Albistea

  • Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik salatu bezala

    2019-04-25
    Partekatu - Compartelo

    papelera1 

    Urak berretsi du Papelera del Oriak legez kanpo isuri duela, Eguzkik martxoaren 29an salatu bezala. Hona hemen bideoa:

    https://youtu.be/iUYUmIHi2g0

    Zizurkilgo empresa araztegia handitzeko lanak egiten ari da eta Urak lan horiekin lotu du isurketa. Baimendutako isurketa-maila enpresak noiz gainditzen duen zorrotzago kontrolatu ahal izateko neurriren bat ere eskatu du agentziak.

    Eguzkikook nabarmendu nahi dugu ez zela isurketa puntuala izan. Izan ere, guk martxoaren 29an salatu genuen arren, hainbat lekukok esan digute enpresa hainbat egun lehenagotik isurtzen ari zela, eta, guk geuk ikusi ahal izan genuenez, ondorengo egunetan ere isurtzen jarraitu zuela. Horren lekuko dira martxoaren 30ean eta 31n, hurrenez hurren, ateratako honako bideo hauek:

    https://www.youtube.com/watch?v=-T3mG0BgdpQ

    https://www.youtube.com/watch?v=RSNuA-IXChE

    Oria paper fabrika isurketa 3 2019-03-29

    Kutsadurari dagokionez, garbi dago gure ibaien egoera, zorionez, ez dela orain dela 40-50 urtekoa, eta hori begi-bistan dago. Orian, non paper-fabriken garai bateko apar ikusgarri haiek gaur egun beteranoenen gogoan baino ez dauden. Baina hobekuntzak ezin du ezeren aitzakia izan. Izan ere, besterik ez genuen behar! Orain dela 40-50 urte bezala egotea! Hemen kontua da kutsadurak gure ibai eta erreketan arazo kronikoa izaten jarraitzen duela. Alde batetik, eta plastikoen kontua alde batera utzita ere, oinarrizko saneamendu-sareak oraindik guztiz osatu gabe daude (Oriari dagokionez, behar bestetan salatuko ditugu Aginaga, Andoaingo Ziako erreka eta Tolosan isurtzen duen Zelai ibaiaren kasu lotsagarriak). Bestetik, asko eta asko dira etxeak eta enpresak oraindik sarera konektatu gabe daudenak, edo baimendutako isurketa baino larriagoa egiten dutenak. Horri dagokionez, Eguzkik azken hilabeteotan isurketak salatu ditu Donostian, Mundakan, Zizurkilen, Lasarte-Orian, Mutrikun, Ondarroan… Ez dira egoera puntualak, kronikoak baizik, edo, hobeto esan, kronifikatuak. Ohitu gara, hainbeste ohitu ezen askotan errekara begiratu eta normalak iruditzen baitzaizkigu. Ez ba, ez dira normalak, legez kanpoko isurketen ondoriozko egoerak dira. Gauzak horrela, berriz ohitu behar gara edo ikasi behar dugu errekara begiratzen ikusteko begiekin. Izan ere, garbi eduki behar dugu ibaira egiten den isurketa oro kutsakorra dela eta ondorioz habitata kaltetzen duela. Beraz, ikusten dugun isurketa oro salatu egin behar: 112ra edo Eguzkiri (688662532) deitzea ez da lan handia, eta hortik aurrera zenbat eta mezua gehiago zabaldu, hainbat hobe. Modurik onena da arazo honi egin diezaioten merezi duen kasua.

    Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 2019ko apirilean.


    Partekatu - Compartelo