Kaietan haurrei bainatzea debekatu?

2019-8.1. Dzanga bai

BERRIA.Luis Mari Zulaika Isasti – Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea EHUn

Elantxoben gertatutako istripua dela eta, udara honetan beste behin ere berritu zaigu ondorengo eztabaida: itsas portuetan bainua hartzeko dagoen debekua, betearazi behar al da?

(Hiper)segurtasunaren izenean neurri guztiak zilegitzat jotzen diren garaiotan, aldeko ahots ugari entzuten dira; baina ez litzateke gaizki egongo neurri horiek zalantzan jartzen dituzten argudioak ere mahai gainean ipintzea. Heike Freire irakasleak Berde hezi bere liburuan (HikHasik euskaraz argitaratua) oso ondo azaltzen ditu haur bat gainbabestearen (esne mamitan haztearen) ondorioak. Argitalpen horretan, haurrak arriskuak ondo kudeatzen ikasteko hainbat urrats proposatzen ditu. Saiakera eta hutsegitearen poderioz, ahaleginduz eta hanka sartuz (aurreko belaunaldikoek egin izan duten bezala) joango da pixkanaka ikasiz eta bere mugak ezagutuz eta gaindituz. Inolako arriskurik gabe hazten den haurrak zailtasunak izango ditu gero errealitatera egokitzeko.

Egungo haurrak oso txikitatik psikomotrizista eta kirol entrenatzaile tituludunen hamaika ikastaro ordaindutakotara eraman baditugu ere, esan al daiteke gure aitona-amonek adin horretan oinarrizko trebetasun motorrei dagokionez zuten maila baino hobea dutenik? Egungo umeek kaleko zein naturako jolas libreari eskainitako denbora galdu izanak bere ondorioak ditu. Eta badirudi jarduera horiek are eta gehiago kontrolatu eta murriztu nahi dizkiegula.

Gorputz hezkuntzako irakasleek jarduera gabezia horrek eragindako hutsuneei erantzun behar izaten diete. Uretara jauziak egiteko jarduerari dagokionez, aipa daiteke oreka gaitasuna eta gorputzaren pisua desplazamenduetan kontrolatzeko gaitasunarekin harreman zuzena duela, eta trebetasun horiek transferentzia positibo zuzena dutela hamaika jardueretan: atletismo, kirol gehienetan, gimnastikan, akrosport, dantzak… Eta ez dezagun ahaztu zure motrizitate mailak, besteak beste, zure sozializazioa, prestigio soziala, autoestima eta sormena baldintzatzen dituela.

Maiz kexatu ohi gara gure gazteen aisialdiko ohitura sedentarioez, (bereziki, pantailekiko eta teknologia berriekiko adikzioak), eta horiek osasunarekiko duten eragin kaltegarriez (gizentasuna, indibidualismoa…). Baina, gero, beren jarduera librea debeku eta isunen bidez mugatzen dugu: igerileku publikoetan jauziak egiterakoan abiada hartzea edo airean birak ematea, zuhaitzetara igotzea, bizikleta eta patinen erabilera, baloiak… Osasunerako Mundu Erakundeak etengabe aldarrikatzen du gure haur eta gazteentzat aisialdirako jarduera fisiko ludikoz osatutako ohitura osasuntsu eta bizi estilo aktiboak sustatzearen beharra. Ezaugarri horren garrantziaren adierazle dugu ideia hori jasotzen dela hainbat herrialdetako hezkuntza sistemetako curriculum ofizialetan.

EHUko Herran irakasleak, bere doktore tesian, haurrak psikomotrizitate gelan aztertu ondoren, jauzia «hegan egite sentsazioarekin» parekatzen zuen. Parke tematiko ia guztietan dugu erorketa librean oinarritutako atrakzioren bat, baita akuapark eta antzekoetan, edo herriko jai askotan garabi baten bidez edo prestatutako tramankuluetan ere. Gazte izatearekin eta momentuaz gozatzeko ezaugarriekin bat dator adrenalina sorraraziko dion eta arriskua duten jarduerak probatzeko grina. Itsasertzean eskura topatutako aukerez baliatuz gozatzea ez da egungo gazteek asmatu duten zerbait, aurreko belaunaldien artean ere badu bere tradizioa.

Zarauzko irakasle batek aipatzen zidan haurrei udako gogoramenik gogoangarrienen inguruan idazteko eskatutakoan batek baino gehiagok bere herriko kaian jauziak eginez pasatutako arratsaldeak aukeratzen zituela. Ez dezagun ahaztu, Orson Wellesen Kane hiritarra filmean, hain gizon boteretsu eta ustez arrakastatsuari, bere bizitzako errepasoa eginda, gogoramen bat nabarmendu behar, eta haurtzaroan elurretan leratxoarekin (trineoa) pasatutako uneak zetozkiola burura.

Marka komertzial batek babestuta Bilboko Salbe zubitik jauzi egiten duten izar batzuk ikustera mugatu gabe, eskain diezaiegun aukera ahalik eta gazte gehienei zuzenean beraiek esperimentatu eta gozatzeko (zailtasun maila egokituta, noski).

Helduok har ditzagun neurriak gure haurren konpetentzia motorra garatzeko, aldi berean beren autogestioa, autonomia eta heldutasun maila bermatzen lagunduz. Ahal den neurrian eremu naturalak presta ditzagun horretarako, besteak beste, kai eta portuetan itsasontzien trafiko gutxiko guneak egokituz gure haur eta gazteek bainatzeko aukera izan dezaten. Oro har, interesgarria litzateke gure haurren jolasaldia hainbeste ez kontrolatzea eta zero arriskuarekin ez obsesionatzea. Bertako administraziotik (EJ, Foru Aldundiak eta udal ugari) sortu dugun MUGIMENT egitasmoarekin bat eginaz, gure gazteen artean aisialdi ohitura osasuntsuak eta bizi estilo aktiboak garatu eta sustatzera bideratu behar genituzke indarrak. Beren osasunak, heziketak eta bizi-kalitateak eskertuko liguke.

Ondarroako Udalak kukaina parean bainatzen uzteko eskaria luzatu dio Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzari 

Herritarren eskaria kontuan hartuz eta kukaina inguruan bainatzea Ondarroan ohitura dela ikusita, udalak Portu Zuzendaritzari eskatu dio inguru horretan bainatzen uztea. Portu Zuzendaritzak duela egun batzuk bainua debekatzen zuten seinale batzuk jarri zituen inguruan eta gai horri heldu nahi izan dio udalak.

Udalak, eskaera ofiziala egin du eta Portu Zuzendaritza prest agertu da inguru horretan bainatzen uzteko beti ere udalarekin hitzarmen bat sinatuz gero. Hitzarmen horretan bainu eremua zein izango den zehaztuko da eta bertan gerta daitekeenaz ez da Portu Zuzendaritza arduratuko; berez, portu eremuan ezin da bainatu. Inguruko herrietako zenbait eremutan bainatzea ahalbidetzeko ere hitzarmenak sinatu behar izan dituzte udalek.

Zunbeltz Bedialauneta alkateak esan du udalaren asmoa kukaina ingurua balizatzea dela, hitzarmena sinatu ostean. “Ez dakigu hitzarmena noiz sinatu ahalko den, baina eskaria egina daukagu”. Alkateak zehaztu du behin ingurua balizatutakoan norbanako bakoitza izango dela gertatzen denaren arduradun, eta kukaina erabiltzeko arauak betetzea ezinbestekoa izango dela, hori baita hitzarmenean adostuko dena. Gaineratu du soilik balizatutako eremuan bainatzea ahalbidetuko duela sinatu nahi den hitzarmenak. “Hitzarmenean arauak betetzearen garrantzia azpimarratuko da”.

Alkateak esan du udalak gune batean bainatzeko eskaria egin duela, uste delako inguru horretan bainatzeak ez duela arriskurik suposatzen. Hala eta guztiz ere ingurua errespetatzeko beharra azpimarratu du eta esan du bainatzen direnak euren ardurapean egingo dutela.

Eskerrik asko G7 EZ! plataformari

Larunbateko manifestazioa ez da inola ere ekintza bakarra, baina bai jendetsuena.

Larunbateko manifestazioa ez da inola ere ekintza bakarra, baina bai jendetsuena.

Bukatu da Biarritzen G7ren goi-bilera, ezaugarri nagusi guztiz ohiz kanpoko militarizazio-maila izan duena. Kolore guztietako 20.000 polizia eta militarrek bene-benetako salbuespen-egoera sortu dute, eta, horrekin batera, irudi inpaktante bezain nardagarriak utzi dizkigute gogoan. Hala ere, (oroz gain baina ez bakarrik) larunbatean Hendaia eta Irun bitartean 15.000 lagun bildu zituen manifestzioaren bidez, “On est là, même si Macron ne le veut pas” adierazi ahal izan dugu, txaleko horiek kantatzen duten bezala. Hemen gaude, Macronek (eta beste hainbatek) nahi ez badu ere. Eta hori adierazi ahal izan dugu gehienbat G7 EZ! plataformari esker. Izan ere, plataforma horrek, zailtasunak zailtasun, marko bat eskaini digu G7ko agintariei beraien politikez zer iritzi dugun argi eta garbi esateko. Batzuek “normaltasuna nagusi” izan dela nabarmendu dute, mugimenduak murriztuak izatea eta poliziez inguratuta egotea gauza normalak balira bezala. Beste batzuek, aldiz, nahiago izan dute fribolizatu G7ren goi-bileak Euskal Herria kanpoan “ezagutarazteko” zabaltzen duen aukerarekin. Horien ifrentzuan, berriz, G7 EZ! plataformak lortu du bistaratzea hemen badela gizarte-zati garrantzitsu bat gauzak bestela ikusten dituena. Eskerrik asko, beraz.