Albistea

  • Globoekin berriro propaganda ez egiteko eskatu dio Eguzkik Euskadiko Kirol Portuak sozietate publikoari

    2019-09-22
    Plastikoen (kasu honetan globoen) eragin kartegarria agerian utzi duten irudiz beteta dago sarea.

    Plastikoen (kasu honetan globoen) eragin kartegarria agerian utzi duten irudiz beteta dago sarea.

    EKP (Euskadiko Kirol Portuak) sozietate publikoak helioz beteriko ehunka globo banatu zituen propaganda moduan Kontxako estropadetan. Esan gabe doa horietako askok, gehienek beharbada, itsasoan bukatu zutela. Izan ere, nazioarteko kanpainek dioten bezala, “globoak ez doaz zerura, itsasora baizik”.

    Egia esan, EKPren ekimen honek estropada-egunetan kontrako norabidean egiten du arraun, plastikoen presentzia masiboak itsasoko fauna eta ekosistemetan egiten dituen kalteak ikusita, alarma guztiak piztuta daudenean.

    Ez da edonoren ekimena izan, gainera, itsasoarekin zuzen-zuzenean zerikusia duen sozietate publiko baten ekimena baizik. Sozietate publiko horrek, gainera, honako kanpaina hau ere egiten du:

    Zaindu1Kartel horretan ez da globorik agertzen, ordea, beharbada globoak kanpaina osatzen duen honako beste kartel honetan egongo direlako:

    zaindu2“Herritarrok kontzientzia har dezagun”, irudian agertzen den arraina osatzeko erabili dituzten plastikoen artean egongo dira globoak, noski.

    Erresuma Batuan edo Australian globoak modu masiboan askatzea debekatuta dago. Eta ez kasualitatez. Marine Conservation Societyk eginiko ikerketa baten arabera, Erresuma Batuko hondartzetan globoak hirukoiztu egin dira azken hamabi urteotan. Gaur egun, 11,5 globo daude kilometroko.

    Euskal Herrian ere, zehatz-mehatz Gasteizen, 2016an helioz beteriko globoen debekua eskatu zen, ekosistemetan egiten duten kaltea saihesteko.

    Bestalde, ez da ahantzi behar Europar Batasunean erabilera bakarreko plastikoak (globoak erabilera bakarreko plastikoak dira) 2021etik aurrera debekatuta egongo direla. Parlamentua erabaki hau hartzera bultzatu duen Fréderique Ries eurodiputatuak honako hau adierazi du: “Debekuak ingurumen-kalteen faktura 22.000 milioi euroan murriztuko du”.

    Gauzak horrela, EKPri eskatu diogu hemendik aurrera globo edo erabilera bakarreko plastikoetan oinarritutako propaganda ez egiteko. Administrazioak beste inork baino gehiago etsenpluaren bidez predikatu behar du.

    EGUZKI, 2019ko iraila

    C4kgSJHVMAM9lG_ Captura

    Globoen kontrako hainbat kanpainaren adibideak.

    Globoen kontrako hainbat kanpainaren adibideak.