 125.000 hektarea dituen ustiatutako masa itzela sortu da (ez dira basoak). Horiei gehitu behar zaizkie beste espezie exotiko komertzialen 80.000 Ha luzeak. Denek infektatu dituzte gure paisaia naturalak, baso-ekosistemetan bioaniztasun galera handiak eragin dituztela.

    Gaur egungo egur politikaren oso ondorio larria da baso naturalen % 75 desagertu izana dagoeneko EAEko lurraldetik: hariztiak, pagadiak, ameztiak, baso mistoak, artadiak eta abar. Ildo horretan, EAEn baso-politika berriak ezartzeko asmoz hainbat gizarte eragileren proposamen teknikoak badira: Naturkon, Gipuzkoako ekologista eta naturazaleen Plataforma bateratua (2012), eta Kolore Guztietako Basoak Bizkaian (2017).

    Ustiapena intentsibotu izanaren ezinbesteko beste ondorioa da erabili diren espezieen berezko izurri espezifikoak neurrigabe ugaritu izana, hala nola pinu-beldarra, fusariuma edo gaur egungo xingola gorria nahiz marroia.

    EAEko intsignis pinuko masetan xingola marroia eta gorria izeneko onddoek eragindako gaixotasunek sortu duten egoera fitosanitario larriaren aurrean, 2018ko urrian Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta egurraren sektoreak “Koniferoen basoak berreskuratzeko euskal Estrategia” izenekoa aurkeztu dute. Horren helburua EAEko  207.131 Ha-ko egur espezie exotikoen monolaborantzan eta lurzoruen erabilera intentsiboan oinarritutako baso kudeaketa kaltegarria sendotzea eta berrestea da. Eta ez zaio inondik ere heltzen maldak, ibaiak, ur hartuneak edo eremu babestuen araberako baldintzak ezartzeari. Alegia, bost axola naturari eragindako albo-ondorioak, bost axola lursail hurko nahiz urrunekoei eragindako albo-ondorioak, bost axola osasun publikoari eragindako albo-ondorioak.

    Ustezko ‘Estrategia’ horrek aurreikusi du xingola marroia eta gorriaren aurka kupre (I) oxidoa erabiltzea fungizida gisa. Honek ondorio larriak sor ditzake Ingurumenean eta osasun publikoan: basa fauna, lurzoruak, urak eta bere hornidurarako hartuneak, elikagaien soroak, eta giza populazioaren osasun publikoa. Onddo eta zizen komunitate naturalak txikitzeaz gain (fungizida orokorra baita, inongo bereizketarik egiten ez duena), basa-faunari, lurzoruari, urari eta hornidurarako uraren hartuneei, jateko laboreei eta herritarren osasunari ere eragiten die. Gure kasuan, Añarbeko urtegiak Errenteria-Oreretaz gain Gipuzkoako populazioaren erdiari ere hornitzen dio edateko ura. Gainera, dozenaka iturburuk eta errekek hainbat baserri eta nekazal ustiapenei zerbitzua ematen diete.

    Europako Batasunaren arauek aspaldi debekatua dute, oro har, gai fitosanitarioak hegazkin bidez botatzeko teknika, hain prezisio txikikoa izanik arrunt barreiatzen delako produktua. Hartara, nahi ez den tokira iristen da, ez dakigu dosifikazioa ondo aplikatu den eta behar baino askoz ere kantitate gehiago botatzen da naturara. Horren emaitza da bidegabe eragiten zaiela kaltea, eta gainera alferrik, bai naturari, bai osasun publikoari. Oso salbuespen puntual batzuk baizik ez dira aurreikusten debekua altxatzeko.

    Kupre (I) oxidoaren aire bidezko fumigazio-tratamendu masiboa 2019ko udaberrian aurreikusi da, baldin eta Espainiako Gobernuak baimentzen badu.

    Aurreko guztia ikusirik, eta gaur egungo baso-politika sakon eta zintzo berrikusteko premia gora-behera, Udal honek hau

     

    EBATZI DU:

    1.- Errenteriako Udalak Gipuzkoa Foru Aldundiari eskatzen dio gure udalerriko baso eremuetan, publiko zein pribatuetan, inongo aire bidezko fumigaziorik egin ez dezala, Ingurumenaren, osasun publikoaren eta giza populazioarentzako ur hartuneen babesa bermatzeko asmoz.

    2.-  Errenteriako Udalak bere jabetzako mendietan oxido kuproso bidezko tratamendurik egiteko baimena ukatu egiten du berariaz.

    3.-  Errenteriako Udalak Euskal Herriko gainerako erakunde publikoei, alegia, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Foru Aldundiei, Udalei, Mankomunitateei, Partzuergoei zein Auzo Erakundeei ere, beren jabetzako mendietan beste hainbeste egiteko gonbita luzatzen die.

    4.-  Errenteriako Udalak udalerriko lurjabeei gonbit egiten die halaber, beren sailak fumigatzeko baimena ukatu dezaten, haien jabeak direnez.

    5.-  Errenteriako Udalak ez du baimentzen udalerrian tratamendu fitosanitarioak aireontzi bidez aplikatzen.

    6.-  Errenteriako Udalak erregistro bat sortuko du beren sailak zein horien ingurukoak ez fumigatzea nahi duten herritarrek beren izena eman dezaten eta Udalaren babesa jasotzeko. Udalak, halaber, gaiaren inguruko aholkua eskaintzen die eta Aldundiaren aurrean haien izenean egin beharreko gestioak egiteko zerbitzua ere bai.

    7.-  Errenteriako Udalak kontsideratzen du ezen espezie arrotzen labore intentsiboek ez baitute betetzen ez babes-funtziorik ez natura kontserbatzearen aldeko funtziorik, ez dela bidezkoa mendi horien helburu aitortuaren guztiz kontrako jarduerei baliabide publikoz laguntzen jarraitzea.

    8.- Mozio honen edukia jakinaraztea: komunikabideei, Eusko Jaurlaritzari, hiru Foru Aldundiei, Espainiako Gobernuari eta egurraren sektorearen ordezkariari (Baskegur).

    Errenteria-Orereta, 2019ko urtarrilaren 4an

    NATURKON (Gipuzkoako natura-talde eta ekologisten Elkartea)

    Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

January 2019
M T W T F S S
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

LIBURUAK

liburuak