Albistea

  • Zaldunbordan erreka ondoko landaretza guztia desagerrarazi dutela salatu du Eguzkik

    2019-08-22
    Partekatu - Compartelo

    Zaldunborda Zokueta 3

    Eguzkik salatu du Zaldunbordan, Hondarribian, Zokueta errekaren ertzeko landaretza guztia desagerrarazi dutela, zehatz-mehatz, Desguaces Vidaurretatik gertu dagoen tarte batean.

    Paradoxa bada ere, txikizioa egin duten lekuan, kartel batean, honako hau irakur daiteke: “Berreskuratze lanak ibaiertzeko ezpondan”. Alabaina, atxikita bidaltzen dugun argazkian argiro ikus daitekeenez, ezponda hori zeharo babesgabe gelditu da higaduraren aurrean.

    Gauzak horrela, Eguzkik Ura agentziari galdetu dio ea landaretza hori desagerrarazteko baimenik ote zegoen eta, baiezkoan, ea lanak behar bezala egin ote diren.

    Halaber, Eguzkik Urari erreka honekin zerikusia duten beste hainbat konturi buruzko informazioa ere eskatu dio. Kontu horiek honako hauek dira: zabortegi zaharreko analitikak, babes hidraulikoaren eremuan pilatutako hondakin industrial berriak eta kamioi-aparkaleku batek baimenik gabe ukitu zuen erreka-zati bat leheneratzea.

    Eguzki, 2019ko abuztuan


    Partekatu - Compartelo