Albistea

  • Aginagako saneamendua linbotik kanpo!

    2019-02-27
    Partekatu - Compartelo

    aginagaJone Urdanpilleta Usurbilgo Zerbitzuetako zinegotziak albiste ona eman zigun lehengoan: kostata, baina azkenean Añarbeko Mankomunitateak (Añarbeko Urak) Aginagako saneamenduari ekiteko moduko aurrekontuak onartu ditu. “Lortu egin dugu”, zioen zinegotziak poza ezkutatu ezinik. Eta pozik egoteko arrazoirik ez du falta. Gogora dezagun…

    2007an, Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten erakundeek. Akordio haren arabera, Aginagako saneamendua 2011 baino lehen egin behar zuten. Aurrekontuaren % 75 Jaurlaritzak ipini behar zuen eta Añaberbek gainerakoa. Baina Jaurlaritzak ez zuen bere partea ipini, ez 2011. urte bitartean ez harrez geroztik, eta Aginagak jarraitzen du ur zikinak zuzen-zuzenean Oriara isurtzen, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu batean, gainera. Ez hori bakarrik: 2016an, Plan Hidrologiko berrian, diru gutxi zegoen aitzakian, Aginaga 2027ra arteko saneamendu-programaziotik kanpo geratu zen.

    Beraz, Añarbek orain aurrekontua onartu izana oso pozgarria da, proiektua zegoen linbotik atera duelako.

    Zinegotziak gaineratu du lehen bi faseak aurten bertan lizitatu, datorren urtean hasi eta 2022an bukatuko direla (hirugarren bat geroko geratuko da). Ea egia den, baina epeokin eszeptikoagoak garela aitortu behar dugu. Kontuan izan diru gehiena (orain % 60, ez 2007ko % 75) berriro ere Jaurlaritzak ipini behar duela, eta bere jokaera orain arte nolakoa izan den ikusita…

    Eguzki

    P.S. Gipuzkoa saneatzeko Akordio Marko berrian aipatutako proiektu gehienak 2011n bukatuta egon behar zirela agerian utzi du Eguzkik.


    Partekatu - Compartelo