Gipuzkoa saneatzeko Akordio Marko berrian aipatutako proiektu gehienak 2011n bukatuta egon behar zirela agerian utzi du Eguzkik

  • Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

    Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak eta Gipuzkoako Ingurumen foru diputatu José Ignacio Asensiok Gipuzkoan saneamendu-azpiegiturak eraikitzeko Esparru Akordio edo Akordio Marko berriaren zirriborroa aurkeztu dute. Arriolaren iritziz, “anbizio handiko” akordioa da; izan ere, hemen eta 2027. urte bitartean 61 milioi euro inbertituta, Gipuzkoako saneamendu-sarea osatzea ahalbidetuko du (2).

Albiste ona, ezta? Albiste ona izan zitekeen… baldin eta eszeptikoak izateko hain arrazoi sendorik izan ez bagenu. Beste modu batean esanda: zergatik sinestu behar dugu hemendik aurrera zintzo demonio beteko direla orain arte bete ez diren konpromiso eta epeak? Ikus dezagun…

Honako taula honetan, ezkerreko zutabean ageri dira “anbizio handiko” Akordio Marko berriak 2027ra arte egitea aurreikusten dituen saneamendu-proiektu guztiak. Eskuinekoan, berriz, 2007 eta 2011 bitarteko Akordio Markotik pendiente, egin gabe, geratzen diren proiektuak.

taula_eusTaulari begiratu bat bota bezain pronto ikus daiteke Akordio berriaren zirriborroan aipatzen diren proiektu gehien-gehienak 2007-2011 Akordioan ere aipatu zirela. Are gehiago, Mendaro, Antzuola eta Elgetakoak 2003-2006 Akordioan ere aipatzen ziren!

Hau da, aspaldi eginda eta martxan egon behar zuten proiektuak dira. Eta zer dute proiektu hauek guztiek komunean? Kasu guztietan Eusko Jaurlaritzak finantzazioa % 100 edo % 75 bere gain hartu zuela. Ez du agindutakoa bete, ordea, eta, horren ondorioz, Gipuzkoak saneamendu-alorrean duen atzerapen historikoa areagotu izanaren erantzule nagusia da, zeren eta Akordio hura sinatu zuten besteak (batik bat Foru Aldundia eta mankomunitateak) beraien partea gutxi gorabehera egiten joan baitira.

Eskuinean, Mijoako bokala. Erreka horren urak itsasora doaz zuzen-zuzenean, Saturrarango hondartza ondoan, inolako tratamendurik gabe.

Eskuinean, Mijoako bokala. Erreka horren urak itsasora doaz zuzen-zuzenean, Saturrarango hondartza ondoan, inolako tratamendurik gabe.

Arriola kontseilariak esan digu “oraingoan baietz”, oraingoan Jaurlaritza konpromisoak betetzeko prest dagoela. Baina horrela izan dadin, legealdi hasieratik erakutsi duen politika nabarmen aldatu beharko da. Ikus dezagun hau ere…

2017an, Uraren bitartez, saneamendu-lanak egiteko 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen; 2018an, 13 milioi inguru; 2019an, Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua erretiratu duenez, ez dakigu zer gertatuko den. Nolanahi ere, 12-13 milioi urtean Autonomia Erkidego osorako (izan ere, diru horretatik Gipuzkoari ezer gutxi “tokatu” zaio: 2017an, 612.000 euro; 2018an, 700.000). Akordio Marko berriaren zirriborroa beteko bada, berriz, Jaurlaritzak hemen eta 2021. urte bitartean 19 milioi euro inbertitu beharko ditu, soil-soilik Gipuzkoan. Zenbaki hauek eszeptizismorako arrazoiak hauspotzen dituzte, batez ere Jaurlaritzaren orain arteko jokaera nolakoa izan den ikusita.

Dirua ez da arazoa

Jaurlaritzak 19 milioi euro inbertitu ditzake Gipuzkoako saneamenduan hemen eta 2021. urte bitartean? Batere arazorik gabe, dirua egon badagoelako. Kontu honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Izan ere, urte hauetan guztietan, baita krisia bere gordinenean zegoenean ere, Jaurlaritzak ez ote ditu milioiak eta miloiak bideratu Abiadura Handiko Trena eraikitzeko? AHTren adibide hau ipintzen dugu badakigulako Arriola kontseilariari ez zaiola batere gustatzen, baina beste hainbat ere ipin genitzakeen.

AHT “estrategikoa” dela? Eta saneamendua ez? Gure ustez, saneamendua estrategiko baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa delako. Ulertzen dugu edozer gauza dela saneamendu-proiektu bat baino glamourosoagoa. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusirik dutenak.

EGUZKI, 2019ko otsailean