Albistea

  • Isurketa berri bat Oriara, Lasarten

    2020-08-16
    Lur-mingainean hainbat barbo hilik ikusten dira.

    Lur-mingainean hainbat barbo hilik ikusten dira.

    Isurketa berri  bat gertatu da Oria ibaian, Lasarte-Oria parean. Isurketaz ohartu da barbo (Barbus barbus) ale batzuk ibaian hilda ikusi dituen herritar bat, Hipodromoko zubia eta Michelingo kirol instalakuntzen artean.

    Isurketaren jatorria Uistin zeharbidetik isurtzen duen  hodi batean egon daitekeela uste dugu. Puntu horretan nabarmen ikusi dugu hodi horretatik hondakin-ura dirudiena isurtzen ari zela  eta ibaiaren emaria nahikoa txikia denez, ur zikin horiek ibaian barreiatu beharrean, ibai-bazterreko gune batean pilatuak zeudela. Arrainak inguru horretara hurbiltzean akabatu direlakoan gaude. Ikus bideoa:

    https://www.youtube.com/watch?v=m2oVPblNGyU&feature=youtu.be

    isurketa-lasartenOhi bezala, 112ra deitu dugu eta URAko ikuskaria bertan izan da.

    Gure susmoa zuzena bada, Lasarte-Oriak saneamenduan zuzendu beharreko akats bat izango litzateke isurketaren arrazoia, hondakin-ur horiek ibaira isuri beharrean kolektorera joan beharko bailukete, hortik ponpa-lekura eta handik Loiolako araztegira. Honako honek gai honetan erabili ohi dugun esaldia edo maxima baieztatu baino ez du egiten: “Obra batzuk beharrezkoa izaten dira baina sanemanedu-lanak ezinbestekoak dira”. Gauzak horrela, administrazioek inbertsioak egiteko garaian guk garbi dugu zein den lehentasunetako bat.

    Isurketa hau, hilabete honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ezagutzera eman ditugun beste sei isurketei gehitu behar zaio eta zoritxarrez uste dugu ez dela azkenekoa izango. Isurketa hauei buruzko informazio gehiago: http://eguzki.org/2020/08/15/isurketak-lur-ibai-eta-itsasoan/

    Beti bezala halako gertakarien berri izateko herritarren laguntza ezinbestekoa da eta horregatik ibaietara doan isurketa edo kutsadura iturriren bat ikusiz gero, 112 deitzea edo nahiago badute Eguzkiri (688662532) eskatzen diegu.

    Eguzki, 2020ko abuztuaren 15ean