“Change the Change”ren aurrean, eko-kosmetika salatzen
2019-03-07
Partekatu - Compartelo
Klimaren Aldaketari buruzko Change the Change biltzarra dela eta, elkarretaratze ederrak egin ditugu astearte eta asteazkenean Donostiako Udaletxe eta Kursaal aurrean, hurrenez hurren. Erraustegiaren aurkako Mugimenduak deituta, biltzarra eko-kosmetika ariketa hutsa dela salatzea izan dugu helburu. Izan ere, klima-aldaketaren inguruan “kontzientziatu” nahi omen gaituzten horiexek dira erraustegiaren eta beste hainbat proiekturen bitartez klima-aldaketa sustatzen dutenak.
Portzierto, astelehenean, hainbat komunikabidek klima-aldaketaren inguruko konpromiso-dekalogo bat publikoki izenpetu zuten. Dekalogo horren 6. konpromisoak honako hau dio:
“Kazetaritza kritiko eta independentea defendatzea: Egiatasunarekin konprometitutako kazetaritza defendatu behar da, enpresa kutsatzaileek ordaindu eta greenwashing-a sortzen duten edukietatik urrunduta”.
Argitu dezagun, ez dakienarentzat, greenwashing hori zuritze, aurpegi-garbitze edo eko-kosmetika gisa itzul daitekeela.
Dekalogoa izenpetu duten komunikabide nagusiek biltzarrari buruz eman duten informazioari erreparatuta, garbi dago 6. konpromiso hori lehen momentutik beretik urratzen ari direla. Izenpetu izana ere greenwashing hutsa ote?
Hemen duzue astearte eta asteazkeneko elkarrataratzeen irudi sorta bat: